Abiatu da euskararen historiari buruzko ikastaroa Altzon

Ataria 2024ko urtarrilaren 22a

Altzoko kultura batzordeak Galtzaundi euskara taldearekin batera antolatu duen ikastaroan 60 lagunek eman dute izena. Lehen saioan Borja Ariztimuño filologo tolosarra lekukotasunik gabeko garaiko hizkuntzaren ezaugarriez eta haiei antzemateko metodologiez aritu zen.

Larunbatean abiatu zen Euskararen historia izeneko ikastaroa Altzon. Herriko kultura batzordeak Galtzaundi euskara taldearekin batera antolatu du ikastaroa eta hamabostean behin izango dira saioak Batzarremuño kulturgunean. Lehen saioan Euskal Filologian doktorea den Borja Ariztimuñok eman zituen azalpenak. Jakin noiztik X. mendera izenburupean, lekukotasunik gabeko garaiko hizkuntzaren ezaugarriez aritu zen. Euskararen jatorriari buruzko mitoak eta hipotesiak izan zituen hizpide, baita hizkuntzak izan duen zabalkunde geografikoari eta ahaideei buruzkoak ere.

Hirugarren aldia da Altzoko kultura batzordeak gisa honetako ikastaroak antolatzen dituena, eta aurten, Galtzaundi euskara taldearekin batera prestatu du bost saioz osatutako programa. 60 pertsonek eman dute izena eta hurrengo saioa, otsailaren 3an izango dute. Blanca Urgellek Euskara, jalgi hadi kanpora, XI-XVIII. mendeak izenburupean emango du eskola.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!