Hiru urte Madrilen ikasten ibili ondoren, Julen Madariaga Murua (Altzo, 2002) berriz itzuli da bere jaioterrira. Sare sozialetan @mad.juls eta @julenoodle kontuen bidez ari da bere lanak ezagutarazten. Lehenengo horretan oso arte konplexu eta landua ikus daiteke, eta bigarrenean aldiz, lan dibertigarriago eta sinpleagoak. Biak dira bere estiloaren parte, Madariagak bere artea ez baitu mugatu nahi. Arropa ezberdinetarako hainbat ilustrazio egin baditu ere, abenduan ipini zituen bere obrak lehen aldiz salgai, Altzoko azokan, eta aurrerago azoka gehiagotara joatea gustatuko litzaioke. Gainera, Galtzakomik lehiaketan, 17 urtetik gorako atalean, lehen saria jaso berri du Nire Itsasoa lanarekin.
Zer da zehazki ilustrazioa, zerk egiten du bereizgarri?
Galdera hau oso ohikoa da, jende askok ez dauka argi zer den, eta nik uste dut guk geuk ere ez daukagula oso garbi. Gaur egun, nire ustetan, gauza askorekin gertatzen den bezala, ilustrazioaren mugak ez daude garbi. Ilustrazioa izatez, testu bati laguntzeko marrazki bat edo testu bat irudikatzeko marrazki bat da. Gaur egun, orain dela berrogei urte baino askoz lausoagoa da dena, lehen oso garbi bereizten zen zer zen ilustrazioa eta zer Arte Ederrak. Orain ilustrazio asko mezuei lotuta egiten dira, eta ez zertan testu baten osagarri. Bestalde, egun, artista handien marrazkiak arropa marka ezberdinetan ikus ditzakegu, une horietan, Arte Ederrek ilustrazioaren lekua hartzen dute. Horregatik diot, ilustrazioaren eta Arte Ederren muga ez dagoela garbi. Batzuetan bereiziko dira, eta beste hainbatetan, oso nahasita ikusten ditugu.
Eta orduan, zergatik ilustrazioa?
Nire iritziz, nolabait esatearren, ilustrazioak hankak lurrean ditu eta Arte Ederrek ez hainbeste. Ilustrazioa zehatzagoa da, errazagoa da ilustrazio batek zertarako balio duen ikustea. Horregatik jo nuen honetara, gai nintzelako nire inguruan, egunerokotasunean, ilustrazio mota ezberdinak aurkitzeko: liburuetan, iragarkietan, kamisetetan… leku guztietan daude. Zure etxean begira jarriz gero, ilustrazioz beteta dagoela ikusiko duzu. Arte Ederrena korapilatsuagoa iruditzen zait.
Hiru urte egon zara Madrilen, ikasten. Bertara joan baino lehen formakuntzaren bat jaso zenuen?
Lehen ez nintzen kontziente marrazten nuenean ilustrazio bat egiten ari nintzela, marrazkiak gustatzen zitzaizkidalako egiten nituen, besterik gabe. Herrian marrazketa klaseak egiten ziren guztietan bertara joaten nintzen, eta eskolan arte aukera zegoen guztietan artea aukeratzen nuen, baina ez nuen formakuntza gehiagorik jaso. Madrilera joan baino lehen nekiena nire kabuz ikasi nuen, eta egia esan, ikasten ari nintzenaz kontzientzia handirik izan gabe.
Beraz, ilustratzaile izateko dohain bat izatea beharrezkoa da ala ikasi daiteke?
Nik uste dut zerbait edukitze hori, dohaina baino gehiago, gogoa dela. Ikasteko behar duzun guztia gogoa eta pasioa da. Ez dut uste gaitasun batek edo marrazteko modu batek egingo zaituenik ilustratzaile. Pasioa eta gogoa behar dira.
Zuk sortutako hainbat ilustrazio ikus daitezke arropa ezberdinetan, hauen artean Yogurinha Borovarentzako kamisetak egin dituzu. Nolakoa izan da hartu-emana?
Egin ditudan proiektu guztiak laguntasunetik edo familien lagunetatik abiatutakoak izan dira. Ilustratzaile baten hasiera ez da erraza, ez dago kontratatuko zaituen enpresa bat, ikasten amaitu bezain pronto ez zara lanean hasiko. Orduan, ezagutzen duzun jendearengana jotzea da errazena, eta jendeak, bihotz onez, zugan konfiantza izaten du. Nik besteentzat egin ditudan lan guztiak, momentuz, horrelako elkarlanak izan dira. Batzuetan anonimoagoak izan dira lanak, nire izena ez da erabili arropetako ilustrazioak aurkezterako unean, beste batzuetan gehiago ikusarazi da nire izena.
Gustuko dituzu arropentzako ilustrazioak egitea?
Bai, lan hauek egiterakoan muga batzuk daude eta hori gustatzen zait. Muga baten barnean egin behar da lan arropa jantzi baterako marrazki bat egiterakoan, ezin da dena inprimatu edo dena estanpatu. Horren barruan jolastea polita iruditzen zait.
Instagramen bi kontu ezberdin dituzu, marrazteko bi estilo ezberdin ikus ditzakegu, kontu bakoitzak helburu ezberdina dauka?
Marrazteko era da ezberdina. @mad.juls kontuko marrazkiek askoz denbora gehiago eskatzen dute, marrazki bakar bat egiteko denbora asko behar dut. Ni ondo irudikatzen saiatu izan naiz beti kontu horren bidez, gogoeta sakonak egiten ditut eta ideia sakonak lantzen ditut. Horregatik sortu nuen ere @julenoodle, gehiegi pentsatu gabe marrazkiak egin eta horiek argitaratzeko leku bat nahi nuelako, ordubete batean eginiko marrazkiekin gustura sentitu eta geratzeko. Biak dira nire estiloaren parte.
@julenoodle sortu baino lehen nire estiloa errealistagoa zen, eta alde batera uzten nituen gustatzen zitzaizkidan marrazki mota asko: cartoon estiloa edo telebistako marrazki bizidunen estiloa. Horregatik, kontu horretan, estilo hori ikus daiteke. Hori ere gustatzen zaidanez eta hori egiteko gai naizenez sortu nuen kontua.
Baina ezberdinak dira @mad.juls eta @julenoodle?
Denok pertsona bera gara, ni naiz @mad.juls eta ni naiz @julenoodle. Ni definitzeko zera esango nuke: euskal gazte bat naiz, hemendik ateratzeko gogoa izan duena, baina aldi berean, bere jatorria asko maite duena. Nire artean horrekin jolasen dut. @mad.juls nire emozioen errepresentazio sakonago bat da eta @julenoodle nire zati inozente edo dibertigarriagoa. Baina biak dira Julen Madariaga Murua.
@julenoodleko estilorako marrazki bizidunetan inspiratu zara?
@julenoodle aurreko udaran sortu nuen, eta egia esan, horretarako, oso garrantzitsua izan da komikigileen lana. Madrileko irakasle batzuengandik jaso dut hori, eta emakume komikigile askoren lana jarraitzen dudalako ere. Emakume horiek beraien lana egiterakoan nondik datozen eta orain zein diren, horri ematen diote garrantzia. Marrazki sinple askorekin, sinple izanagatik, mezua oso ondo transmititzen da. Marrazki konplexuagoetan, ez beti, baina batzuetan, mezua ulertzea ez da hain erraza. Emakumeek egiten duten arteak asko inspiratzen nau.
Marrazki pertsonalak ikusten ditugu, zure bizitza pertsonalak eragiten dizu artea sortzerako unean?
Bai, batez ere, denbora gehiago eskaintzen diedan marrazki horietan. Gure lana bakar eta berezi egiten dutena bakoitzaren bizi pertsonala, pentsaera eta emozioak dira, horregatik, nik nire bizipenetatik asko jasotzen dut, eta hori antzeman daiteke. Bestalde, nire bizipenak marrazterako orduan, nire bizitza kudeatzen dut, eta hori egitea gustatzen zait. Askotan, gertatzen zaizkigun gauza asko gogorrak eta tristeak izan daitezke, baina horri bide artistiko bat bilatuz gero, arazo itsusi bati begizta polit bat jartzea dela iruditzen zait.
«Gure lana bakar eta berezi egiten dutena bakoitzaren bizi pertsonala, pentsaera eta emozioak dira»
Beraz, inspirazioa bilatu egiten da edo iritsi egiten da?
Bi gauzak gertatzen dira. Batzuetan bat-batean etortzen zaizu marrazki bat egiteko ideia edo barrutik sentitzen duzu zerbait marrazteko gogo bizia. Beste batzuetan, ez dakizu zer marraztu, eta une horietan zeure burua inspiratu behar duzu. Inspiratzeko gustatzen zaizkidan artisten obrak ikusten ditut eta pelikula, serie, liburu ezberdinak kontsumitzen ditut. Hori ere lanaren parte garrantzitsua da, burua inspiratuta mantentzea. Inspiratuta eta informatuta, emozioez gain, gauza objektibo edo arruntak marrazteko alosi izan daitezke eta. Orain adibidez, botanikaren inguruan ikasten ari naiz, beti interesatu zaidan zerbait da baina badakit ez dudala esfortzurik gabe ikasiko, liburuak eta informazioa bilatzen ari naiz eta ikasten.
«Lanaren parte garrantzitsua da burua inspiratuta mantentzea»
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Liburutegi batera joan eta nire marrazkiak aurkitzea gustatuko litzaidake. Liburuko azalak edo ipuin oso bateko marrazkiak nireak izatea nahiko nuke. Eta bestalde, edozeinek ez, baina ilustrazioaren inguruan dakien norbaitek nire lanak ikusi eta hori nik egindako lan bat dela bereizten jakitea gustatuko litzaidake. Honetaz ulertzen duen norbait nire lanak bereizteko gai izatea. Nire artea bereizgarri izatea nahiko nuke. Ez dut eremu zehatz batera mugatu nahi, baina kulturarekin lotura duten lanak egitea gustatuko litzaidake.
Zure obra ezberdinak lotzen dituen ezaugarririk ba al da?
Nire lanetan faktore garrantzitsu bat zera da: nostalgia. Nire bi sare sozialetako kontuetan hauteman daiteke nostalgia. Hau da, nire arte konplexuenean eta sinpleagoan, bietan, nostalgia zati garrantzitsu bat da. Beti gustatu zait atzera begiratzea, ez bertan harrapatuta nagoelako, baizik eta gai naizelako nondik natorren ikusteko, eta gustatzen zait. Gustatzen zaidalako egiten dizkiot omenaldiak nire jatorriari. Jatorria, familia, txikitan gustuko nituen gauzak… denak dira nostalgiaren parte. Orain dela urtebete gertatutako zerbait ere nostalgikoa izan daiteke. Marrazteak horiek kudeatzen laguntzen dit, momentu ez hain on batek barruan eragiten didan desegonkortasun hori ez badut lantzen, nirekin geratzen da denbora luzean. Tristura sortzen didanari buruzko marrazkiak egitean, denbora asko pasatzen dut neure buruan hori lantzen, horregatik, marrazkia amaitzerako neure burutik desegonkortasun hori guztia joan egiten da. Ez dut nirekin gordetzen tristura, marrazki horretan dagoela eta joan dela ikusten dut.
«Gustatzen zaidalako egiten dizkiot omenaldiak nire jatorriari»
Baina nostalgia beti ez da tristea.
Noizbait izan daiteke tristea, baina mota guztietako nostalgia erabiltzen dut. Nire ustetan, ez dakit zergatik, baina gure belaunaldiaren ezaugarri oso garrantzitsu bat da nostalgia; entzuten dugun musikan, kontsumitzen dugun gauzetan, beti dago nostalgia puntu bat. Herri txiki batean jaiotzeak, Altzon jaiotzeak, gauza on asko eman dizkit, baina hemendik ateratzeko beharra izan dut ere. Madrilera joaterakoan, hemen sentitzen nituen oztopo asko gainditu ditut. Hara joan eta hiru urte hauetan nahi dudana izan naiz, nahi dudana adierazteko gai izan naiz, eta nire artea sortzeko kontraste oso interesgarri bat lortu dudala iruditzen zait. Nondik natorren, nora joan naizen eta orain zein naizen, gauza horien guztien nahasketa da nire artea.
Zeure lanak salgai jartzeko ideiarik duzu?
Momentuz ez dauzkat salgai jarrita, agian etorkizunean egingo dudan zerbait da. Ez da egin dudan zerbait baina edozeinek nire lanen bat nahiko balu, proposamenak jasotzeko prest nago. Abenduan, Altzon egin zen azokan nire obra batzuk jarri nituen salgai, eta nire asmoa azoka ezberdinetara joaten hastea da. Noizbait erakusketak egiteko espazio bat lortzea ere gustatuko litzaidake. Bestalde, eskariak jasotzeko prest nago, normalean jendeak nahiago izaten du beraiek proposatutako marrazki bat erosi nik lehenago egin dudan marrazki bat erosi baino. Horretarako, nire sare sozialen bidez kontaktatu dezake nahi duen edonork, Instagram bidez, edo bestela, horretarako helbide elektroniko bat ere badut.
Ikasten jarraitzeko asmoa duzu?
Azkenaldian diseinu grafikoarekin zerikusia duen zerbait ikasteko asmotan nabil. Nire artea mundu komertzialera nola aplikatu jakiteko batez ere; edo hobeto esanda, nire arteari funtzionamendu onena edo optimoena ateratzen ikasteko.