ELKARRIZKETA

«Beti ekarri izan dut gogora Altzon ikasi nuela euskaraz»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 3a, 07:59
Karmen Murua eta Eduardo Gaviña 'Yogurinha Borova' Altzoko Berakoetxea baserriaren atarian. A. ARROYO

Euskara ikasteko hilabeteko egonaldia egin zuen Eduardo Gaviñak Altzoko Berakoetxea baserrian; gaur egun, Yogurinha Borova ezizenarekin ezagutzen du jendeak. Karmen Murua eta bere sendia euskaran bidelagun izan ditu.

Urtez urte, hamar bat lagunek egin dute euskara ikasteko egonaldia Altzoko Berakoetxea baserrian. 1990eko uztailean iritsi zen bertara Eduardo Gaviña (Laudio, Araba, 1969), eta hilabetez egon zen bertan. Gerora jendaurrean aritu da lanean: telebistan, irratian eta abestiak ere osatu ditu. Ezizenez ezagutzen du, oro har, jendeak: Yogurinha Borova. Berakoetxea baserrikoa da Karmen Murua (Altzo, 1965) eta kontatu du bertatik pasatako guztiekin ez dutela harremana mantentzerik izan. Gaviñarekin mantendu zuten, galdu ere bai; eta, geroago, baita berreskuratu ere. Hiru hamarkada baino gehiagoren ondoren, baserri berean elkartu dira oroitzapenei hautsak astintzera.



Oroitzen al dituzue egonaldiko lehen egunak?

Eduardo Gaviña: Autobusez etorri nintzen; hasieran beteta zegoen, baina azken kilometroetan ni bakarrik geratu nintzen autobusean [barrez]; gidaria eta biok bakarrik. Iristen ari nintzela gogoan dut botaka egin nuela. Ikaragarri urduri jarri nintzen pentsatuz ea nora ote nentorren, nolakoak izango ote zineten... Uste dut Alegiara etorri zinetela nire bila, eta kotxez igo ninduzuela Altzora.

 

Eduardo Gaviña: «Iristen ari nintzela gogoan dut botaka egin nuela. Ikaragarri urduri jarri nintzen pentsatuz ea nora ote nentorren[...]»



Karmen Murua: Egun bat pasata, zure amak deitu zuen ea ondo ote zeunden galdetuz. Ordura arte ez omen zinen sekula etxetik atera eta nola ote zeunden jakin nahi zuen. Kezkatuta deitu zuen [barrez].

Gaviña: Beldur puntu hori banuen, baina dena oso-oso ondo atera zen. Nik auzotik eta herritik atera nahi nuen, eta euskara ikastea aitzakia perfektua izan zen. Hasieran amak ezezkoa eman zidan: ea norengana joango ote nintzen, zein familiara iritsiko nintzen...

Hasieran ez zenekien Altzora joango zinenik, ezta?

Gaviña: Egun batetik bestera deitu zidaten esanez Altzoko baserri batera joatea egokitu zitzaidala. Eta nik pentsatu nuen: «Altzo? Hori non ote dago? Nafarroako herriren bat ote da?»[barrez].

Murua: Berak ez zekien ezer [barrez]. Altzora etorri behar zuela bakarrik zekien, hortik aurrera zer aurkituko ote zuen ideiarik ere ez; izatez, baserriaren izena bakarrik zekien.

Nolakoa izan zen elkarbizitza hilabete horretan?

Murua: Eduardo ez zegoen derrigortuta lan egitera. Konpromisoa izan behar zuen egunerokotasunean etxean laguntzeko; ez, ordea, lanean aritzeko. Baina, esan beharra dago, lan asko egin zuela. Udan, gainera, lan pila bat izaten: baserrian, soroan... Eta gurekin batera etortzen zen lanera. Gero festara ere bai [barre txikiarekin].

 

Karmen Murua: «Gurekin batera etortzen zen lanera. Gero festara ere bai [barre txikiarekin]»



Gaviña: Oiloen kakak garbitzen aritu nintzela gogoratzen dut [barrez]. Kalekumea izateko nahiko ondo moldatzen nintzela esaten zenidaten!

Baserrian bat gehiago izan zen, beraz.

Murua: Jende asko bizi ginen momentu hartan hemen: bost anai-arreba, osaba bat, amona eta ama. Zortzi senide, guztira; eta bederatzigarrena bera [Gaviñari keinu eginez], mahaia osatzeko.

Gaviña: Gogoan dut, hasieran, ez nuela ezer ulertzen zuen artean hitz egiten zenutenean; begiratu bakarrik egiten nuen! Bikingoak zinetela iruditzen zitzaidan [barrez]. Behin Ferminek esan zidan «seittun, seittun» eta bi egun pasa nituen hark zer esan nahi ote zuen asmatu nahian... Segituan! [Algaraka]. Oso-oso biziak ziren elkarrizketak. Nik jan eta begiratu besterik ez nuen egiten.

 

Eduardo Gaviña: «Hasieran, ez nuen ezer ulertzen zuen artean hitz egiten zenutenean»



Murua: [Barrez] Gauza asko elkartzen ziren hor: hitz egiteko modua, abiadura... Eta baita elkarrizketaren gaia ere.

Gaviña: Oso-oso oroitzapen politak ditut. Oso gustura egon nintzen, eta esango nuke nahiko ondo moldatu nintzela zuekin. Lanak egiten nituen, eta beti otordu onak egiten genituen [barrez].

Egunerokoa dezente aldatuko zen Laudiotik Altzora, ezta?

Gaviña: Dena aldatu zen. Hizkuntzatik hasi, eta baita gainerako guztia ere. Baina nik ikasi nahi nuen; euskara betidanik asko maite izan dut, eta gogo handia nuen hobetzeko. Beharra sentitzen nuen. Gerora beti ekarri izan dut gogora Altzon ikasi nuela euskaraz.

Aurretik EGA atera nuen, baina garai hartan errazagoa zen titulua eskuratzea; gerora asko zorroztu da. Orduan maila banuen, baina orain ez dakit gai izango ote nintzatekeen. Gaur egun nire lana jarraitzen duen asko harritu egingo da —hemendik kanpo asko jarraitzen bainaute— , baina euskarari betidanik eman nahi izan diot balioa, nahiz eta nire maila onena ez izan.



Beraz, ziurtagiria izanagatik hobetzeko beharra sentitu zenuen.

Gaviña: Hori da. EGA atera nuen maila izateko, eta garai hartan IVEF [Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea (SHEE)] ikasi nahi nuelako, eta horretarako baldintza zelako. Bi urtez saiatu nintzen, eta ez nituen probak gainditu. Baina horrez gain, garbi nuen nik euskaraz jakin nahi nuela. Bihotzez maite dut euskara eta ez da, inondik inora, itxurakeria edo marketin estrategia. Betidanik maite izan dut euskara, eta betidanik izan diet inbidia euskaraz hitz egiten zutenei. Familiakoek gehiago bultzatu ninduten ingelesa ikastera, baina nik argi nuen euskara ikasi nahi nuela. Ingelesa ere bai, baina aurretik euskara.

Eta egonaldiak horretarako balio izan al zuen?

Gaviña: Zalantzarik gabe, bai. Orain sentitzen dudana da, nahiz eta nire euskara onena ez izan, jendeak aitortzen didala ahalegin hori eta balioa ematen diola. Ezagutzen nautenek badakite benetakoa dela interes hori. Eta zer esanik ez, hemengo egonaldiak balio izan zuen benetan ezagutzeko euskararen aberastasuna. Euskara batua ikasi nuen, eta hortik ateratzen zen edozer asko kostatzen zitzaidan ulertzea. Hemen egon ondoren gehixeago, behintzat, ulertzen nuen; eta asko hobetu nituen ulermena eta hitz egiteko jarioa.

Gogoan dut, hala ere, saiatu nintzela abestiak euskaraz egiten eta, hasieran, jendeak ez zuen nahi, ez zidaten kasurik egiten; aitzakiak jartzen zizkidaten. Diskoetxearekin lanean hasi nintzenean galdetu zidaten ea prest ote nengoen euskaraz abestiak egiteko, eta ez nuen bitan pentsatu: «Noski baietz! Zer egin behar dut?». Argi nuen egin nahi nuela. Nire abestietan ere akatsak daude tonuan, ahoskeran... Baina, behintzat, saiatzen naiz euskaraz egiten. Eta oraindik ere inbidia ematen didate euskaraz ondo eta garbi hitz egiteko erraztasuna dutenek.



Duela gutxi Jon Maiarekin egin dut Karrantzari buruzko abesti bat: Muturbeltz mundura. Flamenko tankerako doinua du, eta tonuaren inguruan galdetu nion Jon Maiari ea aldatu behar nuen, baina ez zuen aldatzea nahi.

Murua: Saiatu egiten zara, eta hori goratu behar da. Zure izaeraren parte da, eta horretaz ez duzu lotsatu behar. Euskaldun berriekin izaten da kontu bat: hainbatek ez du ondo hartzen horrela izendatzea. Baina euskaldun berri izateak ez du esan nahi haren hizkuntza ez denik euskaldun zahar batena bezain aberatsa edo zuzena. Izatez, iruditzen zait hiztun berriek meritu handiagoa dutela. Euskaldun zaharrok sehaskatik jaso dugu hizkuntza, eta ez da ahalegin bat guretzat. Baina hiztun berriek benetako esfortzua egin behar izan dute euskara ikasteko, eta hori nabarmendu egin behar da; balioa eman behar zaio. Eta ikasteko gogoz dagoenari laguntzea plazer izugarria da.

Nolatan erabaki zenuten etxean euskara ikasi nahi zuten pertsonak hartzea?

Murua: Garai hartan ez nuen nik erabaki, oso gaztea nintzen-eta. Baina nik uste bazegoela, batetik, hizkuntzarekiko sentsibilitate bat, eta ikusten zuten premia zegoela euskara ikasi nahi zutenei laguntza hori eskaintzeko. Eta, bestetik, etxe hau beti izan da kanpoko jendea hartzeko oso irekia. Ez dugu izan beste zenbait familiek izan duten erreparo hori edo, azkenean, kanpoko jendea hartzen duzu, ez dakizu zein etorriko den, zein ohitura izango dituen... Alde horretatik irekiak izan gara: jende asko pasa da etxe honetatik. Gainera, etortzen zen pertsona horrek etxeko lanetan ere laguntzen zuen, beste esku bat zen; eta horrek ere ematen zion balioa esperientziari.

Dena dela, Altzon beste baserri batzuetan ere izan zuten jendea euskara ikasten. Sasoi batean lau etxetan-edo jasoko zuten jendea: Ipintzan, Zuaznabarren, Saroben eta hemen.

Gaur egun zentzurik izango luke ekimenak?

Murua: Nik uste baietz. Batez ere hizkuntza batean sakondu nahi baduzu.

Gaviña: Benetan baliagarria da hizkuntza bat eta haren errealitate ezberdinak ezagutzeko. Hiztun berriok batua ikasten dugu, eta bat-batean konturatzen gara zein aberatsa den hizkuntza eta zein erraztasunez egin daitekeen. Horrelako esperientziekin jabetzen gara benetan posible dela hizkuntza horretan bizitzea.

 

Eduardo Gaviña: «Horrelako esperientziekin jabetzen gara benetan posible dela euskaraz bizitzea»

 


Murua: Hori da, ikustea egunerokotasunean moldatu zaitezkeela hizkuntza horretan.

Gaviña: Eta hori oso garrantzitsua da.

Murua: Nik aukera izanez gero, hartuko nuke jendea, zalantzarik gabe. Beti dago kezka puntu bat, kanpotik datorren hori beti nahi duzu gustura egotea eta eroso sentitzea. Eta beti, agian, ez da horren erraza pertsona horiekin konektatzea. Zu ahalegindu zaitezke, baina berak ere jarri behar du bere aldetik.

Zuek ez zenuten arazorik izan alde horretatik, eta gerora ere mantendu duzue harremana.

Murua: Hainbat urtez mantendu genuen, bai.

Gaviña: Karmeni esker, benetan. Urtero-urtero bidaltzen zizkidan gutunak.

Murua: Hasieran, Gabonetan idazten genizkion gutunak elkarri; bagenuen ohitura hori.

Gaviña: Berak egiten zuen; nik, egia esan, ez nuen asko zaindu hori. Lehen urteetan erantzuten nuen, baina gero ez nuen zaindu.

Murua: Urte batzuetan kontaktua galduta egon ginen eta gero bat-batean, telebistan ateratzen hasi zen. Eta esan genuen: «Hara! Hori Eduardo da-eta!»[barrez].

Gaviña: Hemengo egonaldia hartan trabesti izatearena ez nuen buruan ere. Harritu egingo zineten, ezta? [barrez]

Murua: Egia esan, bai. Pixka bat harritu ginen. Eta, gero, handik urte batzuetara sare sozialen bitartez gure lehengusinaren alabak idatzi zizun.

Gaviña: Egia da!

Murua: Eta hortik hasi ginen berriro elkarren berri izaten: bata besteari telefono zenbakia ematen, Whatsappa...

Gaviña: Urte askotan neure burua bilatzen aritu naiz... Eta ez nion denborarik eskaini honi.

Murua: Gerora Yogurinha pertsonaia joan da bide bat egiten, eta telebistan agertzen zinenean edo irratian elkarrizketatzen zintuztenean beti hor egoten ginen adi-adi. Afrikako reality show hura ere ikusi genuen [barrez].

Gaviña: Hori ere ikaragarria izan zen.

Egonaldi hartako anekdotarik ere izango duzue.

Gaviña: Justu bukaeran Altzoko jaiak ziren, eta lasterketa bat egon zen. Binaka zen lasterketa eta gogoan dut alkatearekin egokitu zitzaidala niri. Erreleboka zen, eta lehenengo berak egin zuen korrika: azkena geratu zen propio, arretarik ez bereganatzeko. Bada, lekukoa eman zidanean ziztu bizian atera nintzen, pixkanaka guztiak aurreratu eta irabazi egin nuen [barrez]. Garai hartan IVEFeko probak prestatzen ari nintzen eta fisikoki oso momentu onean nengoen. Gogoan dut alkatea niri begira geratu zela harrituta.

Murua: Egia da, atleta hutsa zinen! Beste kontu polit bat izan zen hemen zeunden bitartean izan zinela osaba. Gogoan dut asko poztu zinela berria jakitean.

Gaviña: Arrazoi duzu bai!

Murua: Txindokira joan ginen beste egun batean, eta argazkiak ere atera zenizkigun.

Gaviña: Egia da, egia da! Oso oroitzapen politak ditut egun hartakoak ere. Amona Mariarekin ere badut argazkiren bat... Harekin kotxearen atzealdean jartzen nintzen eserita, eta orduak pasatzen genituen hizketan. Meza ere entzuten genuen! Arrosarioa entzuten zuen irratian eta hortxe egoten ginen biak batera: bera errezatzen eta ni ondoan. Pentsa, nik ordura arte ez nuen mezarik euskaraz entzun inoiz. Flipatu egiten nuen [barrez]. Amona oso berezia zen; Bilbon jaiotakoa zen hura, ezta?

Murua: Amonaren izaera markatuta zegoen horregatik: Bilbon jaio izanagatik. Hamar edo hamaika urterekin etorri zen Altzora, eta berak hori oso barruan zuen. Gure amonak jendea euskara ikastera etortzen zenean, batzuei euskaraz egiten zien, eta beste batzuei, berriz, erdaraz [barrez]. Esaten genion: «Amona, euskara ikastera etorri direla!».

Iritsi aurretik aurreiritzirik ba al zenuen?

Gaviña: Banekien oso ezberdina izango zela, baina topatuko nuena onartzeko prest etorri nintzen. Nire familia hirikoa izan da, eta etxean ez genuen kulturaren inguruko atxikimendu handirik. Kaletarrak ginen, nahiz eta nire ama baserri batean bizitakoa izan. Gure etxean erreferenteak beti modernoak edo ziren: Bilbo hobea zen Laudio baino, ingelesa hobea euskara baino... Gerora aldatu da hori, baina garai hartan aurrerapena beste balio batzuekin lotzen zen. Niri berriz, hemengo kultura, tradizioa... oso ikusgarriak iruditu zitzaizkidan. Oso esperientzia potentea eta polita izan zen. Begira non gauden orain, hainbeste urteren ondoren.



Euskararekin eta Euskal Herriarekin beti izan dut maitasun hori, eta txikitatik ematen zidaten inbidia euskaraz aritzen ziren umeek. Ikusten nuen haiek egiten zutela, eta nik ez. Neure buruari galdetzen nion: «Eta nik zergatik ez?». Ez nuen ulertzen. Gurasoak ere ez ziren inoiz bereziki euskaltzaleak izan. Baina ni, zorionez edo, nahiko burugogorra nintzen, eta begira orain.



Murua: Hausnartzeko aukera ere ematen du horrek... Batzuetan lan ikaragarria egiten da jendea sentsibilizatzeko; eta, askotan, ez da lortzen. Eta beste batzuei, berriz, euren kasa sortzen zaie hori. Beraz, zein ote da gakoa?

Gaviña: Nik orain sentitzen dudana da asko hartzen nautela kontuan. Euskalgintzako hainbat eragilek deitu izan didate elkarlanerako: Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak... Balioa ematen diote nire ahalegin horri, nahiz eta gero nire euskara ez den onena.

Murua: Hor garrantzitsua da esatea erreferente ezberdinak ere behar direla; eta zu horretarako gakoa zara. Euskaldun topikotik kanpo zaude. Euskalduna ez da mugatzen baserri edo landa ingurura, eta hori nabarmentzea garrantzitsua da. Euskara ez baita bakarrik baserriko hizkuntza, kulturakoa da, unibertsitatekoa, kalekoa... LGTBIQ+ kolektiboarena ere bai. Denek hitz egin dezakete, eta dena egin daiteke euskaraz.

Gaviña: Jon Maiak aipatu zigun bere azken urteetako proiektuan badagoela abesti bat seiehun urte dituena. Harrigarria da nola pasa diren urteak eta urteak, goseteak, gerrateak... Baina abesti horrek iraun egin du. Horrek ere zerbait esan nahi du, badaukagu irauteko indar hori. Herri honek baditu indarra eta ausardia.

Murua: Eta beti borrokan; irauten, baina borrokan.

Gaviña: Borrokan, bai; baina lortuko dugu. Burugogorra izan behar da, gero, abesti batek seiehun urte iraun ditzan.

Murua: Orain galtzen ari garena da ahozko transmisioa. Kulturan eta herriaren izatean oso garrantzitsua da, eta hori galtzen ari da. Egoera, egia esan, kezkagarria da.

Gaur egun euskaraz aritzen zara?

Gaviña: Saiatzen naiz ahalik eta gehien egiten, baina ez da erraza. Lanean etengabe saiatzen naiz, baina oso zaila da. Nire ingurua erdalduna da, orokorrean. Batzuetan lankideek euskaraz jakinda ere, gaztelerara jotzen dugu, erraztasunagatik.

Murua: Jarrera kontua ere bada. Zuk euskaraz egiten badiozu norbaiti, aukera gehiago izango dituzu bueltan ere euskara jasotzeko. Eta kontrara, erdaraz eginez gero, erdara jasoko duzu bueltan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!