«Herria denon artean egiten dugu»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko urr. 11a, 07:57

Xabier Olano (1959, Altzo) aurretik ere izan da Altzoko alkate, hain zuzen, 1987tik 1991era. Haren hitzetan,  «asko aldatu dira gauzak» ordutik, baina egun antzekoa da «herrigintzarako gogoa». Etorkizunera begira, gazteek etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak kezkatzen du.

Aurretik ere izan zinen Altzoko alkate.

Urte batzuk gainean baditugunok herrigintzako eta Altzoko egoera oso ezberdinak ezagutu ditugu. Duela berrogei urte izan nintzen alkate. Ordutik asko aldatu dira gauzak: herria aldatu da, gizartea aldatu da, gu aldatu gara... Baina sakonean bai orduan, bai orain, antzekoak dira herrigintzarako daukagun gogoa, konpromisoa eta herria guk osatzen dugunaren sentimendua.

Nola joan dira agintaldiko lehen asteak?

Ondo joan dira. Hauteskundeak maiatzean izan ziren, ekainean udala osatu.. Berehala uda eta festak etorri ziren... Ondo. Oso talde orekatua eta polita daukagu. Aspaldiko partez gazteak ere bai: 25 urte baino gazteagoak dira bi kide. Horrez gain, heldu batzuk ere bagaude... Martxa politean hasi gara, giro onean; eta denok talde berekoak izateak ere gauzak errazten ditu.

Maila pertsonalean nola sentitzen zara?

Gogotsu eta konbentzituta. Badakit halako ardurarik gabe erosoago biziko nintzatekeela. Baina batzuren helburua ez da inoiz izan bizitza erosoa, baizik eta herriarentzat ahalik eta onena egiten saiatzea eta, alde horretatik konpromisoa da, lotura da, denbora gutxiago da... Baina, hala ere, gogotsu eta konbentzimendu osoz.

Zein proiektu dituzue buruan datorren agintaldirako?

Proiektu eta gauza asko ditugu, baina batzuk labur aipatzeko: oraintxe hasita daude, eta datozen hilabeteetan garatuko da Altzoazpiko minak, garai batean hondatutako lurrak berreskuratzeko proiektua. Europako funtsetatik lortu dugu diru laguntza eta 600.000 euro edo gastatuko ditugu lur horiek berreskuratzen; Udalari ez zaio ezer kostatuko: dena Europatik eta Jaurlaritzak jarriko dute. Hori da proiektu izarra edo diru kopuruari dagokionez; bai, behintzat, garestiena.

Energiarekin ere buru belarri sartzera goaz, eta atzo hasi ziren herriko frontoiaren teilatuan eguzki plakak jartzen. Hortik ateratzen dugun eguzki energia aprobetxatuko dugu herrian zehar ostatuarentzat, elkartearentzat eta baita nahi duten herritarrentzat ere. Beraz, energiarena da beste apustu garrantzitsuenetako bat.

Hirugarrena, berriz, gazteak eta etxebizitzak dira. Altzok betidanik izan du joera handia herriko gazteak, ahal badute behintzat, herrian bizitzen geratzeko eta haien bizitza proiektuak herrian garatzeko; bada, horretan saiatzen ari gara orain ere. Legealdi honetan berriro plan orokorra berritzea eskatuko digu eta planifikatu beharko dugu nolako herria eduki nahi dugun sei, zortzi edo hamar urte barru.

Zein zailtasun aurreikusten dituzue?

Zailtasunak batez ere izango dira aipatu dudan azken horretan. Gaur egun gazteek ez daukate batere erraza etxebizitza lortzea eta bizitza proiektua garatzea. Batetik lan asko hala-nolakoak direlako, eta bestetik, etxebizitzen prezioak eta alokairu aukerak neurriz kanpokoak direlako. Alde horretatik zailtasunak izango ditugu, baina orokorrak, nolabait merkatuak orokorrean jartzen dituenak. Altzon bertan oraingoz ez dugu inolako erresistentziarik aurreikusten, eta oso herri giro polita daukagu. Ez dut uste herrian bertan zailtasun handirik sortuko denik.

Momentu honetan zer duzue esku artean?

Aipatu ditudan horiek, bat hasita dago duela hamabost egunetatik eta datozen hiru hilabeteetan garatuko da; minetako kontu hori. Eta eguzki plakena hain zuzen atzo hasi ziren. Hori berehalakoa izango da. Eta bestea, ez du aparteko garrantziarik baina bai berreskuratzen dugu eta aipatu zein eskertu nahi dut auzolanerako deialdia egina daukagula larunbat honetarako, orain dela hamabost bat egun egin genuen deialdia, eta larunbatean, daoeneko jendeak eman du izena, eta elkartuko gara hamabost-hogei bat lagun, eta joango gara Altzoko herri-bideak, mendi-bideak garbitzera. Horrek ez du aurrekontuetan eragin handirik, baina herri giroa sortzeko eta oso baliagarria izaten da. Batetik denon artean auzolana elkarlana delako, herrigintzan egitem den lana delako. Eta bestetik, lana egin odnroen nolabaiteko atsedenalditxo bat, bazkaritxo bat egiten dugu eta hor ere ateratzen dira ideia mordo bat,... komunitatea sortzeko, herri girorako oso ekimen politak dira.

Auzolanarekin goizean goiz geldituko gara, eta hainbat herritarrek euren tresna propioak ere ekarriko dituzte.. eta udalaren aldetik berrikuntza da aseguru bat egiten zaiela lanera joango direnei, gerta litekeen edozein gauzatarako. Beraz, horregatik eman behar da izena aurrez. Egunean bertan, gutxienez, istripu aseguru bat edukitzeko.

Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen gairik?

Bai, herri hauek historikoki nekazaritza herriak izan dira batez ere. Duela 50 urte altzotarren erdiak baserritik eta nekazaritzatik bizi ziren. Gaur egun, zoritxarrez, hori gainbeheran dago nabarmen. Altzon oraindik baditugu bizpahiru baserri, zeinak oso ondo prestatuta dauden oso txukun dabiltzan ekoizpen ekologikoan-eta. Baina geroz eta gutxiago dira, eta kezkatzen nau lehen sektorearen etorkizunak eta horrek zein eragin izango duen elikadura burujabetzan, jaten dugun horretan... Bertako jogurtei eta tomateei kasurik ez diegu egiten, eta ari gara ekartzen ez dakit nondik. Ez da Altzoko arazo konkretua, baina kezka sortzen digu.

Zer eskatuko zenieke herritarrei?

Ezer berezirik ez. Herritarrak sentitzea eta herria denon artean egiten dugula jabetzea. Herria ez du alkateak egiten, herria ez dute zinegotziek egiten... Herria herritar guztion artean osatzen dugu. Eta denok egin beharko genuke gure ahalegintxoa, bakoitzak nahi duen lekutik: batek eskolatik egingo du, bestea guraso elkartetik ariko da, beste bat kirol elkartetik... Bakoitza nahi duen lekuan, baina herria denon artean egiten dugu.

Erlazionatuak

Xabier Olano, Altzoko alkatea

Aitor Arroyo Askarai 2023 urr 11 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!