Bisita gidatua, Altzoko Handiaren istorioa ezagutzeko

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 5a, 16:00

Uztailaren 16an egingo dute bisita gidatua, Altzon barrena; aurrez izena eman beharko da eta egunean bertan hiru euro ordaindu beharko dira.

Altzoko Udalak bisita gidatu bat antolatu du herritar guztiei zuzenduta, uztailaren 16rako. Migel Joakin Eleizegi Ateagaren, Altzoko Handiaren bizitza ezagutzeko eta harekin lotutako hainbat leku esanguratsu ikusteko aukera izango du bertaratzen denak, gidari aditu baten eskutik.  

Hitzordua 10:30erako egin dute. Bisita Altzo Muñoko Batzarremuño kultur etxean hasiko da, dokumental labur bat ikusiz, eta ondoren, erakustokia bisitatuko da. Jarraian, ibilaldi zirkular bati ekingo zaio, Altzoko Handiaren bizitzan esanguratsuak izan ziren hainbat leku ezagutuz: bere jaiotetxea den Ipintza baserria, Altzo azpiko eliza, hilerria eta bere omenez egindako monumentua, besteak beste. 

Guztira, bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du saioak. Udalekoek esan dutenez, adin guztietakoek har dezakete parte, baina hori bai, «landa ingurunetik ibilaldiak egiteko gutxieneko ohitura» izatea eskatu dute eta oinetako zein jantzi egokiak eramateko. Bisita euskaraz izango da eta aurrez eman beharko da izena.

Parte hartzaile bakoitzak egunean bertan hiru euro ordaindu beharko ditu. Erreserbak honako hiru leku eta telefonotan egin daitezke: bisita zerbitzua (943 67 02 49), Altzoko Udala (943 65 24 13) eta Altzoko Ostatua (943 65 22 62). 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!