Udalerri euskaldunetako kultura teknikariak eta sortzaileak elkartu ditu Lanarteak, Altzon

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 21a, 21:59

Pasa den ostiralean, Altzon, udalerri euskaldunetako kultura teknikariak eta sortzaileak elkartu zituen Lanarteak, euskaren langile profesionalen elkarteak, Uemaren laguntzarekin. Lehen topaketa izan zen, baina aurrera begira sor daitezkeen ekimenen abiapuntua eta ernamuina izan zelakoan amaitu zuten parte-hartzaileek.

Euskararen langile profesionalen elkartea da Lanartea, eta badira zenbait hilabete Uemarekin lehen aldiz biltzen eta bidea egiten hasi zenetik. Izan ere, datu soziolinguistikoek erakusten duten moduan, gaur egun udalerri euskaldunetan ekoizten da euskararen erdia eta, beraz, Uemarentzat zein Lanartearentzat garrantzitsua da euskal sortzaileek udalerri euskaldunetan presentzia izatea eta sortzaileen zein kultur teknikarien artean zubiak eraikitzea. Batetik, elkarren berri izateko. Bestetik, baita batzuen eta besteen beharrak ezagutzeko eta ahal den heinean horiei erantzuteko ere.

Uemak udalei deialdia eginda, pasa den ostiralean, Altzon elkartu ziren hainbat udalerri euskaldunetako kultura teknikariak, sortzaileekin eta Lanarteako ordezkariekin. Zehazki, Tolosa, Alkiza, Anoeta, Irura, Zaldibia, Hernani, Amasa-Villabona, Zarautz, Getaria, Zumaia, Azpeitia eta Usurbilgo kultura teknikariek hartu zuten parte topaketan, Miel Anjel Elustondo eta Koldo Izagirre idazleekin, Iker Atxa Eusko Ikaskuntzako proiektuen arduradunarekin, Maialen Akizu Eusko Ikaskuntzako ‘Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak’ proiektuaren ikertzailearekin, Amagoia Gurrutxaga Lanartea elkarteko koordinatzailearekin eta Uemako ordezkariekin batera.

Sortzaileentzat kultura teknikariak dira askotan administrazioaren aurpegia, eta elkar ezagutzeko eta entzuteko beharra sumatuta antolatu zuen topaketa Lanarteak. Lehen aldia zenez, Gipuzkoako eta Nafarroako udalerri euskaldunetako kultura teknikariei deialdia helarazi zien UEMAk, eta izena eman zutenentzat goiz osoko saioa antolatu zuen Lanarteak.

Sortzaileen izenean, hasieran Miel Anjel Elustondo idazleak aletu zituen udalekin eta teknikariekin batean eta bestean izandako harremanaren ingurukoak. Fakturak egiteko moduak, zergak, salbuespenak, askotariko irizpideak, korapiloak, buruhausteak, Ticket Bai eta beste hainbat kontu izan zituen hizpide, askotan hitzaldia, aurkezpena edo dagokiona prestatzea baino lan nekezagoa burokrazia-kontuek dakartela nabarmenduz: «Askok aholkularitzetara jotzen dute, baina haiek ere ez dakite. Askotan, teknikariek ere ez». Egoera esaldi gordin batekin laburtu zuen: «Saltsa gizen hau ezin dugu irentsi. Ezin dugu horrela bizi. Eta horrek sortzaile gazte asko ito egiten ditu».

Ondoren Azpeitiko Kulturaz Kooperatibako kide Aitor Bengoetxea aritu zen hizlari, eta Azpeitian sormena eta kultura herria aldatzeko bitartekoa nola bihurtu duten azaldu zuen. Hiru oin dituen aulkiaz hitz egin zuen: sortzaileak, egiturak eta hartzaileak. Garai batean administrazioaren eta sortzaileen artean zegoen tentsioa iraultzen ahalegindu zirela aipatu zuen. Horrela sortu zutela Kultur Mahaia, eta horrek harremanak eta moduak aldatzen lagundu zuela: «Egiteko moduak aldatu genituenean herria aldatu zen. Kultura egiteko modua aldatu zen, eta horrek herria ere aldatu zuen». Kultur Mahaiak, nolabait, udalaren bulegoan zegoen botere ardatza mugitzea ekarri zuela aipatu zuen, botere ardatza sortzaileek eta hartzaileek ere lekua zuten beste leku batera mugituz. Horrek guztiak dakarren iraultza aipatuta, gure produktuak eta ekoizleak zaintzen ahalegintzen garen modu berean, sortzaileak eta kultura zaintzen ere bidea egin daitekeela eta egin behar dela nabarmendu zuen. «Posible da. Mesfidantza gaindituta. Batera urrunago iritsi gaitezke».

20230620-lanartea-777-2.jpg

Egitura eta irizpide bateratuen beharra

Bigarren zatian, mahai-inguru modura zenbait galderari erantzun zieten Tolosako, Zumaiako eta Alkizako kultur teknikariek, Amagoia Gurrutxagaren gidaritzapean. Jokin Ansorena Tolosako teknikariak aipatu zuenez, azken 35 urte hauetan ereduak eta jarrerak aldatu egin dira, eta lehen lanak lagunarteko edo familiarteko kutsua baldin bazuen, orain «egoera zeharo tentsatu da. Arrakala sortzen ari da. Administrazioak Adimen Artifizialaren bidea darama, nolabait».

Ofizioan antzeko bidea eginda mintzatu zen Miriam Romatet Zumaiako kultur teknikaria ere, azken urteotan egoera asko aldatu dela adieraziz. Sare sozialen berehalakotasuna eta administrazioaren bide korapilatsua aipatu zituen, besteak beste. «Gaur egun, grapadora bat erosteko ere gastu proposamena egin behar dugu. Dena da horrela. Irisgarritasuna aipatzen dugu hirigintzan, edota webguneetan, eta abar, baina gero oztopoak jartzen ari gara herritarrei eta sortzaileei. Ez gara irisgarriak. Hori horrela izanda, ezin da teknikari bakoitzaren esku utzi irizpidea, eta egiturak izan behar ditu erantzunak».

Maider Aldazabal Alkizako kultur teknikariak eta liburuzainak ere, askoz gazteagoa izan arren, antzeko egoera bizi eta ezagutu duela aipatu zuen. Azken batean, teknikariak faktura, diru laguntza, izapide, arau, esleipen eta gainerakoen artean itota daudela, kulturgileak zaintzen eta programatzen aritu beharrean, eta bide malkartsu horretan etengabe aritu behar dutela idazkariei edota kontu-hartzaileei galdezka.

Euskarazko kultur adierazpenek ohiko programazioan duten lekuaz eta pisuaz, bidean dituzten zailtasunez, eskaintza edo programazio bateratu baten faltaz eta antzekoez ere aritu ziren.

Arnasa hartzeko etenaldi laburraren ostean, amaitzeko, teknikariak eta sortzaileak lan-taldetan banatu zituzten antolatzaileek, eta bakoitzaren lanaren nondik norakoez, hobetu beharrekoez, oztopoez eta aurrera begira elkarrekin egin daitekeen bidez aritu ziren.

Topaketa amaituta, Lanarteako eta Uemako ordezkariak gustura agertu ziren lehenengo saioak emandakoarekin. Miren Segurola Uemaren koordinatzailearen hitzetan, esaterako, lehenengo saio honi segida eman beharko litzaioke, zalantzarik gabe, eta «beste lurralde batzuetako teknikariak ere gonbidatu. Bizkaikoak izan daitezke hurrengoak, esaterako. Azken batean, udalerri euskaldunen garapenarekin estuki lotuta dago euskal sortzaileen lana, zirkuitua eta udalek batera antola dezaketen sarea, programazioa errazteko, edota irizpideak eta baliabideak partekatzeko, denontzat errazagoa eta erosoagoa izan dadin. Topaketan aipatu den moduan, egiteko modua aldatuta herria ere aldatu egiten baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!