Sega ligaren azken saioa etzi egingo da Altzon

Ataria 2023ko eka. 1a, 17:00

Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Ligaren hirugarren eta azken saioa Altzon jokatuko da, larunbatean, 17:00etatik aurrera.

Azken saioko puntuazioari aurreko bi saioetako puntuak gehitu ondoren, ligako sailkapen orokorra emango da. Sailkapen orokorretik aterako dira Europako Txapelketan Euskal Herria ordezkatuko duten segalarien izenak. Eslovenian izango da jokoan Europako Txapelketa, uztailaren 28tik 30era. Gizonezkoetan 10 segalari sailkatuko dira, erdiak 30 urtez goikoak eta besteak 30 urtez azpikoak, eta emakumezkoetan 5 segalari sailkatuko dira, horietatik bi 30 urtez goikoak eta beste hirurak 30 urtez azpikoak.

Orain arteko bi saioetako puntuazioa kontuan izanda, gizonezkoetan ondorengoa da sailkapena: Mikel Lizartza tolosarrak 120 puntu, Miel Mari Altzo Jauregik 117 puntu, Oier Urkola anoetarrak 116 puntu, Bixente Mitxelenak 115 puntu, Amaiur Arrospide leaburuarrak 109 puntu, Jokin Mikeok 109 puntu, Akaitz Jauregik 109 puntu, Oier Mitxelenak 109 puntu, Gorka Bildarratz tolosarrak 103 puntu, Mattin Etxarrik 101 puntu, Jon Otegik 59 puntu, Julen Gabirondok 58 puntu, Josu Mendizabalek 52 puntu, eta Iñigo Etxabe belauntzarrak 51 puntu. Emakumezkoetan, Luixa Uzkudun leaburuarra doa lehen postuan 119 punturekin, Alaitz Imaz hernialdetarrak 118 puntu ditu, Ainara Otamendi ibartarrak 116 puntu, Ainhoa Mazkiarainek 115 puntu, Izadi Arrospide leaburuarrak 111 puntu, Jugatx Agirre berastegiarrak 109 puntu, Sheyla Sarasola lizartzarrak 108 puntu eta Susana Lopezek 108 puntu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!