Kulturak eta kirolak bat egingo dute Altzon

Ataria 2023ko maiatzaren 30a

Larunbat honetan, Euskal Herriko Sega Ligako azken saioa jokatuko da herrian. Horren harira, ekitaldi bana antolatu dute ostiralean eta igandean.

Ekainaren 2an, ostirala, Altzo Azpiko Asentsio Eguneko Festa ospatuko dute. Amasa-Villabonako Eresargi abesbatzaren kontzertua izango da bertako elizan, 19:00etan. Ondoren, Loatzo Musika Eskolako ikasleek alaiturik, pintxoak eta edaria banatuko dituzte.

Ekainaren 3an, larunbata, Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Ligako hirugarren eta azken jardunaldia Altzon, Zialtzeta inguruko belazean. 17:00etan hasiko da saioa.

Ekainaren 4an, igandea, Herriarteko Dantzari Gazteen Topaketa ospatuko dute. Altzoko Artea, Ibarrako Alurr, Lazkaoko Oin-Arin eta Ordiziako Amets Bide dantza taldeetako dantzari gazteek emanaldia egingo dute herriko plazan, 18:00etan. Euria eginez gero, eskolako aterpean izango da saioa.

Bertso saio literarioa

Ekaineko lehen asteburuan ez ezik, hurrengo astean ere kulturak bere tokia izango du Altzon, hain justu, ekainaren 10ean, larunbata. Berdintasun eta kultura batzordeek antolatuta, bertso saio literarioa izango da Batzarremuñon, 19:00etan hasita. Miren Amuriza eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Mari Luz Estebanek idatzitako Andrezaharraren Manifestua liburuaren inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!