Altzon jokatuko da Euskal Herriko Sega Ligaxkako proba bat

Ataria 2023ko apirilaren 8a

Almitza Sega Elkarteak antolatu du txapelketa, eta Altzokoa hirugarren eta azken jardunaldia izango da, ekainaren 3an. Lehen bi probak Etxalekun eta Hernanin izango dira.

Urtero legez, aurten ere Euskal Herriko Sega Ligaxka jokatuko da Almitza Sega Elkarteak antolatuta. Ohiko moduan hiru jardunalditako ligaxka izango da, eta honako egunetan jokatuko da:

  • 1. jardunaldia: maiatzaren 6an, larunbata, Etxalekun.
  • 2. jardunaldia: maiatzaren 21ean, igandea, Hernanin.
  • 3. jardunaldia: ekainaren 3an, larunbata, Altzon.

Hiru jardunaldietako ligaxkako sailkapenaren arabera erabakiko dira aurten Eslovenian jokatuko den Europako Sega txapelketako euskal ordezkariak.

Belar-saila ahalik eta azkarren eta txukunen ebaki beharko dute segalariek; txukuntasuna denbora-zigorrez epaitzen da, mozteko behar izan den denborari zigor-denbora batzen zaio. Emakumezkoek 35 metro karratuko saila ebakiko dute (5 metro x 7 metro); gizonezkoek, berriz, 100 metro karratukoa (10 metro x 10 metro). Gazte eta haurren sailen neurriak izena ematen duten gazteen arabera zehaztuko dituzte.

Jada irekita dago ligaxkarako izen-ematea eta apirilaren 30a izango da azken eguna. Parte hartu nahi duenak bi aukera ditu: 677 095 864 telefono zenbakira deitu edo whatsapp-a bidali, edo almitzasega@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi. Izena emateko ondorengo datuak jasoko dituzte: Izen-abizenak eta herria. Haurren kasuan adina ere zehaztu behar da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!