Euskal Herriko Historian sakontzeko aukera izango dute altzotarrek

Ataria 2023ko urtarrilaren 19a

Argazkia: Etxepare Institutua.

Iaz abiarazitako bideari jarraipena ematea erabaki dute udalak eta Kultura Batzordeak, eta lau saio antolatu dituzte.

Asisko Urmeneta Otsoa irudigile eta komunikatzaileak Euskal Herriko historian sakontzeko saioak eskainiko ditu Altzon. Udalak eta Kultura Batzordeak antolatu dute ikastaroa, iazko ikasturtean hasitako bideari jarraituz, eta aurtengo ikastaroaren helburua da Euskal Herriko historian sakontzea, eta batez ere, iazko ikastaroan landu gabe geratu ziren gertaera eta eremuetara iristea.

Ikastaroak lau saio barnebiltzen ditu eta izena urtarrilaren 26a bitarte eman daiteke kultura@altzo.eus helbidera idatziz, edo udaletxera gerturatuz. 20 euro ordaindu beharko da.

Saioak urtarrilaren 28an, otsailaren 25ean, eta martxoaren 11n eta 25ean izango dira, 10:00tatik 12:00etara, Batzarremuñon. Argitu dute saioetan atsedenaldi motz bat egingo dutela.

Lehen saioan 1513 eta 1614 urteen artean Euskal Herrian eman zen sorgin ehiza izango dute hizpide. Bigarrengoan 1789ko Frantziako Iraultzak eta Konbentzioaren Gerlak Euskal Herrian izandako eragina. Hirugarrengoan 1833 eta 1876 arteko Karlistadak eta izan zituzten ondorioak, eta laugarrengoan Karlismotik euskal abertzaletasunerako bidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!