'Magma Mia' bakarrizketa feminista, larunbatean, Altzon

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 17a, 17:36

Altzoko Udaleko Berdintasun Sailak eta Mariren Alabak taldeak Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako egitaraua antolatu dute. Hasteko, larunbatean, Beatriz Egizabalen bakarrizketa feminista izango da.

Altzoko Udalak egitarau oparoa antolatu du datozen egunetarako. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna gogoan dute, eta horrez gain, Erretirodunen Eguna antolatu dute, eta baita lore eta landare lehorrekin egiteko tailerra ere.

Bestetik, udaletik gogorarazi dute memoria historikoa berreskuratzeko Manu Olano herritarrak idatzitako Itzaletik argira, hauek ere badira liburua aurkezpen egunean jaso ez zutenek udaletxean dituztela eskuragarri.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunari lotutako ekitaldiak:

  • Azaroak 19, larunbata
    • 19:00. 'Magma mia' bakarrizketa, Beatriz Egizabalen eskutik, Batzarremuñon. Bakarrizketa feminista; militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizunak ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea du helburu.
  • Azaroak 24, osteguna
    • 19:00. Euskal emakume idazleen irakurketa tailerra. Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori aztertuko dute. Oihana Iguaran dinamizatzaile lanetan ariko da.
  • Azaroak 25, ostirala
    • 19:00. Elkarretaratzea egingo dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela eta, plazan.

Altzoko Erretirodunen Eguna

Horrez gain Erretirodunen eguna ospatuko dute hilaren 27an, igandean. 12:30ean, Meza Nagusiaren ostean, herriko dantzariak eta trikitilariak ariko dira, plazan. Gero, 14:00etan, bazkaria egingo dute Altzoko Ostatuan bertan. Bazkarira joan nahi dutenek izena eman beharko dute hilaren 23a baino lehen, udaletxean (943 65 24 13) edota Ostatuan (943 65 22 62).

Lore lehorren tailerra

Abenduaren 16an lore eta landare lehorrekin Gabonetarako mahai gaineko zentroak egiten ikasteko tailerra izango da. Pertsona bakoitzak berak sortutakoa eramango du etxera, baina parte hartu nahi dutenek izena ematea beharrezkoa da taldeak osatu ahal izateko. Gehienez ere hamabi pertsona izango dira taldean. Izena udaletxean eman beharko da, eta azken eguna hilaren 23a da, asteazkena da. 40 euroko kostua du. (%50a udalak ordainduko du).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!