Isilean egon diren istorioak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 25a, 19:35

Manu Olano Jauregi herritarrak Aranzadiko ikerlarien laguntzarekin idatzitako ‘Itzaletik argira, hauek ere badira’ liburua aurkeztu du Batzarremuñon. II. Errepublikari buruzko aipamenak eta 36ko gerrak eta Frankismoak eragindako gertakizunak ditu ardatz. Lana osatzeko hain beharrezkoak izan diren herritarren testigantzak ere jaso ditu idazleak.

1936 eta 1945. urteen artean egoera oso gogorrak bizi izan ziren Altzo eta inguruan. Beldurra, lotsa edo penak eraginda ezkutuan gorde izan dira denbora luzez, eta Altzoko memoria historikoaren parte direnez, Manu Olano Jauregi herritarra duela bi urte hasi zen istorio horiek guztiak biltzen, Aranzadiko ikerlarien laguntzarekin. Emaitza ‘Itzaletik argira, hauek ere badira’ liburua izan da eta Batzarremuñon aurkeztu dute.

Saioari hasiera emateko Iara Izpitarte eta Xabier Murua dantzariek eta Xanti Nazabal txistulariak agurra eskaini dute.

Ondoren Karlos Almorza Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak hartu du hitza. Izan ere, ikuspegi historikotik liburuaren edukiaren zuzentzaile lanak egin ditu, eta lan honen inguruan balorazio positiboa egin du: «Lan txukuna da, oso emaitza ona lortu dugu eta pozik gaude».

Olano izan da hurrengo protagonista, eta liburuaren aipamen «txiki» batzuk egin ditu berak. Liburuak guztira lau atal nagusi ditu, eta lehenengo atala II. Errepublikaren inguruan aritzen dela azaldu du idazleak: «Bost urteko izan zen, motza baino oso gorabeheratsua. Gure ustez, nahiz eta gizartean akats batzuk egin, aurrerakada handiak ere eman ziren, emakumeen eremuan batez ere». 

Altzon garai horretako erreferente garrantzitsuak dituztela azpimarratu du eta liburuan agertuko diren horietako bi aurkeztu ditu. Alde batetik, Aita Anizeto Olano Galarraga Miguel Altzo filosofo, etnografo, euskal ikaskuntzako partaide aktibo eta bere garaian euskal kulturaren aldeko lanak egin eta hezkuntza sisteman alde egin zuen herritarra. Eta, bestalde, liburuan maiz agertuko den pertsonaia: Pedro Berakoetxea Aranbarri Zapel txistulari, abeslari eta idazlea.

Orokorrean, Altzoko egoera azaldu, pasadizoak eta gertaerak aipatzen dira, «baina kontaketan kokatzeko ezinbestekoa da testuingurua jakitea. Testuingururik gabe liburuak ez du zentzurik, eta hori islatzen saiatu gara», esan du Olanok. Lana osatzeko hain beharrezkoak izan diren herritarren testigantzak ere jaso ditu idazleak, eta eskerrak eman dizkie guztiei liburua aurrera ateratzen laguntzeagatik.

Memoria berreskuratuz

Dagoeneko joan dira informazio gehien eman zitzaketenak. Hala ere, haiek jakin zuten beren ondorengoei bere memorian iltzatuta zeuden bizipen eta oroitzapen horiek transmititzen. Olanok ez ezik, Antton Iztueta Maiz herritarrak ere ondo asko jakin izan du hori transmititzen liburuan jaso dituzten testigantzetan.

Iztueta proiektu honetan zehar Olanoren bidelagun izan da, bera izan baita liburuko testigantzak eta argazkiak jaso, tratatu eta egokitu dituena, eta liburuaren laugarren atalerako egindako lan berezia azaldu die herritarrei. Laugarren atalak Testigantzak izena du, eta bertan 25 testigantza bildu dituzte. Istorio horietako 17 idatzi ez ezik, bideoan jaso dituzte eta liburuarekin batera banatzen duten USB memoria batean bildu.

Testigantza horietako bat Juli Galarraga Artolarena da, Altzoazpiko Olazabal zaharreko Jexux Galarraga Goikoetxearen alabarena, hain zuzen. Bertan bere aitaren bizipenak kontatzen ditu, eta gaurkoan ere hitza hartu du: «Aitak etxean hitz egin zuen. Non bestela? Bertan kontatu zituen gertatutakoak. Gu han geunden eta etxeko sukaldean entzun genituen. Geroago jabetzen zara eta konturatu zer esaten duen eta zer gertatu zitzaion. Orain berriz gogoratu dugu aspaldi entzun genuena, eta baita pentsatu ere. Gogor egiten da pentsatzea zein gehiegikeri, inolako babesik gabe, zenen eskuetan egon ziren bea eta beste asko eta asko. Handik ez ziren denak bizirik atera».

Etxera bizirik irten zirenen artean Galarragaren aita zegoen, ordea. «Hortik aurrera bakea, baina badakigu nolakoa. Nolako epe gogor eta luze bati deitu zitzaion bakea. Gaur egun badaude ere hau dena ukatzen dutenak. Orduan merezi du isilpean eta ahazteko zorian dauden gauzak azaleratzea», gehitu du.

Amaitzeko, Udaletik Karmen Murua Gorostidi kultura zinegotziak hartu du hitza Olanok eta Iztuetak egindako lana aitortzeko eta eskertzeko: «Lan honi esker artxiboetan eta liburuetan gordeta dagoen informazio guzti hori osatuz, puzzlearen zati ezberdinak bildu eta gertatutakoaren irudi osoago bat daukagu gaur. Orduan gertatu zen errealitateari, egiari, gehiago hurbiltzen zaiona. Bi urte iraun du proiektu honek, eta aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da hainbat pertsonen eta erakundeen parte hartzea, eta Altzoko Udalaren izenean, esker ona adierazi nahi diet guztiei». 

Joseba Tapiak abestutako bi bertsoekin amaitu dute aurkezpena, eta ondoren, hamaiketakoa ez ezik, herritarrei banatu die liburua opari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!