Altzoko jaiak 2022

Bakoitzak bere egitekoak festetan

Ataria 2022ko uzt. 29a, 11:59

2019ko txupinazoaren artxiboko irudia.

Gaur hasi eta lau egunez ospatuko dituzte San Inazio jaiak Altzon. Herritar guztiei begirako festak antolatu ditu jai batzordeak, berrikuntza handirik gabeak, baina bete-beteak; jaiak gune seguru izan daitezen sentsibilizazio kanpaina jarri dute abian.

Gaur bertan lehertuko da suziria Altzon eta abuztuaren 1a bitarte izango dute saninazioez gozatzeko aukera. Nerea Elola zinegotziak eta festen ardura duenak esan duenez, aurreko urteetatik ez dute gauza gehiegirik aldatu, baina «herritar guztiei begirako jaiak» antolatzen saiatu dira: «Haurrentzat egun bat antolatu dugu, erretirodunentzat ere hamaiketakoaz gain, gustuko izaten dituzte txakolin dastaketa eta antzekoak. Eta gazteentzat zer esanik ez, bada aukera».

Jai batzordea arduratzen da festak antolatzeaz, «gehienbat gazteak dira». Udaletik Elola bera joaten da bileretara, udal ordezkari moduan. Hala ere, hitzordu jakin batzuk kuadrilla jakin batzuek antolatzen dituzte: «Adibidez, paella prestaketa urtero kuadrilla berdinak antolatzen du, bertso jaialdia bertso eskolak edota haurren eguna guraso elkarteak; pertsona jakin batzuk badaude urtero-urtero lan berdina egiten dutenak». Lanak banatu egiten dituzte, errazago antolatzeko.

Jaiei hasiera batzordeko kideek ematen diete. Suziria botako dute gaur, 18:00etan, eta urtero moduan, «zerbait berezia» prestatu dute aurten ere. Iluntzean, zikiro jatea izango dute. «Lehen zikiro jatea egiten zen, baina herri afaria beste menu batekin egiten hasi ginen gero, baina, azken festetan, zikiroa jarri genuen berriro, eta egia esan, jende mordoa apuntatu zen».

Bihar, San Inazio bezperan, paella prestaketa egingo dute. Noizbait lehiaketa moduan egin izan badute ere, egun, kuadrilla bakoitzak bere paella prestatzen du eta ondoren bazkaltzeko aprobetxatzen dute. Antolakuntzak paellarako osagaiak jartzen ditu eta bakoitzak eraman ohi du paella ontzia eta sua.

San Inazio eguna igandean izango da eta eguerdirako gazteen arteko apustua antolatu dute. «40 gazte inguruk eman dute parte hartzeko izena eta jolasak egingo dituzte». Hori ere talde jakin bat ari da antolatzen, beraz, egunean bertan ikusi beharko da zer-nolako jolasak antolatu dituzten.

Eta Altzoko jaietako hitzordurik entzutetsuena ere igandean izango da: bertso jaialdia. «Inguruko herriko jendea ere zain izaten da bertso jaialdirako, jende asko etortzen da». Hala ere, egun horretan bertan, arratsaldean, Kimua dantza kolektiboaren GenEroa ikuskizuna izango dute, 18:00etatik aurrera. «Azken urteetan kale antzerkiari garrantzia ematen saiatzen ari gara. Batzarremuñoko eskailerak baliatzen ditugu horrelako emanaldietarako, eta urtero inguruko jende mordoa etortzen da».

Azken eguna, haurrei begirakoa izango da eta jolasak egingo dituzte. Aurten erabaki dute azken egunean gauean musika talderik ez jartzea. «Azken egunean gehienok nahiko nekatuta egoten gara eta dantzarako animo gutxirekin, beraz, arratsaldez jarri dugu Ainara Ortegaren kontzertua eta zahagi ardoarekin amaituko ditugu festak».

Konplize ez izateko deia

Altzoko Udalak, berdintasun batzordearekin eta jai batzordearekin batera, jaiak gozamen eta ospakizun gune segurua izan daitezen sentsibilizazio kanpaina jarri du abian. «Denok jaiak askatasunez gozatu ditzagun, errespetatu eta zaindu ezazu albokoa», esan dute. «Norbanakook dugun erantzukizuna geure buruaren gain hartzen ez dugun bitartean, sexu erasoak normalizatutako praktika sozial bat izaten jarraituko dute gure kaleetan, gure jaietan eta gure eguneroko bizitzan».

Altzoko jaietan eraso sexista edo homofoboak ekiditeko, edo gertatuz gero zer egin azaldu dute: gauero hiru arduradun izendatuko dituzte eta zapi morea eramango dute jantzita. Norbait deseroso sentitzen bada, haiengana hurbiltzeko eskatu dute eta larritasunaren arabera aktibatuko dute protokolo bat edo beste.

Pegatina batzuk ere atera dituzte, Eraso matxisten aurrean ez det konplize izan nahi jartzen duena. Horiek janzteko deia ere zabaldu dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!