Bi bisita gidatu berri, Altzoko Handia ezagutzeko

Ataria 2022ko uztailaren 7a

Migel Joakin Eleizegi Ateaga, Altzoko Handiaren bizitzaz gehiago jakin nahi duenak aukera paregabea du. Hilaren 15ean eta 17an antolatu dituzte bi bisita gidatu, eta interesatuek izena eman beharko dute.

Altzoko Udalak bi bisita gidatu antolatu ditu uda honetarako, eta herritar guztiei zuzenduak izango dira. Hilaren 15ean, ostiralean, eta uztailaren 17an, igandean izango dira bi bisita gidatuak. Edozeinek izango du Altzora gerturatzeko aukera, eta bisita gidatuen bidez aukera ederra izango da Migel Joakin Eleizegi Ateagaren bizitza harrigarria ezagutzeko, eta harekin lotutako hainbat leku esanguratsu ikusteko, gidari aditu baten eskutik.

Hitzorduak uztailaren 15ean, 17:00etan, eta uztailaren 17an, 10:30ean izango dira. Bisita Altzo Muñoko Batzarremuño kultur etxean hasiko da dokumental labur bat ikusiz. Ondoren, erakustokia bisitatuko dute eta jarraian ibilaldi zirkular bat egingo da, Altzoko Handiaren bizitzan esanguratsuak izan ziren hainbat leku ezagutuz: jaiotetxea den Ipintza baserria, Altzo Azpiko eliza, hilerria, bere omenez egindako monumentua… 

Guztira 2,5 ordu inguruko iraupena izango du saioak. Adin guztiko pertsonek parte har dezakete parte, baina, hori bai, landa ingurunetik ibilaldiak egiteko gutxieneko ohitura izan behar dute parte hartu nahi dutenek. Hori horrela, oinetako zein janzkera egokiarekin joan beharko da. Bisitak euskaraz izango dira, eta aurrez izena eman beharko da. Egunean bertan 3 euro ordaindu behar da.

Informazio gehiago behar izanez gero, edota jada erreserba egiteko bide ezberdinak daude eskura. Bisita-zerbitzuko 943 67 02 49 telefono zenbakira deituta; Altzoko Udaleko 943 65 24 13 telefono zenbakira edo Altzoko Ostatuko 943 65 22 62ra deituta eman daiteke izena. Edo informazioa jaso nahi duenak Altzo.eus web orrian du eskura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!