Maiatza bete ekitaldi antolatu dute Altzon

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 5a, 07:59

2007. urtean ere errota martxan jarri zuten herritarrek bisitatu ahal izateko.

Gipuzkoako erroten egunarekin bat eginez hasi eta Asentsio Egunean Urbil eta Txomin Artolaren kontzertuarekin amaituko dituzte ekitaldiak.

Altzotarrek ez dute aspertzeko tarte handirik izango hilabete honetan. Nahi izatera, Altzoko Udalak antolatu dituen ekitaldiei esker, estilo ezberdinetako ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute.

Lehena igande honetan bertan izango dute. Gipuzkoako Erroten eguna baliatuz, Altzo azpiko errota martxan jarriko dute. Hasteko, ordea, 10:15ean, Altzoko Handiaren ibilaldi gidatua izango da: dokumentala, erakusketaren bisita, Altzo Muñotik Altzo Azpira oinez... Eta 12:00etan, Altzo Azpiko San Salbador-Bekoa errotara joango dira. Errota martxan jarriko dute, eta azalpenak ere emango dituzte. 12:30ak aldera, berriz, Altzo Muñorako bidea hartuko dute.

Udaletik nabarmendu dute doan izango dela, eta adin ezberdineko herritarrei zuzendua dela.

Astebete beranduago, hilaren 15ean, baserritarren eguna izango da, eta ospatu egingo dute altzotarrek. Horretarako, 13:30ean meza izango dute, eta gero, 14:15ean bazkaltzeko elkartuko dira herriko ostatuan bertan. Bazkaltzera joan nahi duten herritarrek izena eman beharko dute udaletxeko 943 65 24 13 telefono zenbakira deituta edota Ostatuko 943 65 22 62ra deituta. Apuntatzeko azken eguna hilaren 12a da.

Hilaren 19an, literaturak hartuko du Altzo. Emakumeen Irakurketa Feminista tailerrean Natalia Ginzburg idazlearen Familiako lexikoa liburua landuko dute Kattalin Minerrekin.

ARABARA IRTEERA

Hilaren 21ean Araba bisitatuko dute. 08:30ean plazatik abiatu eta Zalduondoko Azkarra gaztandegia eta Añanako gesaltzak bisitatuko dituzte. Añanan bazkaldu ondoren, etxera bueltan Altzora iritsi aurretik Agurainen geldialdia egingo dute. Altzotar guztiek parte hartu dezakete irteeran, eta bakoitzak 40 euro ordaindu beharko du. Interesa dutenek izena eman beharko dute hilaren 16a baino lehen udaletxean, eta ordainketa bertan egin beharko da.

Ostiralarekin, hilaren 27an, eRRe ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Altzon. Bertsolaritza, antzerkia musika eta poesia uztartuko dituzte.

Hilabetea bukatzeko azken igandean Asentsio eguna ospatuko dute, eta kasu honetan ere, Altzo Azpin elkartuko dira. Urbil eta Txomin Artola aita-semeen kontzertua izango da, bertako elizan.

Kultur egitaraua

  • Maiatzak 8, igandea
    • 10:15. Altzoko Handiaren ibilaldi gidatua (dokumentala, erakusketaren bisita, Altzo Muñotik Altzo Azpira oinez …)
    • 12:00. San Salvador-Bekoa (Altzo Azpi) Errotaren bisita: martxan jarriko da eta zenbait azalpen emango dira.
    • 12:30. Oinez abiatzea Altzo Muñorantz.
  • Maiatzak 15, igandea
    • 13:30. San Isidro Eguna. Meza, Altzo Muñoko Santa Maria Elizan.
    • 14:15. Bazkaria, Altzoko Ostatuan. Bazkaltzera joan nahi dutenek izena eman beharko dute udaletxean edo Ostatuan bertan hilaren 12a baino lehen.
  • Maiatzak 19, osteguna
    • 18:30. Emakume idazleen irakurketa feminista saioa egingo dute Batzarremuñon. Natalia Ginzburg-en Familiako lexikoa. Kattalin Minerrek gidatuta.
  • Maiatzak 21, larunbata
    • 08:30. Egun osoko irteera egingo dute Araba aldera, plazatik abiatuta. Zalduondoko Azkarra gaztandegia eta Añanako gesaltzak bisitatuko dituzte. Añanan bazkaldu eta Agurainen geldialditxo bat eginez Altzora itzuliko dira. Izena emateko azken eguna: maiatzak 16.
  • Maiatzak 27,ostirala
    • 19:00. eRRe ikuskizuna eskainiko da, Batzarremuño kulturgunean. Dualismoaren apurketak proposatzen dituen bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko ikuskizuna da.
  • Maiatzak 29, igandea
    • 19:00. Asentsio eguna ospatzeko Urbil eta Txomin Artolaren emanaldia izango da, Altzo Azpiko elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!