Ezjakintasuna hogei egunetik gora doa jada eta tarteka hilabeteak izango ote diren galdetzen diot neure buruari. Bien bitartean, nik, telebista gutxiago ikustea, goizetan irratia ez jartzea eta gauero zertxobait idatziaz barrena askatzea bezalako erabakiak hartu ditut. Dena dela, nik; bizirik dagoela esango nuke, nahiz eta batzuetan burutik pasatzen zaidan horrela ez izatea ere posible dela. Desplazatu direla esango nuke, Bielorrusia alderantz. Mantak, sukaldatzeko traste, eta hotzaz babesteko egindako sua suma ditzaket bere inguruan. Ez dago bakarrik, bere ahizpa eta familiako kideez gain jende gehiago dagoela berarekin esango nuke. Eta, ziur naiz Koko txakurrak ez duela bere albotik alde egiten, eztandek behin baino gehiagotan asaldatu badute ere.
Nire alaba ere hunkituta dago. Inhak urteak daramatza Euskal Herrian Gabonetaz eta udaz gozatzen. Eta sentimenduz etxe-etxekoa da guretzat Inha. Niretzat bigarren alaba, alabarentzat, ahizpa bakarra. Bihar Inharen 14. urtebetetze eguna izanik, elkarrekin pasatako momentuen bideo bat osatzen dabil alaba bere egongelan. Auskalo noiz ikusi ahalko duten elkarrekin. Ate ondoan jarri eta atsekabez behatzen dut: «Egon lasai, etorriko da», esan nahian. Begirada goibeldu eta isilik geratzea aukeratu dut.
«Bien bitartean, nik, telebista gutxiago ikustea, goizetan irratia ez jartzea eta gauero zertxobait idatziaz barrena askatzea bezalako erabakiak hartu ditut»
Azken urtea COVIDak zapuztu bazuen, oraingoa bakearen arazoei irtenbidea emateko jokaera koldarra dutenek izorratu dute. Eta ez da nolanahikoa egoera, aberatsek gerra egitean, txiroak baitira hiltzen direnak. Azken finean, programa sozialetan baino armamentu militarrean inbertsio handiagoa egiten duten nazioak bilakatzen ari gara, eta honek heriotza espirituala baino ez dakarrela esatera ausartzen naiz. Ziklikoegia da alderantzizko mundu honen historia...
Asteburuan kostara gerturatzeko asmoa daukagu. Itsasoko ilunabarrak duen energia magikoa iruditzen baitzaigu alabari eta niri. Alaba belarrira gerturatu zait lotsa puntu batez. Xuxurlaka, bideoaz gain itsasoan utzi nahi duen eskuz idatzitako gutun bat prestatu omen dio Inhari.
Kondairak dio, badirela itsas azpian beirazko ontzietan gordetako ipuinak. Ondoratutako itsasontzi artean, anemonen barnean edota koralen askotariko formen artean ziur aski. Tira, ea ba gurea hain desira dugun besarkada batek egi bihurtzen duen. Eta behingoz haurtzaroak helduen borroketatik at geratzeko balio duen.
Azken finean, ezagutu ere egiten ez direnak gerran murgiltzen dira, hain ezagun diren aurpegi horien arteko sarraskirik gerta ez dadin...