Desagertzear dagoen belaunaldiaren lekuko

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 18a, 11:59

Altzori buruzko liburuan agertzen den argazkietako bat. JOSEBA URRETABIZKAIA

Bostehun biztanletik beherako Gipuzkoako herriei buruzko liburuak argitaratzen hasi dira Fernando Hualde eta Joseba Urretabizkaia, 80 urtetik gorako herritarrak elkarrizketatuz; Altzo da lehenengoa.

2025ean mila urte beteko dira dokumentu batean lehenengo aldiz Gipuzkoa izena azaldu zenetik. Zehazki, Ipuçcoa hitza azaltzen da, Altzo Azpiko San Salvador elizari lotutako idatzi batean. Urtemuga berezi hori abiapuntu hartuta, Tolosako Xibarit argitaletxeak Gipuzkoa Bilduma saila jarri du martxan; bostehun biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako 23 herriei buruzko liburuak argitaratuko dituzte —Gabiria ere sartu dute, Eustaten azken datuen arabera 526 biztanle dauzkan arren; eta Ezkio eta Itsaso ez dira ageri oraingoz; elkarrekin 638 biztanle dauzkate—. Joseba Urretabizkaia tolosarra da editorea eta argazkilaria, eta Fernando Hualde izabarra edukien arduraduna.

Aukeratu duten lehen herria Altzo izan da, dokumentu historikoak herriarekin duelako lotura. Igandean egin zuten lehen argitalpenaren aurkezpena, herrian bertan. Beizamari buruzkoa izango da bigarrena, eta prestaketan murgilduta dabiltza jada. “Herrialdearen erdigunean dagoelako” aukeratu dute Beizama bigarren libururako. Urtean lau bat liburu argitaratzeko asmoa dute.

Altzori buruzko lana egiteko, aldundiaren laguntza jaso dute Hualdek eta Urretabizkaiak, eta baita Altzoko Calcinor enpresarena, Laboral Kutxarena eta udalarena ere. Bi liburu egin dituzte; horietako bat euskaraz, tapa bigunarekin, eta bestea, “luxuzkoa”, euskaraz eta gazteleraz. “Laguntza horiek garrantzitsuak dira horrelako lanak argitaratzeko”, esan du Urretabizkaiak.

Argitalpen bakoitzak bi zati izango ditu: lehenengoan, luzera laburragoan, herriaren testuingurua emango dute beti. “Bigarren zatian, berriz, mardulagoan, ekarpen garrantzitsua egin nahi dugu”, esan du Hualdek. “Gipuzkoak badu konpondu gabeko gai bat: adinekoen ahozko memoria gordetzearena. Belaunaldi berezi bat galtzear dago. Bizimodu jakin bat ezagutu zuten azkenak dira; hau da, mende askoan izan ziren ofizio eta tradizio batzuk ezagutu zituztenak, aurreko mendeko bigarren erdialdetik aurrera galtzen hasi zirenak”.

Gipuzkoa, “paradisua”

Gipuzkoa Bildumarekin ahozko memoria jaso nahi dute egileek, eta, horretarako, 80 urtetik gorako herritarrak elkarrizketatu dituzte. “Hainbat tradizio eta usadioren lekukotza eman dezakete horiek: nola hiltzen zen txerria etxean, nola gordetzen ziren elikagaiak, nola bizitzen zen elektrizitaterik eta ur korronterik gabe, nola zuritzen zuten arropa errautsarekin…”, azaldu du Hualdek. “Egun, galduta daude usadio horietako asko, eta dagoeneko galtzen ari den belaunaldi hau guztiz joaten denean, ezingo dugu jaso informazio hori guztia”.

Hualdek dioenez, Gipuzkoa “paradisua” da etnografiaren ikuspuntutik. “Baserrietan bizi izanak eragin du inguruko beste lurraldeekin alderatuta garapen erritmo ezberdina eduki izana”. Hualdek zehaztu du edozein baserritan sartuta ikus daitekeela “autarkikoak” izateko diseinatuta daudela: “Animaliak dituzte, baratzeak, fruta-arbolak, garbigunea, ogia egiteko labea… Dena bertan dute, eta horren inguruan antolatzen dute bizitza”. Baserrien mundua “liluragarria” dela gaineratu du: “Zoragarria da zenbat gauza gorde dituzten. Edozein baserri museo bat da”. Argitalpenen garrantzia ere nabarmendu du Hualdek: “Hemendik urte batzuetara eskertuko dute. Hobeto edo okerrago egingo dugu, baina jaso dugun hori dena galduko ez den errealitatea da; hori da garrantzitsuena”.

Argazkiek “garrantzi handia” dute, eta “mimo handiz” ateratakoak dira. Batetik, elkarrizketatu dituztenen argazkiak daude. eta, bestetik, garai bateko irudiak birsortu dituzte herriz herri; eliza garbitzea, adibidez. “Liburu hau osatzeko garrantzitsua izan da herritarren parte hartzea eta eskertzekoa da euren laguntza”, esan du Urretabizkaiak. Horrez gain, baserriko bizimodua jasotzen duten irudiak ere badaude. “Lan hori nik egin dudanez, estilo bat markatzeko aukera eman dit”.

Joseba Urretabizkaia eta Fernando Hualde, Altzoko liburuari buruz egindako aurkezpenean.

Herrien zerrenda

Ondorengo herriei buruzko liburuak egitea aurreikusita dute Gipuzkoa Bilduma sailean.

  • Altzo (396 biztanle).
  • Orexa (111).
  • Beizama (118).
  • Gaintza (129).
  • Baliarrain (155).
  • Altzaga (170).
  • Gaztelu (179).
  • Arama (205).
  • Orendain (225).
  • Leintz-Gatzaga (226).
  • Elduain (240).
  • Mutiloa (240).
  • Larraul (261).
  • Belauntza (272).
  • Zerain (279).
  • Albiztur (302).
  • Abaltzisketa (307).
  • Hernialde (321).
  • Alkiza (348).
  • Leaburu-Txarama (368).
  • Ikaztegieta (476).
  • Aduna (478).
  • Gabiria (526).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!