Elkarrizketa

«Interes berezia daukat gure iraganari buruzko pertzepzioak entzuteko»

Asier Imaz - Eneritz Maiz 2022ko urt. 18a, 07:59
Argazkilaria: Idoia Zabaleta

Altzoko Udaleko kultura batzordeak Euskal Herriaren historiaren errepasoa egiteko saioak antolatu ditu Gaizka Arangurenekin; lau larunbat goiz izango dira, eta izena emateko epea bihar bukatzen da. Saio hauekin Arangurenek, batez ere, guztien artean «ongi pasatzea» du helburu, eta gaiaren gainean eztabaidatzea.

Gaizka Aranguren Urrotz (Iruñea, 1967) kazetari eta komunikatzaileak Altzon Euskal Herriaren historiaren errepasoa egingo du. Lau saio izango dira, 09:30etik 12:30era; hilaren 22an hasi, eta otsailaren 12an, martxoaren 5ean eta martxoaren 26an izango dira saioak, Batzarremuñon.

Izena emateko azken eguna da biharkoa, eta Altzoko udaletxean edota kultura@altzo.eus helbide elektronikora idatzita egin beharko da. Izena ematearekin batera 20 euro ordaindu beharko da.

Euskal Herriko historiaren errepasoa egitea ez da lan erraza izango, ezta?

Momentu honetan jarri dituzten baliabideak ikusita, eta antolaketa horren polita egin dutela ikusita askoz ere errazagoa gertatuko zaigu.

Zerk erakarri zaitu Altzoko gonbidapenetik?

Gure historiaren mugarri nagusienei buruzko halako hitzaldiak oso aspalditik eskaini izan ditut; garai batean gehiago orain baino. Azkeneko 20-25 urteetan jardun naiz horretan, eta hain zuzen ere denbora guzti horretan zehar garatu ditudan materialak baliatuko ditut ikastaro honetarako. Gure iragan partekatuaren mugarri nagusienei buruzko hausnarketak Altzoko herritarrekin partekatzea da gehien erakarri nauena.

Lau saiotan azalduko dituzu puntu garrantzitsuenak.

Malgutasunez jokatuko dut saioetan. Jendearen parte hartzea, eta edukiari dagokionez jendearen interesen nondik norakoen arabera ere moldagarriak izango dira. Azken finean, gutxienez azkeneko 2.000 urte hauetako lehenengo mila eta bostehun urteetan bereziki zentratu nahiko nuke, nahiz eta gero hausnarketa bat egin nahi dudan hortik aurrerako mendeekin. Mugarri nagusienei buruzko hausnarketa sakona egiteko asmoa daukat, eta halako hamabi kapitulutan zatitutako ikastaroa izango da. Eta hamabi kapitulu horiek lau sailetan banatuta, eta saio bakoitzeko hiru kapitulu moduan izango dira. Saio batean lehenengo bi kapituluekin saio osoa betetzen baldin badugu, hurrengo kapitulua hurrengo saiorako geratuko da. Ez dut ohiko hitzaldi magistral bat emango. Ikus-entzunezko baliabideak izango ditugu oinarri eta ikus-entzunezko baliabide horiek emango dituzte azalpenik garrantzitsuenak nolabait, eta gero jada hausnarketak izango dira. Ez bakarrik nireak, baizik eta, nik interes berezia daukat jendearen gure iraganari buruzko pertzepzioak entzuteko, elkarren artean horri buruz hausnar dezagun.

Lau larunbat goiz izango dira.

Gauza hauek modu parte hartzailean eta entretenigarrian egiten ez baldin badira pisutsuak bihurtzen dira. Asmoa ez da bata bestearen gainean datu asko pilatzea, ezta gutxiago ere; baizik eta, oso ondo finkatzea gure iruditerian gure iragan konpartitu horren une zehatzak. Ez urte bat, baizik eta gertakizun zehatz bat, eta historian barna gertakizun zehatz batek, hau da, gertakizun militar, politiko, ezkontza batek edota gertakizun sozial batek zein puntura arte baldintzatzen duen hurrengo garai luze bat. Mugarri horiek ondo barneratzea nahiko nuke, zeren horiek baldintzatu dute hein handi batean gaur egun garena.

Berriro ere Euskal Herriaren historiarekiko jakin-mina piztu al da?

Nik ez dut uste sekula desagertu denik. Azken finean memoriaz ari gara. Norberaren memoria pertsonala kontu bat da, eta memoria partekatua beste bat. Hein handi batean, edozein giza kolektiboren iruditeria osatzen da, besteak beste, baita ere, iragan partekatu horrek baldintzatuta. Zenbait jenderentzako iragan partekatu horrek ez dauka garrantzirik, eta ez du aintzat hartzen bere gaur egungo identitatea, esaterako, osatzerakoan, baina beste jende askok bai. Uste dut jakin-mina sekula ez dela pasatu, eta nire inguruan eta familian, eta uste dut guztioi gertatu zaigula antzeko zerbait, hau da, edozein eztabaidetan, halako gairi buruz, zer garen edo zer ez garen, edo zer izan gaitezkeen edo zer izan nahi dugun horri buruzko eztabaidetan, beti izan da joera iraganean zer izan ginen gogoratzeko, gaur egun zer garen irakurketari horrek nolabaiteko argudioa emango balio bezala. Horrek ez du zertan horrela izan behar, baina egia da lagundu ohi duela.

Beste era batera esanda, behar gehiago dago?

Nik uste dut behar berdintsua egon dela, baina ni bereziki kezkatuta nago azken aldi honetan, hain zuzen ere, euskal iruditerian gaur egungo digitalizazioak eta batez ere pantailaratzeak duen eraginarekin. Gaur egun edozein giza kolektiboren iruditeria baldintzatzen duen gauza nagusia pantailen bitartez jasotzen ditugun estimuluak dira, eta ikus-entzunezko edukiak dira. Horregatik tematu naiz azkeneko hamarkadetan euskal iruditeriari lagungarri izan dakizkiokeen ikus-entzunezkoak sortzen. Tartean, gure iragan konpartituari buruz dihardutenak dira, horiek erabiliko ditut ikastaro honetan. Bere garaian Nafarroa euskal estatuaren historia liburua egin genuen, eta horretan egindako ikus-entzunezkoetan oinarrituta eskainiko dut. Interesa badago, eta beharbada, gaur egun, pantailen bitartez behar dugun elikadura horren gosea egon daiteke. Halabeharrez eskaini behar ditugun edukiak dira, eta horregatik nago horren pozik.

Izan ere, nolabait, azken urteetan pantailetan azaltzen dena ez da existitzen.

Hori da hain zuzen ere. Gaur egun, belaunaldi berriek bereziki, baina denok orokorrean denbora gehiago ematen dugu pantaila bati begira, gurasoen aurpegiari edo lagunen aurpegiari begira baino. Matematikoki horrela da, eta beraz pantailen bidez jasotzen dugun horrek baldintzatzen du gure sozializazio prozesu guztia, batez ere, txikitatik horrela bizi baldin bagara. Gure sozializazio prozesu horretan barneratzen ditugu emozio ezberdinen arabera erreferente batzuk ala beste batzuk ditugu. Eta azken finean horiek konfiguratuko dute gure identitatea edo gutxienez gure identitatearen atarira eramango gaituzte. Horregatik dira horren inportanteak, eta horregatik nazio estatuek horrenbesteko garrantzia ematen diote beraien iruditeriaren etengabeko elikatzeari.

Baskoniatik Iruñera kontatuz hasiko zara Altzon.

Erromatar inperioaren garaietatik, hau da, kristo sortu zen garaietatik lehen mila urteak aztertu nahiko nituzke. Hiru zati nabarmen daude. Erromatar inperioa eta bere eragina Euskal Herrian. Ukaezina da oso nabarmena izan zela, eta horren ondorioz euskarak latinetik dituen eraginak, horrekin batera gerora bisigodoen etorrera eta baita Afrikatik etorri zen kulturaren etorrera, eta Iruñeko Erresumaren sorrerara arte. Euskaldun guztiak batzeko gaitasuna izan zuen egitura horretara arte. Hori jada bigarren zatirako utziko dugu. Gero, Iruñeko Erresumaren sorrera eta lehen hazkundea eta hor aztertuko dugu Iruñeko Erresuma horrek bere hasieran zein lurralde ingurumari nolabait kontrolatzen zuen edo non zeukan eragina, eta zein beste euskal lurralde gelditzen ziren kontrol horretatik at oraindik ere. Horixe izango da abiapuntua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!