Eztiaz gozatutako Azoka Eguna igandean, Altzon

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 8a, 11:59

XXV. Olentzerotan Jakin-Minez egitarau sortari ostiralean emango diote hasiera Altzon, Lurtaro elkarte berriaren aurkezpenarekin. Azoka Eguna izango dute igandean, baina horretaz aparte, gastronomia, musika, dokumentala eta hitzaldia ere izango dituzte.

Oparo iritsi da abendua Altzora. Prest dute XXV. Olentzerotan Jan-Minez, eta altzotarrek zortzi egunetan badute zer ikusia, zer ikasia, zer dastatua, zer entzuna edota zer erosia.

Ostiralean bertan izango dute lehen hitzaldia, eta eskualdera loturiko eta bertako ekoizleei begira sortua den Lurtaro proiektu berria ezagutzeko aukera izango dute. Proiektu bi kide gerturatuko dira Altzora, eta Batzarremuñon emango dituzte azalpenak. Larunbatean, herriko txikienek sukaldari lanetan aritzeko aukera izango dute, eta ekitaldirik handiena igandekoa izango da.

Altzoko V. Azoka izango da, igandean, 10:00etatik 14:00etara. Eguraldiak aterruneren bat ematen badu, plazan egingo dute, gainerakoan, pilotalekua bilakatuko dute azokarako eremu. Era askotako postu ugari izango dira, eta azokaz gain, Tolosaldeko XXIII. Ezti Lehiaketa hartuko du Altzok. Tolosaldeko ezti ekoizleak izango dira, eta lehen hiru sailkatuek Zegaman egingo den Gipuzkoako Ezti Txapelketan parte hartuko dute.

LUDOPATIAZ

Hilaren 17an gai serio bat izango dute: ludopatia. Horretarako lehen pertsonan bizitu duen 32 urteko Josu Vianaren testigantza izango dute, Batzarremuñon. Jokoak bere bizimoduan nola eragin duen, handik libratzeko zer egin behar izan duen eta bidean zer galdu duen kontatuko du.

Bezperan, Aritz Ganboa artzainaren bisita jasoko dute. Bideak dokumentala ikusteko aukera izango da, eta ostean, besteak beste, landa eremu bizi bat aldarrikatuko dute. Baina horiez gain, bi egunetan musika izango da Loatzoko ikasleekin eta Esanezinen kantaldiarekin, edota Altzoko Ostatuko Jokin Zavala sukaldariari esker menu eder bat prestatzen ikasiko dute.

XXV. OLENTZEROTAN JAKIN-MINEZ

Hilak 10, ostirala
19:00. Lurtaro elikadura burujabetza bultzatzeko elkartearen aurkezpena izango da bertako bi kideren eskutik, Batzarremuño kulturgunean.

Hilak 11, larunbata
Arratsaldean. Sukaldaritza ikastaroa haurrentzat. HH eta LHko haurrentzat, Batzarremuñon.

Hilak 12, igandea
10:00-14:00. V. Azoka Eguna. Bertako eta inguruko ekoizleak salgai jarriko dituzte beren produktuak: babarrunak, mondejuak, sagarrak, eztia, ogia eta gozokiak, olioa, taloak, garagardoa, pateak, txerrikiak, ... eta baita landareak, eskulanak, jantziak, bitxiak, liburuak, xaboiak, ukenduak ... ere. Eguraldi onarekin plazan egingo dute, eta txarra bada, frontoian.
10:00-12:30. Tolosaldeko XXIII. Ezti lehiaketa. Ezti gordinak, erlezain berak Tolosaldean ekoiztuak izango dira lehian. Hiru finalistak, Zegaman martxoan ospatzen den Erlezain Eguneko Gipuzkoako Ezti Lehiaketan parte hartuko dute.

Hilak 14, asteartea
18:00. Sukaldaritza tailerra egingo dute Elordi elkartean. Altzoko Ostatuko arduraduna den Jokin Zavalak zuzenduta, parte hartzaileek hiru platerez osatutako menua prestatuko dute.
Ondoren. Elkarrekin afalduko dute prestatutako menu hori dastatuz. 15 euro ordaindu beharko da, eta udaletxean izena emateko azken eguna, ostirala, hilak 10, da.

Hilak 15, asteazkena
18:00. Musika emanaldia izango da Batzarremuñon. Loatzo musika eskolako musikari gaztetxo eta gazteek eskainitako kantu eta musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.

Hilak 16, osteguna
19:00. Bideak dokumentala eta solasaldia izango dira, Batzarremuñon. Artzain baten jatorritik abiatzen da dokumentala, eta gazta bat soinean, nafar mendietan barrena korrika erronka batean murgiltzen da Aritz Ganboa artzaina bere arbasoen herriak lotzeko: Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba. Artzaintza ardatz hartuta, landa eremua eta kultura balioan jartzea eta landa eremu bizi bat aldarrikatzen ditu. Dokumentala aurkezten izango dira Mikel Unanua zuzendaria eta Aritz Ganboa bera.

Hilak 17, ostirala
19:00. Ludopatiari buruzko hitzaldia eskainiko du Josu Viana Mujika 32 urteko zumarragarrak, Batzarremuñon. Apustuek eragindako menpekotasuna tarteko, sei urtetan zuloan egon ondoren, bizimodu berriaz gozatzen ari da. Menpekotasunari aurre egin ahala, gizartean arazo honekiko kontzientzia piztu eta ludopatiak erasandakoei laguntzeko erabakia hartu zuen eta, gaur egun, ikastetxeetan prebentzio saioak eskaintzen ditu.

Hilak 18, larunbata
19:30. Esanezinen kantaldia. Altzagarateko Ianire Aranzaberen bakarkako proiektua da. Aireratzen bere lehen diskoa aurkeztuko du, Batzarremuñon.
Ondoren. Gaztaina erreak eskainiko dituzte, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!