Udazken zaporea

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2021ko aza. 21a, 20:58

Udazkeneko hosto bakoitza udaberriko lore bakoitza bezain polita da. Kolore beroen gama guztia aurki dezakezu eurengan, pagoaren hosto ximurretatik hasi, eta laranja, gorrizta zein marroi koloredunetara. 

Horrelakoetan gogoko dut paseoan ibiltzea, tarteka bisitan datorkigun hego haizeak zuhaitzak biluzten dituen bitartean. Haizeak gehien astintzen duen zuhaitzari begiratzen diot, hosto bakoitzaren norabidean galduz, bakoitza nora iritsiko pentsatuz. Txoriek goxotasun bila alde egin duten honetan, onddoak bisitan datozkigun garaia da honakoa.

Lehen ahaztu zait esatea, baina Mattin eta ni lagun minak gara. Txiki-txikitatik aurkitu genuen elkarren konexioa. Eta oso jende gutxirekin egin ditzaket mendian, norabiderik gabeko ibilaldiak. Garaile zein irabazlerik gabekoak, hasiera zein amaiera zehaztugabekoak. Dena den, pena handia ematen dit Mattinek udazkenaren koloreak ikusi ahal ez izateak. Gogoan dituela esaten dit berak beti, eta sano sinesten diot; bost urterekin itsu geratu izanak ez baitizkio udazkenaren koloreak zein formak ahantziarazi. Harrigarria nola azaltzen didan guztia, berarentzat hostoa alde umelak eta ez hain umelak osatzen dute, hauskorrak eta ez hain hauskorrak... Gauza askorengandik miresten dut Mattin.

Badaki emozio guztiek egiten digutela guztioi bisita noizean behin, eta emozio bakoitza gurekin betiko gorde eta aldarte bihurtu beharrean, zer esatera datozen entzun, eta joaten utzi behar zaiela ere.

Tamalez azken boladan jada ahantziak zituen eta itsu geratu zeneko amets gaiztoek gain hartu dute berarengan. Egunak daramatza izerdi patsetan esnatuz, usain zein zarata jasanezinekin egiten du amets, eta sarritan egunean zehar iraunarazten dio ezinegon horrek. Mattinek asko daki emozioen inguruan, ederki identifikatzen ditu, eta ondo asko daki horietan egoten. Triste dagonean triste, eta alai dagoenean alai, beldur denean beldur... Gogoko dut bera horregatik ere. Badaki emozio guztiek egiten digutela guztioi bisita noizean behin, eta emozio bakoitza gurekin betiko gorde eta aldarte bihurtu beharrean, zer esatera datozen entzun, eta joaten utzi behar zaiela ere.

Batzuetan ordea, ez da erraza egiten, eta zurrunbiloan sartzeraino itxaroten dugu benetan behar dugun laguntza eskatu aurretik, eta hau laguntza eskatzera ausartzen direnen kasuan.

Tarteka begiak itxi, eta barrenak behatuko bagenitu, zu eta ni agian, Mattinen pareko izango ginateke...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!