Euskararen Eguna 2021

«Hemen bizi banaiz ezinbestekoa da euskara jakitea»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 13a, 07:57

Bettina Dür austriarra Altzon bizi da. E. MAIZ

Hasiera batean, lan eskaintza bat tarteko, bi urterako baino ez zen etorri Tolosaldera Bettina Dür austriarra (Snakt Margarethen, Austria, 1983). Altzon aurkitu du, ordea, Austriaren pareko herria eta bertan osatu du familia. Euskara ikasteko ahalegin handia egiten ari da, eta garbi du egunen batean euskara ondo hitz egingo duela.

Noiz etorri zinen lehenengo aldiz Euskal Herrira?

Orain dela hamar urte. Lana suertatu zitzaidan hemen, eta lanagatik etorri nintzen. Hasiera batean bi urterako izan behar zuen, baina Iker [Otamendi] ezagutu nuen, eta hemen nago.

Iritsi aurretik bazenuen Euskal Herriaren berririk?

Ez. Austrian ez digute ezer kontatzen, eta ni Espainiara nentorren. Euskal Herriaz entzuna nuen, baina ez nekien benetan zer zen.

Eta euskararen berririk bazenuen?

Jakin bai, baina, dialekto bat dela pentsatzen duzu. Hizkuntza zela ez nuen uste, eta ezta bere kultura eta atzean duen pisu guzti hau zuenik ere.

Ingelesa jakinda iristen zara hona.

Bai. Ingelesarekin iritsi nintzen. Lehenengo asteburu batean etorri nintzen bisita egitera lekua ezagutzeko, eta lana onartu edo ez erabakitzeko. Hiru hilabete geroago bi urterako etorri nintzen. Pisua bilatu bitartean, lehenengo hilabetean Tolosako Hotel Orian bizitu nintzen.

Eta noiz entzun zenuen lehenengo aldiz euskara? 

Bulegoan. Hasieran asko kostatzen zitzaidan gaztelania eta euskara ezberdintzea. Nik ez nituen ez bat eta ez bestea hitz egiten, eta hasieran niretzat dena bat zen. Gero, ordea, segituan ohitzen zara, eta biak bereizten dituzu.

Hona iritsi eta berehala hasten zara ikasten?

Bai, gaztelania bai. Bulegoan abantaila nuen mundu guztiak ingelesa hitz egiten duelako, baina gero pisu bat aurkitu behar duzu, bankuko kontu korronte bat behar duzu, mugikor bat kontratatu nahi duzu,... eta guzti horretarako ingelesarekin ez zoaz inora. Guzti horretarako laguntza behar nuen. Ez zen posible, eta ikastaro bat aurkitu nuen eta gaztelania ikasten hasi nintzen.

Eta euskara?

Ikerrekin. Hasiera batean bi urterako nentorren, eta ez du zentzu handirik euskara ikasteak. Hain denbora gutxian ez duzu denborarik eta bizitzak ez dizu ematen. Denbora luzerako izango zela ikusi nuenean bai; orain oso garrantzitsua iruditzen zait euskara ikastea eta jakitea. Orain hemen bizi naiz, eta nire gunea hemen dago.

Eta euskara ikasten hasten zara.

Bai, pixkana-pixkana euskaltegian hasi nintzen, eta alaba zaharrenak jada sei urte egingo ditu, eta hartu eta utzi ibili naiz. Nekatuta ere banengoen. Hizkuntza bat ikasi berri duzu, eta hizkuntzen nekea hor dago. Ez nengoen fresko beste hizkuntza bat ikasteko. Nik uste dut gaztelania nire ama hizkuntza izango balitz, euskara ikastea ezberdina izango litzatekeela. Euskaltegian hiru urte egin ditut, baina egunero ez nintzen joaten, eta autoikaskuntza asko egin dut. Etxeko lan asko egin dut. Bi urte daramatzat euskaltegira joan gabe, eta Karmenekin [Murua] mintzapraktika egiten dut. Eta hori da garrantzitsuena: hitz egitea.

Non barneratzen duzu euskara gehien?

Eskolako patioan umeekin. Hori izan da nire iturria. Hemengo umeek azkenean euskara bakarrik hitz egiten dute, eta umeekin oso ondo moldatzen naiz.

Mintzapraktikarekin jarraitzeko asmoa duzu?

Bai. Oraindik ez dugu berrartu, baina hori da intentzioa. Astean egun bat izaten da, eta normalean paseo bat ematen dugu.

Horrek asko lagundu dizu?

Bai. Karmenekin baino ez dut euskaraz hitz egiten, edo patioan umeekin. Ikerrekin oraindik ez dut eman pausoa. Eta bakarka hitz egiten dut. Talde bateko dinamika oso zaila da.

Poliki-poliki ari zara.

Mintzapraktikak asko lagundu dit. Gauza bat eta bestea dela, euskaltegian ikasi nuen apurra ez galtzeko asko balio dit. Eta esan bezala gaztelania ere ez dut ama hizkuntza, eta garrantzitsua da ondo ahoskatzea; horrek irekitzen eta pausoa ematen lagunduko liguke euskara ikasten ari garenoi. Karmenek ahalegin handia egiten du nik uler dezadan, bestela elkarrizketetan galdu egiten naiz. Eta niri gauzak ondo egitea gustatzen zait, eta baldin badakit ez dudala ondo egingo uzteko arriskua dut. Jende batek badaki ulertzen dudala, eta euskaraz egiten didate, baina gaiaren edo egoeraren arabera batzuetan hizkuntza aldatzeko eskatu behar izaten dut, galdu egiten naiz. Eguneroko dinamikan oso azkar hitz egiten da. 

Zure hiru seme-alabekin ere ez duzu erabiltzen?

Alemanez hitz egiten dut nire umeekin. Eta euskaraz egiten badiet ere, alemanez erantzuten didate.

Eskualde euskalduna eta herri txiki euskaldun batean bizi zara. Nolakoa da esperientzia?

Ona. Austrian ere herri txiki batekoa naiz, eta esperientzia antzekoa da. Jende guztiak ezagutzen du jende guztia, eta horrek bere alde onak eta txarrak ditu, eta ohituta nago. Hiri handietan bizi izan naiz, baina orain haurrekin herri txiki batean bizitzea hobea dela pentsatzen dut.

Altzon denek jakingo dute Austriakoa zarela.

Bai, etortzerako badut bitxikeria bat. Fermin Murua baserritarrak bere baserrian trukea egin izan du eta austriarrak etortzen ziren uda pasatzera. Herri hau ohituta dago austriarrekin eta esperientzia ona izan dute. Oso ondo hartu naute. Eta nik ez nekien Fermin nor zen ere, eta austrieraz kasu egin zidan. Erabat harrituta geratu nintzen, eta nire herria ezagutzen zuela esanez gerturatu zitzaidan. Kasualitatez, nire herriko mutil bat egona da Altzon. 

Zein onura eman dizu euskara jakiteak?

Euskara jakin gabe ere inork ez nau gaizki begiratzen. Euskaraz pixka bat hitz egite hutsagatik zerbait oso ona egingo banu bezala tratatzen zaituzte. Ez dakit harritu den hitza, baina euskara ikastea inork ez du ematen egintzat. Ahalegina egiten ari naizelako oso eskertua sentitzen naiz, asko baloratzen du jendeak eta hori gustatzen zait. Baina nik bai ikusten dut beharrezko euskara ikastea. Hemen bizi banaiz, nire seme-alaben hizkuntza da, euskaldunak dira eta hemengoak dira, beraz, ezinbestekoa da euskara jakitea. Eta nire seme-alabentzat ere uste dut garrantzitsua dela beraien amak euskara jakitea.

Ikasten jarraitzea da zure helburua.

Bai. Umeak jada hazten doaz, eta pentsatu nahi dut denbora gehiago izango dudala niretzako, eta denbora horren zati bat euskara ikasten inbertitzeko asmoa dut. Egunen batean ondo hitz egingo dut.

Euskara zaila dela esaten da. Zer diozu?

Esan dezaket gaztelania baino askoz ere zailagoa dela. Hain da bakana, ezin duzu beste inongo hizkuntzarekin loturarik egin.

Eta nola daramazu euskalkien kontua?

Nahiko ondo. Gipuzkoan nahikoa batua hitz egiten da. Esaterako, Bizkaia edo izango balitz, beste zailtasun bat gehituko litzateke. Entzutea baino zailagoa askotan mezuak irakurtzea egiten zait. Lagun arteko WhatsApp mezuetan hitz bakar batean hiru hitz sartzen dituzue [kar kar kar].

Esaterako, eskolako bilerak eta normalean ondo jarraitzen ditut. Ez badut ulertzen galdetu egiten dut, eta gaztelaniaz azaltzen didate. Baina justu hori da nik nahi ez dudana, guraso talde batean niregatik hizkuntza aldatu behar izatea. Ez dut nahi, eta ez zait ondo iruditzen. Horregatik nahiago dut nik ikasteko eta entzuteko ahalegina egitea. Hala ere, oso esperientzia ona dut irakasleekin ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!