Altzoko Udalak antolatuta Altzoko Handiaren istorio harrigarria ezagutzeko beste aukera bat izango da igandean. Antolatzaileek "harrera ona" izan dutela adierazi dute, baina, oraindik igandeko bisita gidatuan leku batzuk libre daudela jakinarazi dute.
Bihar da izena emateko azken eguna, eta lekua erreserbatu behar da 943 67 02 49 telefono zenbakira deituta edo artelatz@artelatz.eus posta elektronikora idatzita. Beraz, nahi duen orok, Migel Joakin Eleizegi Ateagaren bizitza ezagutzeko eta harekin lotutako hainbat leku esanguratsu ikusteko aukera du gidari aditu baten eskutik.
10:30ean elkartuko dira Altzo Muñoko Batzarremuño kultur etxean, eta dokumental labur bat ikusi eta gero, erakustokia bisitatuko dute eta jarraian ibilaldi zirkular bat egingo dute, Altzoko Handiaren bizitzan esanguratsuak izan ziren hainbat leku ezagutuz: jaiotetxea (Ipintza baserria), Altzo azpiko eliza, hilerria, bere omenez egindako monumentua...
Pertsona bakoitzak hiru euro ordaindu beharko du, eta landa ingurunetik ibilaldiak egiteko gutxieneko ohitura izan behar du joaten denak.