Bisita gidatuen bidez Altzoko Handia ezagutzeko aukera izango da

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 22a, 07:56

Altzoko Udalak bi bisita gidatu antolatu ditu Altzoko Handia hobeto ezagutu ahal izateko. Urriaren 31n eta azaroaren 7an izango dira gidari aditu baten eskutik, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Bi bisita gidatu antolatu ditu Altzoko Udalak. Urriaren 31n eta azaroaren 7an egingo dituzte, eta nahi duen guztiak parte hartu dezake. Gidari aditu bat izango dute bidelagun Migel Joakin Eleizegi Ateaga, Altzoko Handiaren bizitza harrigarria ezagutzeko. 

10:30ean elkartuko da taldea Altzo Muñoko Batzarremuño kultur etxean. Bertan, hasteko,  dokumental labur bat ikusiko dute, eta ondoren erakustokia bisitatuko dute. Jarraian, ibilaldi zirkular bat egingo dute bisitariek, eta Altzoko Handiaren bizitzan esanguratsuak izan ziren hainbat leku ezagutuko dituzte: jaiotetxea (Ipintza baserria), Altzo azpiko eliza, hilerria, bere omenez egindako monumentua...

Saioak guztira 2,5 ordu inguruko iraupena izango du. Adin guztietako herritarrek har dezakete parte bisita gidatuan, baina kontuan izan behar da ibili egin behar dela. Landa ingurunetik ibilaldiak egiteko gutxieneko ohitura izan beharko du izena ematen duenak, eta oinetako zein janzkera egokiarekin joan beharko du.

Bisitak euskaraz izango dira, eta nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea. Pertsona bakoitzak hiru euro ordaindu beharko ditu egunean bertan.

Informazioa nahi duenak Altzo.eus webgunean izango du eskura, edo bisita zerbitzuak erreserbatzeko 943 67 02 49 telefono zenbakira deitu daiteke edo artelatz@artelatz.eus helbide elektronikora.

Astean zehar, ikasleen bisitak

Ikastetxeei begira ere bisita gidatuak egiten ari dira, eta "oso harrera ona" izaten ari dela ikastetxeei egindako eskaintza adierazi dute: "Jada hasi dira ikastaldeak Altzora etortzen bisita gidatuak egitera".

Ikasturte osoan zehar izango dute aukera, beti ere, bisita egutegiak baimentzen duen bitartean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!