Puntuka jositako ipuinak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2021ko ira. 26a, 20:58

Amonak izugarri maite ditu dortokak, Garikoitzek bezainbeste ziur aski. Eta biloba piccolo etxera iristen denerako buruari buelta eta buelta ibiltzen da honi zein ipuin kontatuko. Madoooona! Gaurkoan bat berezia nahi duela ari da pentsatzen amona, Toscanan egiten ikasitako antipastia jatez amaitzen duen bitartean. Bost urte betetzeak merezi duen adinakoa...

Jada bere bilobak badaki gure arbasoen kulturan dortokaren oskolak ama-lurra sinbolizatzen duela, eta honakoa hamahiru zatitan banaturik dagoela, ilargiak urtean dituen hamahiru aroak bezalaxe. Eta baita hainbeste denbora lurrean igaro izateak oso animalia burutsuak egiten dituela. Eta erlijio Budistan dortoka txiki bat erraldoi batean berraragiztatu zela, itsasoan ito beharrean zeuden marinelak hondartza ertzeraino oskol erraldoian emanda salbatzeko. Asko daki nire bilobak!

Amonak dio azken ipuin hau duela gogokoen Garikoitzek. Baina gaurkoa bereziena izango den errezeloa du amonak, josteko makinari zarata bizia ateratzen dion bitartean. Bien bitartean balkoitik begira dirauen Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kaleak lasaitasuna ematen dio. Tarteka atzera egin eta Donostian suak kiskali ez zuen kale bakarra izateak nostalgia zein harrotasun punttu bat ematen baitio amonari. Frantses okupazioa eta tropa anglo-portugesengandik urrun zein salbu sentitzen da amona. Gainera, eguraldiak laguntzen badu, josteko makinaren mahaia leihora gerturatzen du amonak, eta hanketan eguzkiak jotzen dionean jojoba olioa igurzten du azala leun eta gazte manten dezan. Makinaren laguntzaz egindako azkena berriz, Garik eskolara hamaiketakoa eramateko zorrotxoa izan da, gaur gauean labean jada usaina darion txokolatezko bizkotxoarekin batera oparituko diona alegia.

Jada bere bilobak badaki gure arbasoen kulturan dortokaren oskolak ama-lurra sinbolizatzen duela, eta honakoa hamahiru zatitan banaturik dagoela, ilargiak urtean dituen hamahiru aroak bezalaxe.


Tripa bapo beteta, amonaren amantalean tiraka dirau Garik. Lo hartu aurreko ipuinaren zain dago. Amonak halabeharrez honela dio: -Badakizu Australian bazela Tiddalik izeneko dortoka bat ezta? Ba honek izuuuuugarrizko egarriak izaten zituen. Eta beste animaliak baino ur kantitate askoz ere handiagoak edaten zituen. Halako batean, beste animaliak ur falta sumatzen hasi ziren. Eta animalia guztiek bilera luuuuuze bat egin zuten euren ur falta asetzeko zer egin pentsatuz. Halako batean, delfinak ideia paregabe bat izan zuen. Dortokari isatsean kili-kiliak egitea edan zuen ur guztia bere ahotik atera zedin. Keinu horrekin, dortoka parrez lehertzen hasi zen eta edan zuen ura bere ahotik ateratzen hasi zen itsaso zein errekak urez betez...

Itsasoa entzunarazten dion maskorra eskuin belarrian estu helduz, eta bestetik amonaren ipuin goxoa entzunaz hartu du lo Garik. Amonak ere pozez txoratzen hartu du erretiroa. Aldenik alde ageri zaion irribarreak ageri du bilobak jasotako oparirik gustukoena bere ipuina izan dela. Arropa eranzten duen bitartean amonak marmarrean zera dio: Izan e oaingo makinak eta ixtorik, goxo lo itteko ipuin goxo bat kontatzea bezelakoik eztao...

Amona, zuk bai jakin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!