ELKARRIZKETA

«Amatasun eta emetasunetik sortutako abestiak dira»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2021ko ira. 5a, 07:57
Maixa Lizarribar bere instrumentu kuttuna eskuan duela. PEDRAM YAZDANI

Maixa Lizarribar (1971 Altzo), trikitia maite duen edonork ezagutzen du. Txikitatik oso argi zuen berak soinu txikia jo nahi zuela, plazak oraindik gizonezkoenak ziren garaiak ziren artean. Ikasten hasi bazen hasi, trikitiari loturik egon da bere bizitza eta soinu txikia kotxeko maletategian izaten du gehienetan. 

Ixiar Orejarekin batera Trikiti Txapelketako finalera iritsi zen lehen emakume bikotea izan zen 1988an. Taldea osatu eta erromeriak etorri ziren gero. Baita lau disko ere, erromerien gainbeherarekin amaitu zen bikotearen ibilbidea. 2002an trikiti eta jazz doinuak uztartu zituen diskoa kaleratu zuen Sentitzen naiz izenarekin. Kolaborazioak ere egin ditu han eta hemen. Orain, oholtza emakumeena egin duten lau musikariekin, AMAK taldea osatuz, soinu txikian tekla gorri bana dutela, disko berriko kantuak Euskal Herrian lau haizetara zabalduz dabil. Urtean zehar, trikiti irakasle da, Arrasaten ia 30 urtez eta eskualdean, Alkizan eta Loatzo musika eskolarekin hainbat herritan.

Maiatzean kaleratu zenuten diskoa eta orduz gero hamazazpi plazatan astindu dituzue pandero eta trikiti doinuak.

Gure lehenengo kontzertua, Bergarakoa, oso urrun ikusten dut orain, oso urduri ginela dut gogoan, orduz gero geratu gabe ibili gara eta gure zuzenekoek ere eboluzio bat izan dute. Kantuak beste modu batera defenditzen ditugu orain agertokian, barneratuak ditugu.

Oholtza gainean egiten duzuenak ere badu ordea ikuskizunetik. 

Zuzeneko emanaldien estetika asko zaindu dugu. Pasa den urteko udaran jotzen hasi ginenean Maurizia margotua duen pandero erraldoi bat eramaten genuen, horixe zen gure atrezzoa. Baina diskoa kaleratzean, zuzenekoa ere zaintzea erabaki genuen. Gure zuzenekoa ikusgarria da, ez baitugu musika jo eta abesten soilik. Dantzari bat ere badago eta ordubetean oholtzan gauza asko gertatzen dira, soinua, ahotsa, dantzaria, lekua iluna bada diskoko letrekin lotura duen proiekzio eta audioa ere baditugu.

«Eraldaketa hau, emakume trikitilariak plazetan sartuz gero eman da. Ez da bat-bateko bilakaera izan, ez gara zuritik beltzera di-da batean pasa. Pixkanakakoa izan da»

Zuzenekoetan zuen estetika ere asko zaintzen duzue eta diskoko azalaren koloreak ez dira kasualitatea, ezta?

Gure irudia asko zaintzen dugu bai, gustatu egiten zaigu ezpain eta azkazala gorriekin ateratzea. Guretzako egiten dugu, indarra ematen digu eta eroso sentitzen gara. Diskoko azaleko diseinua, Goretti Aranburu margolariarena da, Orexako ganbaran Gona Gorriaren bideoklipa grabatu genuenean, Goretti mihise beltz baten aurrean jarri zen eta momentu hartan sentitu zuena irudikatu zuen. Hainbeste gauza ikusten ditugu marrazki horretan! Lore sorta ikusi dute zenbaitek, dantza ikusi duenik ere bada, edota erditze baten ondorena. Irudia zaintzen Julen Aiestran eta Arkatiz Sukuntza aritu dira eta beraiek gure estetika, izatea eta izaeran oinarrituta eskatu zioten Gorettiri beltza, morea, gorria, zuria eta urdina erabiltzea.

Emanaldia eserita gozatzeko pentsatua dago. Dantzarako gogoa izango duen ikuslerik ere izango den arren.

AMAKen apustua egin genuenean, publikoak gure musika eserita entzun zezan nahi genuen. Trikitilariak izanik, guri gustatzen zaigu trikitiaz eserita gozatzea, kontzertuetan, jaialdietan edota txapelketetan eta guk hori nahi genuen. Hori ez zela posible esaten ziguten eta gerora egoerak jarri digun baldintza bakarra horixe izan da, baina gure apustua hasieratik publikoak gure emanaldiaz eserita gozatzea zen.

Letrei dagokienean, nabari da emakumeen eskua, luma, hitza.

Amatasuna, euskara, baserriko emakumea, erditzea… dira gaietako batzuk eta letrak prestatzen ari ginela naturalki atera ziren gai hauek, bila joan gabe. Tartean, Onintza Enbeita eta Karmele Jaioren letrak ere baditugu. Heldutasunetik, baina baita amatasun eta emetasunetik sortutako abestiak dira.

«Gure publikoa eserita dago eta gazteak, umeak, helduak eta aitona-amonak hurbiltzen dira gure emanaldietara»

'Atsolorra' abestia da diskoko lehena.

Erditzeari buruzko festa gogora ekartzen dugu. Krisek [Kristina Solano] ekarri zigun gaia, Ereñozun galduta zegoen tradizio bat berreskuratzeko festa bat egin zutela eta. Aspaldiko garaietan, haurdun zegoen emakumeari, herrian umerik ez zuten emakumeek erditzea prestatzen laguntzen omen zieten eta atsolorra bezala ezagutzen omen zen. Oso gai polita iruditu zitzaigun.

«Gona gorri-gorria zazpi jostunek josia» abestu izan dugu beti. Zuen 'Gona gorria' abestiak badu mundua aldatzeko gogorik.

Kantuak prestatzen hasi ginen garaian, Bilboko mutil nerabea eskolara gonarekin joan zen eta horrek sekulako zalaparta sortu zuen. Gaia oso ona iruditu zitzaigun eta jantziek sexurik ez dutela aldarrikatu nahi dugu. Zergatik ez dugu nahi duguna izan behar edo zergatik ez dugu nahi duguna jantzi behar?

Ixiar Oreja pandero jotzailea bikote zenuela, 90eko hamarkadan, zuen letrekin trikiti kantuen gaiak aldatzen hasi zineten, iraultzen. Zenbat aldiz jo ote zenuten erromerietan 'Emakume jaio nintzen'? 

Erromerietan plazarik plaza ibili ginen garaiak izan ziren. Furgonetan musika ekipoa hartu, lekura iritsi, ekipoa muntatu, emanaldia eskaini eta eguna argituta etortzen ginen etxera. Hurrengo egunean beste kontzertura joan arteko tartea arte. Orain atzera begiratu eta ezinezkoa iruditzen zait hori egitea, hori hogei urterekin egiten duzu. Guk gure ikuspuntua ematen genien kantuei, gure bizipenetatik ari ginen abesten, naturalki. Eraldaketa hau, emakume trikitilariak plazetan sartuz gero eman da. Ez da bat-bateko bilakaera izan, ez gara zuritik beltzera di-da batean pasa. Pixkanakakoa izan da. 

Trikitilariak, plazak eta gaiak oso maskulinoak ziren garaietan hasi zineten Maixa eta Ixiar gisa.

Trikitia oso mundu maskulinoa izan da eta doinuak eta plazetako oholtzen espazioa gizonezkoenak ziren. Ixiar eta ni jotzen hasi ginenean, gustuko genuelako eta egin nahi genuelako egiten genuen, naturaltasunez. Abesti asko, eskuak burura eraman gabe kantatzen genituen, asko pentsatu gabe, zenbait gai horrela zirela pentsatzen genuelako akaso. Orain letra haiek beste begirada batekin interpretatzen ditut. Gure kantatzeko tonua ere gizonezkoena zen, horra ere moldatu egin ginen, gero denborarekin tonua gureganatu bagenuen ere. 

Emakumezko erreferentziarik izan al zenuen?

Bai, nik bi emakume ezagutu nituen plazan jotzen. Ondo gogoan dut, Mamen Maltzeta panderoa jotzen ikusi nuen hura. Sei urte nituen artean eta txapelketa batean izan zen, bere aita esku soinu txikia jotzen eta bera panderoa. Niri horrek zer pentsatua eman zidan eta etxean esan nien: «Niri esaten didazue hau ez dela nire (emakumeen) mundua eta hor badago neska bat jotzen. Eta erantzuna izan zen: «Bai baina bere aitarekin ari da…». Soinua jotzen ezagutu nuen lehenengo emakumea berriz, Miren Etxaniz izan zen, Bingen bikote pandero jotzailearekin, txapelketa batean izan zen hau ere.

«Abesti asko, asko pentsatu gabe kantatzen genituen. Orain letra haiek beste begirada batekin interpretatzen ditut»

Mauriziak ere utzi zuen inpregna trikitiaren munduan.

Mauriziaren berri gerora jakin nuen, trikitia jotzen hasia nintzen ni ordurako, baina ez nuen plazan berarekin kointziditu. Gu hasi ginen urtean hil zen bera. Disko bat grabatu zuen senarrarekin eta diskoaren azaleko argazkian ageri da. Bere ahotsak berriz, gizonezko batena dirudi erregistro eta tonalitateagatik. Trikitilari punk bat izan zen Maurizia. Baina ez zen bakarra izan, Maurizia asko zeuden, Inesak, Paulak…

Baina plazetatik kanpo, ezta?

Etxean jotzen zuten. Emakumeak zirelako soilik ez ziren plazara jotzera ateratzen. Maurizia plazara bere senarrarekin ateratzen zen. Trikitia ikasten hasi nintzenean topatu nituen emakume trikitilari gehiago eta hasi eta gutxira nire irakaslea Karmele Arruti izan zen, Villabonako Martin musika etxean.

Trikitilari izan nahi zuen Maixa txikiari, etxean mundu hori gizonezkoena zela esan bazioten ere, soinu txikiari loturik dago zure bizitza, ogibidea, pasioa.

Gure etxean ere, etxe guztietan bezala erreferente maskulinoak zituzten barra-barra eta nik soinu txikia jotzea ez zuten oso argi ikusten. Gerora, gure ama kontzertu askotara etorri da, ahal duen guztietara. Ixiarrekin jotzen nuenean, taxi lanak egiten zituen hasieran, gidatzeko baimenik ere ez genuelako. Orain berriz, AMAKen hainbat kontzertutan izan da. Aitari, guk egiten duguna ez zaio hainbeste gustatzen. Berari Epelde gustatzen zaio eta onartu eta errespetatzen dut. Gustu kontua da, berarentzako guk egiten duguna ez da trikitia.

Gaurko gazteen artean, emakumezko trikitilari asko dira erreferente. 

Emakumeak plazetan ikustea munduko gauzarik normalena da beraientzako. Era berean, gure aurretik erreferente ziren haiek, Laja, Landakanda edota Kepa Junkera ez dituzte erreferente nire ikasleek adibidez. Orain erreferentea Untza da, lan asko egin dute eta beraien musika gazteei iritsi zaie, hori da beraientzako trikitia eta hori da jo eta ikasi nahi dutena. Gutxi batzuei, gustatzen zaie garai bateko estiloa, baina hori gustatzea ere oso aberasgarria da.

Soinu txikia ez omen da euskalduna!

Italiako Alpeetatik ekarri zuten trenbideko lanak egitera etorritako familiek eta gurea egin dugu naturalki. Trikitia beti egon da Euskal Herrian, musika zen azken batean, baina txistua, alboka dultzaina eta txalapartarekin egiten zena. Soinu txikia alpetar hauek utzitako herentzia da eta trikitia jotzeko erabili eta gurekin geratu zen. Gaur egun betikoa eta hemengoa dela dirudi baina gurean ez dut uste 150 urte dituenik.

«Kontzertuetan emozio asko pizten zaizkit, anabasa moduko bat da askotan eta ondorenean adrenalina mugitzen zait, osasungarria da sentipen hori»

Ixiarrekin eman zenuen lehen emanaldi hartatik publikoa aldatu al da?

1988an izan zen lehenengo erromeria, Aiako Laurgain auzoan. Lehen egiten genituen saioak hiruzpalau ordukoak ziren eta jendeak dantza egiten zuen, gure musikak haien parranda girotzen zuen. Erromerien gainbehera etorri zen gero. Orain berriz, gure publikoa eserita dago eta gazteak, umeak, helduak eta aitona-amonak hurbiltzen dira gure emanaldietara. Gu ikustera etortzeko trikitia gustukoa izan behar duzu. Soinu txikia jotzen ikasi duten gehienek heldutasunean agian ez dute trikitia jotzen, baina entzuten jarraitzen dute eta publikoan ikusten ditugu. Lotura hori mantentzen dute, oroitzapen politak dituzte trikitiarekin eta polita da hori.

Emanaldia Berrobin edo Barakaldon izatea ordea ez da berdina izango, ezta?

Kontzertu bakoitza da erronka bat. Etxe inguruko kontzertuak gogotsu hartzen ditugu, beti baitugu aurpegi ezagunen bat. Adunan, Berrobin… bertako jendea hurbiltzen da eta aspaldi ikusi ez duzun jendea ikusteko aukera izaten da. Kontzertuetako toki bakoitza mundu ezberdin bat da, hala ere. Barakaldon jo genuenean, hiru emakume zeunden lehen ilaran guri adi-adi begira, hitz egiten genuenean publikoko batzuk erantzuten zuten eta besteek ez. Krisek zuzenean galdetu zuen erdaraz: «Nork daki euskaraz, hemen?». Emakume hauek ez zekiten eta hantxe zeunden eserita gu entzuten! Egoera honetan egia da, herrietan jendeak dagoena kontsumitzen duela eta tartean izaten dira trikitia oso gutxi edo batere ez entzun dutenak. Egoera bereziak sortzen dira.

Amaia Oreja, Kris Solano, Alaitz Telletxea eta Maixa Lizarribar dira AMAK. P.Y.

Kontzertuetan oraindik urduritasun puntua izaten duzula aipatu duzu, erronka berri bat dela bakoitza. Esperientziak ez al dakar lasaitasuna eskutik helduta?

Orain lehen baino kritikagoa naiz neure buruarekin, lehen, jo eta gozatu egiten nuen. Orduan ez zen grabatu ere egiten eta orain medio asko dauzkagu, gure kontzertu bat edozeinek igo dezake sarera eta hori kudeatzea ez zait erraza egiten. Alde horretatik presioa sentitzen dut, ez nago ohitua. Ikasleek Youtuben ez nagoela esaten didate; gaur egun den-dena dago sarean. 2014an Ixiarrekin eman nuen emanaldi bat igo zuten eta hori dago. Hala ere, presioak presio, kontzertuetan emozio asko pizten zaizkit, anabasa moduko bat da askotan eta ondorenean adrenalina mugitzen zait, osasungarria da sentipen hori. Gure artean sortzen den giroa mundiala eta gure helburua taldekide gisa ondo pasatzea da, balantzan horrek irabazi behar du.

Aurrerantzean ere agendan kontzerturik ez zaizue falta.

Urte bukaera bitarteko kontzertuetako datak baditugu eta udazkenean emanaldi berezi batzuk emango ditugu. Ikaragarri ari gara gozatzen egiten dugunaz, zuzenekoaz. Datorren urterako ere hasi dira eskariak egiten, orain oso urrun ikusten baditugu ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!