Artez eta kulturaz beteko da natura seigarrenez

Leyre Carrasco 2021ko abu. 19a, 17:12

Azken Muga nazioarteko arte eta kultura jaialdiaren edizio berria bihartik hasita urriaren 2ra bitartean izango da.

Bider X, bider Y, bider Z lelopean emango diote aurtengoan Azken Muga jaialdiaren seigarren edizioari ongi etorria. Diziplina, formatu desberdin eta era guztietako jarduera ugarik habia egingo dute Zarateko espazioan, bete eta hustu egingo dute, bizikidetzatik eta bertan bizi den bizitzarekiko errespetutik abiatuta. Hain zuzen, bihartik hasita urriaren 2ra arte naturan barrena euskal arteaz eta kulturaz gozatzeko aukera izango da Azken Muga.

Gaur aurkeztu dute aurtengo edizio berria Altzoko aulki erraldoiaren ondoan, eta hain zuzen, Azken Mugaren ikur bihurtu dela dio Migel Zeberiok, Et Incarnatus orkestrako zuzendariak: “Zurginen lanbidea, herri txikietako bizimodua eta hiri handietan galtzen ari den zerbait irudikatzen du aulkiak. Horren harira ekartzen dugu artea bera”. Beste urte batez, jaialdiari ongi etorria emanez dantzatu du goizean aulki erraldoira igota Rexu Balerdi dantzari beterano eta ezagunak, Zeberio (panderoa) eta Maixa Lizarribarren (trikitixa) doinuen laguntzaz.

Erakusketa kolektiboa

Egitarau zabala izango du aurtengo edizioak, eta artista-egoitza batekin emango zaio hasiera jaialdiari.  Hamar egunez, hainbat nazionalitatetako artistek diziplina anitzeko proiektuak egingo dituzte, inguruneari zuzenean lotuta. Materialak, haien degradazio naturala, obraren izaera ez-iraunkorra, eraikuntzaren erraztasuna, ingurumenean ahalik eta gutxien esku hartzea eta naturgunean erabat integratzea izango dira euren ikerketen gaia.

Gainera, 50 urte ostean, Barakaldo 71 Arte Plastikoen Lehen Erakusketaren urteurrena ospatuko da eta bertara 70 bat eskultore bilduko dira bakoitzaren formatu txikiko lan bana aurkeztuz. 

Eskulturari dagokionez, larunbatetik hasita irailaren 5era arte 20x20x20 izenpean formatu txikiko 50 eskultore baino gehiagoren piezak izango dira bertan, eta horien artean lehen erakusketa mitiko hartan parte hartu zutenen lanak ere egongo dira ikusgai. Pintura erakusketa irailaren 18tik urriaren 2ra izango da. 

Honi esker, urrats garrantzitsua eman dutela adierazi du Gillermo Olmo eskultoreak: “Urte asko igaro dira ez dela erakusketa kolektiborik egiten Euskal Herrian. Izan ere, lehen erakusketa kolektiboa Barakaldon egin zen, 34 eskultorekin, eta oraingoan artisten kopurua bikoiztea lortu dugu”. 

Horrez gain, abuztuaren 28tik aurrera ospatuko den Land Art ekimena ere azpimarratu du Olmok. Hain zuzen, artista egoiliarrek Zarateko pagadian utziko dituzten proiektuekin forma hartzen joango den ekimena da. “Europan oso ohikoa den jarduera da, baina Euskal Herrian ez dugu ohitura hori. Hala ere, egun badirudi jendea aisiaz gozatzeko beste modu batzuk ikusten ari dela kulturarekin, artearekin eta naturarekin”, gehitu du.

Hiritik herrira

Kulturak ohikoak dituen lekuetarik atera eta beste espazio batzuetara eramatea lortu dutela azaldu du Patxi Amantegi Tolosako zinegotziak. Era berean, Elena Scatti artista italiarrak ere landatarra aukera kulturala izan dadin saiatzen ari direla esan du: "Hiriak duen hori eskaintzea”.

Hala nola, Jose Antonio Sainz Alfarok zuzendutako Orfeoi Donostiarrak hiritik herrira egingo du salto, Zeberiok zuzendutako Et Incarnatus orkestrarekin batera. Bi abesbatzek Izpirituzkoa & Herrikoia interpretatuko dute irailaren 25ean. “Donostiko orfeoia prest dago halako proiektuetan parte hartzeko eta bertan frogatzen du eszenatoki eta hiri handiez gain, naturan eta herri txikietan baduela konpromezua eta gaitasuna ere euskal kultura jorratu eta garatzeko, baita herriari musika eta kultura helarazteko ere”, azaldu du Orfeoi Donostiarrako abeslaria den Peru Odriozolak.

“Orfeoiak duen hurbiltzeko aukera bat dela esangonuke, bereziki jendarteari helarazteko gure mezua, musika eta artea. Bizirik mantentzen gaituen zerbait da eta uste dut aukera paregabea dela behin eta berriro hori azaleratzea”, gehitu du Jon Lasa abeslariak.

Informazio gehiago eta programazio guztia Azken Mugaren webgunean ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!