San Inazio eguna dantza emanaldiarekin hasi dute Altzon

Ataria 2021eko uztailaren 31

Herriko Artea dantza taldeak eta herriko musikariek emanaldia eskaini dute eguerdian eskolako aterpean; arratsaldean, 19:00etan, bertso jaialdia izango dute.

Uztailaren 31a, San Inazio eguna gaur, eta festa eguna Altzon. Uda osoko kultur egitaraua zuten antolatuta, eta gaurko eguna ospatzeko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Goiz eresia izan dute, lehenik, txistulariekin, eta ondoren, eguerdian, Artea dantza taldeak eta herriko musikariek emanaldia eskaini dute eskolako aterpean. Jendetza gerturatu da herriko haur eta gaztetxoek prestatuta zutena ikustera.

Arratsaldean, bertso jaialdia izango dute, hau ere,eskolako aterpean. 19:00etan hasiko da, eta bertsotan Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Joanes Illarregi, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio aritu dira; gaia jartzen, berriz, Manu Olano herritarra. Eta bihar, 19:00etan, Kale gorrian kale antzerkia ikusteko aukera izango da, Barsanti taldearen eskutik, herriko plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!