Hasi dira Altzo Azpiko obrekin

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko uztailaren 13a

Altzoko Udalak hasi ditu Altzo Azpi Tolosatik Alegiara datorren bidegorriarekin lotzeko lanak. Hiru-lau hilabetez luzatuko diren obrak dira, eta errepidea gurutzatu ahal izateko zebrabide bat jarriko dute semaforo batekin. 

Altzoko Udalak Altzo Azpik bidegorriarekin lotura zuzena izatea nahi du, eta horretarako obrak egiten hasi dira. Udalaren iniziatibaz egingo dira lan horiek, eta horrela, Altzo Azpi Tolosatik Alegiara doan bidegorriarekin lotuko dute.

Bidegurutze hori «arriskutsutzat» du udalak, eta oinezko bide baten bidez lotu egingo dituzte Altzo Azpi eta bidegorria. Altzo Azpin mendiari lur zatia kenduko diote lehenbizi, eta lan horiekin hasi dira. Lur zatia kenduta oinezkoentzako bidea egingo dute. Gero, bidea gurutzatu ahal izateko zebrabidea jarriko dute, eta baita semaforo bat ere. Hiru edo lau hilabetez luzatuko diren lanak izango dira.

Altzoko Udalak egingo du obra, eta diru laguntzak lortu dituzte horretarako. Eusko Jaurlaritzatik eta foru aldundiko errepide sailetik lortu dituzte laguntzak. 80.000 euro jarriko ditu bakoitzak. Guztira, 300.000 euro inguruko kostua izango du lan guztiak egiteak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!