2020. urteak Altzon eman duen guztia jaso dute urtekarian

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 13a, 11:58

Ostiralean aurkeztu zuten 2020ko Urtekaria Altzon; urtero moduan, harrera «ona» izan du herritarrek herritarrentzat egiten duten lanak.

21. urtekaria argitaratu dute Altzon. Pasa den ostiralean egin zuten urtekariaren aurkezpena, eta herritarren artean banatu dute 2020. urteak Altzon eman duena jasotzen duen urtekaria. Bigarren urtez jarraian Mari Murua herritarrak hartu du urtekaria koordinatzeko ardura, eta gustura azaldu da aurtengoak eman duenarekin.

Ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta «oso ondo» atera zela azpimarratu du Muruak. Karmen Muruak egin zituen aurkezpeneko gidaritza lanak, eta besteak beste, Jexux Murua, Manuel Olano eta Naroa Olanok beraiek idatzitako artikuluen gainean hitz egin zuten.

Jendeak «gogoz» hartzen duela urtekaria eskuen artean esan du Muruak, eta jakin-mina izaten dutela: «Zeri buruz hitz egingo ote den edo beraiek aterako ote diren». Aurtengo aurkezpenean gazteak gutxiago izan zirela kontatu du, eta haur eta heldu dezente gerturatu zirela.

Kultura Batzordetik bideratzen dute urtekaria, eta Aste Santuen bueltan hasten dira lanean. Ideiak bildu, gaiak aukeratu eta lanak banatu behar izaten dituzte. Atal finkoak baditu urtekariak, eta horrez gain, urtero idazten duenik ere bada. Esaterako, herriko eskolak edota udaletxeak urtero dute beren txokoa urtekarian, urtean zehar egin dutenaren berri herritarrei emateko. Errezeta, jaiotza eta heriotzak, eguraldia... ere urterokoak dira, eta aurtengoan, gaien artean, Santa Barbara ermita, pilotariak, horma irudia, Altzoko Handia, feminismoa, Euskaraldia, bertsoak edota COVID- 19a izan dituzte.

Aldiz, motzean atalean, «herriko gertaera guztiak jartzen dira argazki eta guzti», zehaztu du Muruak. «Erasmusera joan bazara, ikasturte amaierako bidaia edo urtebete kanpoan pasa baduzu edo, jada ia badakizu aldizkarian idaztea tokatuko zaizula».

Lehiaketaren orria ere urtero izaten du, eta saria du galdera guztiak ondo erantzuteak. Galderak erantzun ostean udaletxean aurkeztu behar da orria, eta hilaren 26a baino lehen egin beharko dute.

Guztiz lan boluntarioa dela ekarri du gogora Muruak, eta derrigorra ez den arren, herritarrek prestutasuna agertzen dutela azpimarratu du.

Bukatzeko, «eskerrak» eman nahi izan dizkie aurtengo urtekaria egitea posible egin duten guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!