Des-konexioa?

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2021ko uzt. 11a, 19:58

Uzta hil usaiarekin batera hasten da gure des-konexioa. Lehen, egunerokotasunean onartutako betebeharrak egin eta uda usainari itxaroten genion. Orain, lehenago edo beranduago askok berehala oporrez gozatzeko astia izanen dugu.

Eta nik, uda honetarako zera erabaki dut: ondo jate horri zertxobait uko egitea, ze arraio, izugarrizko gogoa daukat mota guztietariko restauranteak frogatzeko: gaur japoniarra, bihar mexikarra, eta etzi etxe-etxeko kazuelak prestatzen dituzten otordu goxoa. Eta... gorputza, mugimendu gogoa daukadanean soilik mugiaraztea. Eta maite eta ez hain maite ditudanekin bidaiatzea. Eta aspaldian egin ez ditugun juergak egitea. 

Uda aurreko etapari amaiera emateko, Sherab lorea izeneko Yoga zentrora noa azkenekoz. Neure buruan adar batetik bestera saltoka dabilen tximutxoa isilaraztea dut helburu. Ez dio pentsatzeari uzten, momentu oro ideia ezberdinak dakarzkit burura. Yogaren bitartez, ordubetez isilaraztea lortu izan ohi dut beti. Berehala sartu naiz nire praktikan, lau hanketan dihardut, gorputza norabide askean mugiarazten. Nire oinak zein belaunak ama-lurrarekin daude kontaktuan, eta euren artean sakabanatuta dauden hatzek itsas izarra dirudite. Alderantzizko bi kontinente Afrikarren tankera duten bi eskapulak urrundu zein gerturatu egiten dira gorputzaren mugimenduaren baitan. Eta halako batean, hegazti harrapakari baten hegoak bailiran, bi besoak zabaldu, eta eskuen kontaktua aurkitzen dut eguzkiari lehen agurra eginez.

Planak eta lagunak aukeratzen baditugu ere, gure buruarekin bizitzeaz ez baikara sekula libratzen!

Etxera bueltan, tximutxoa esnatu da berriro, eta saioan aipatutako esaldi batekin nabil bueltaka. Lotto loreak ibilbide zailak egin behar izaten ditu amaierara heltzeko, goroldioz beteriko ur hermetikoetatik pasaz lortzen baitu loratzea atzenean. Esaldi honi ere, uda usaina hartzen diot. Lora, egindako lan guztiaren fruitua balitz moduan.

Baina to, itxaron. Uda, eta deskonexioaz ari nintzenean, erabat erratuta nengoela konturatu naiz. Ez dakit zuk, baina nik behintzat uda honetan ere neure buruarekin erabat konektatuta egoteko hautua egin dut. Planak eta lagunak aukeratzen baditugu ere, gure buruarekin bizitzeaz ez baikara sekula libratzen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!