Altzoko Handia ezagutzeko bisita gidatuak, uztailean

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 29a, 07:59

Altzoko Udalak uztaileko lau igandeetarako bisita gidatuak antolatu ditu Altzoko Handia ezagutzera emateko; nahitaezkoa izango da izena ematea.

Urte batzuk atzera egin, eta Handia filmaren bueltan zurrunbilo handia sortu zen, Altzon eta Altzotik kanpora. Bultzada ari helduta, Altzon, erakustoki bat eta ibilbide bat prestatuak dituzte, besteak beste. Lehen ere eginak dituzte behin baino gehiagotan bisita gidatuak, baina, orain, nolabait, formalizatu egingo dituzte. Uztaileko lau igandeetan Altzoko Handia gehiago ezagutzeko aukera izango da.

Arantxa Menendez da Altzoko Udaleko berdintasun eta turismo zinegotzia, eta orain artean Altzoko gazteek egiten zituztela bisita gidatuak adierazi du, baina «modu boluntario batean». «Ordutegi finko batekin ez dira inoiz ere egin bisita gidatuak», gaineratu du. Orain, ordea, pertsona bat kontratatu dute lan hori egiteko, eta egun eta ordutegi zehaztuak izango dituzte uztailaren 4, 11, 18 eta 25eko lau bisita gidatuek. 11:00etan hasi eta 13:30ak aldera bukatuko lirateke Altzoko Handia ezagutzeko bisitak. «Taldearen arabera, bi ordu edo bi ordu eta erdiko bisita izan daiteke», esan du.

Herrikoa den eta udan ludotekan lanean ariko den Garazi Astrain kontratatu du udalak, eta bera izango da izena ematen dutenen taldea gidatuko duena. Bisitariei sortzen zaizkien galderak ere erantzun beharko ditu.

Hasteko, Handiaren gaineko dokumental bat ikusiko dute Batzarremuño aretoan, eta gero plazan duten erakustokia bisitatuko dute bertan dauden jantziak-eta ikusteko. Behin hainbat datu jasota, ibilbideari ekingo diote bisitariek. Familia osoak egiteko moduko bisita da, baina ibiltzeko prest egon behar du parte hartu nahi duenak. Altzo Azpira jaitsi eta berriz Altzora igo beharko dute izena ematen dutenek.

Altzoko Udalak prestatua du ibilbidea, eta bidean zehar panel ezberdinak ikusten joango dira, azalpenak jasoz. Honela, Altzo Azpirainoko bidea egingo dute. San Salbador eliza bisitatzeaz gain, Migel Joakin Eleizegi Arteaga, Altzoko Handia jaio zen etxea zein den ere ezagutuko dute.

Bisitak eskatzeko edo erreserba egiteko bide ezberdinak jarri dituzte eskura. Alde batetik, udaletxeko 943 65 24 13 telefono zenbakira deitu daiteke, edo mezu bat idatzi udala@altzo.eus helbide elektronikora, edo bestetik, Altzoko Ostatuko 943 65 22 62 telefono zenbakira deituz ere egin daiteke, edota mezu bat zatozaltzora@gmail.com idatzita.

Sei urtetik gorakoek sarrera ordaindu beharko dute. Hiru euro ordaindu beharko du pertsona bakoitzak. Beherapen sistema ere jarri dute, eta talde handien kasuan, hau da, 20 pertsonatik gorako taldeek 60 euro ordainduko dute. Hori bai, egoera dela eta, gehienez ere, 20-25eko taldea osatuko dute. Edozein zalantza izanez gero, Altzoko Udalak duen Altzo.eus webgunean begiratu daiteke informazioa.

AURRERA BEGIRA, LANEAN

Udako lau bisitekin ez da amaituko Altzoko Udalak Altzoko Handiari begira egingo duen ekimena. Menendez zinegotziak aurreratu duenez, ikasturte berrira begira jarraipena izango dute bisitek, eta hori horrela izan dadin lanean ari dira: «Datorren urte osoan ere izango dira bisita gidatuak, eta enpresa bat arduratuko da lan hori egiteaz».

Astean zehar bisita gidatuak eskainiko dituzte, eta batik bat eskolei begira landuko dute. Horrez gain, nahi dutenentzat asteburuetan antolatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!