Irakurle feministek Altzon izan dute elkargunea

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko ekainaren 12a

Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen I. Topaketa egin dute gaur Altzon. Goizean irakurketa feministak trukatu dituzte Kattalin Minerrek gidatuta, eta bazkalostean, bertso saio literarioa izan dute Alberdi, Amuriza eta Labaka bertsolariekin.

Altzoko eragile ezberdinek antolatuta, Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen I. Topaketa egin dute gaur egunean zehar.

Irakurle taldeei eta oro har irakurzale feministei deia egin zieten gaurko topaketarako. Goizean, Kattalin Minerrek dinamizatuta, lehenik eta behin, bertaratu direnek elkar ezagutzeko aukera izan dute, eta galderaren bat edo beste erantzun eta gero, irakurritako liburuetako hausnarketak konpartitzeko tartea izan dute. Goiza konturatzerako pasa zaie, eta nahi izan dutenek elkarrekin bazkaltzeko aprobetxatu dute.

Emakume batek idatzitako liburua eraman behar izan dute izena emana zutenek, eta horrela  liburuen trukea egin ahal izan dute.

Arratsaldean, belarriak prest izan dituzte bertso saio literarioaz gozatzeko, barre egiteko eta hausnartzeko. Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Ane Labaka bertsolari eta idazleek egin dute saioa, eta literaturari lotutako gaiak jartzeko ardura Minerrena izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!