Irakurketa feministak konpartitzeko eta plazaratzeko topaketa

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 9a, 19:59

Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen I. Topaketa antolatu dute, Altzon; egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako, eta parte hartzeko izena eman behar da.

Altzon antolatu dute Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen I. Topaketa. Larunbatean izango da irakurleen topaketa, eta egun osoko egitaraua prestatu dute irakurketa feministen gainean parte hartu nahi duen guztiei irekia.

Altzon urte batzuk daramatzate dagoeneko feminismoa eta parekidetasuna arlo ezberdinetatik lantzen. Marta Agirrezabala da antolatzaileetako bat, eta Altzon urteetan egin duten lanaren barruan sortu dela literaturari lotutako topaketa berri hau azaldu du. Aurtengo ikasturtean literaturari ikuspegi feminista batetik heldu diote, eta Kattalin Minerren laguntza izan dute irakurle taldean. «Oso gustura aritu gara», esan du. Ikasturtean zehar irakurketa feministak egin dituzte herrian, eta taldea irekia eta zabala izan dela dio. Ikasturtea borobiltzeko ekimen bat aurreikusten zutela argitu du Agirrezabalak, eta hauxe da sortu duten ekimena: Tolosaldeko Irakurketa Feminista Taldeen I. Topaketa. «Ilusioz beteta» daudela adierazi du antolatzaileak.

Herri txikia izanik, ia guztia denen artean egiten dutela kontatu du: «Dinamika ona dugu herrian, eta uste dut hori dela oinarrian agerian geratzen dena. Batzorde batetik ez bada bestetik, herri oso dinamikoa da, eta iniziatiba handikoa». Topaketa hauen atzean udaleko Berdintasun saila, gazteen Beroa talde feminista, Mariren Alabak talde feminista eta irakurle taldea bera daude.

Urtean zehar egin dituzten irakurketa feministak konpartitu eta plazaratu egin nahi dituzte larunbateko topaketarekin. Taldean sortu diren jakintza, hausnarketa eta eztabaidak publikora pasatzea nahi dute, eta horiek elkarbanatzea dute helburu.

Tolosaldean dauden irakurle talde feministei zuzenean bidali diete gonbidapena topaketan parte hartzeko, eta horrez gain, edozein irakurle taldetako partaidek eman dezake izena edota edozein norbanakok. Erabat irekia dela azaldu dute Altzotik, baina gaur egungo osasun egoera dela eta, nahitaezkoa izango da izena ematea; irakurketafeministak@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da, eta egun osoko ekitaldietan parte hartu nahi den, edo goiz edo arratsaldekora joatekoa den zehaztu beharko du izena ematen duenak.

EGUN OSOKO TOPAKETA

11:30ean emango diote hasiera topaketari, eta hasteko elkartu eta lehen pausoa elkar ezagutzea izango da. Jarraian, irakurketa feministak konpartituko dituzte, eta lan horretan Minerren parte hartzea izango dute. Nolabait, irakurketa talde berezi bat gidatu beharko duela aurreratu du Agirrezabalak, baina ez du argibide gehiagorik eman nahi izan eta ezustekoa izatea nahi dute.

Plaza izatea nahi dute topaleku, eta eguraldi ona egitea baino ez dute behar horretarako. Atseden bat hartuko dute, eta elkarrekin bazkaltzeko aukera izan dezaten lekua prestatuko dute. Bazkarirako aukera ezberdinak jarri dituzte, eta norberak bere otordua eraman dezake, edo herriko ostatuan ogitartekoak eskatzeko aukera emango dute.

Arratsaldean bertso saio literarioa egingo dute. Irakurgai izan dituzten bi libururen egileak izango dira Altzon, hau da, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak, eta nahiz eta bere libururik ez duten aztertu Ane Labaka bertsolaria eta idazlea ere bertan izango da.

Saio horiek berezitasun bat izaten dute, eta Miner izango da kasu horretan gai jartzailea; literatur sorkuntza izango dute abiapuntu, eta hortik abiatu beharko dute hiru bertsolariek.

LIBURU BAT TRUKERAKO

Topaketan parte hartuko duten guztiei emakumezko batek idatzitako liburu bat eramateko eskatuko diete Altzora.

Liburuen azoka txiki bat egin nahi zuten, baina osasun egoera tarteko ezin izan dute antolatu. Horren ordez, trukerako aukera zabalduko dute. «Liburu bat eraman, eta beste bat hartzeko aukera izango dute», esan du Agirrezabalak.

Eskaera txiki bat ere egingo diote utzi behar duen liburuaren harira: «Post-it edo orri batean zerk eragin dion liburu hori eramatea zehaztea nahiko genuke, eta horrela jasotzen duenak jakingo du eskaintzen duenak zergatik uzten duen hor». Honela, interesatzen zaion gairen bat aurkitu dezake liburuen artean trukerako bila dabilen horrek.

Topaketari lotuta, poltsak atera dituztela azpimarratu du, eta dagoeneko herriko Ostatuan salgai jarriak dituzte 10 euroren truke. Egunean bertan ere erosteko aukera izango da.

EGITARAUA

Ekainak 12, larunbata
11:30. Irakurketa feminista taldeen topaketa, Kattalin Minerren gidaritzapean.
14:00. Bazkaria. Norberak bere etxetik eramanda edo goizean ogitartekoak eskatzeko aukera zabalduko da.
17:00. Bertso-saio literarioa Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Ane Labakarekin.

Nahitaezkoa da izena ematea: irakurketafeministak@gmail.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!