Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Liga hasiko da bihar

Ataria 2021ko eka. 4a, 17:00

Altzon orain bi urte egindako saioan parte hartu zuten segalariek.

Aurtengo sega garaia bertan dela, Almitza Sega Elkarteak, urtero bezala, Euskal Herriko bakarkako sega liga antolatu du, nazioarteko eran.

COVID-19ak antolaketa zaildu badezake ere, elkarteak ezinbestekotzat jo du liga honi jarraipena ematea segalaritzaren sustapena eta iraupena bermatzeko. Honi lotuta, aurten egingo diren saioetan ikuslerik ez izatea izango da aldaketarik nabarmenena. Dena den, ikuslegoak bertaratu ezin izango badu ere, garrantzitsua deritzote elkartetik zertan ari diren jakinaraztea.

Ohiko moduan, ligak hiru saio izango ditu jardunaldi bakoitza puntuagarria izango delarik ligako sailkapenerako. Ondorengo egun eta lekuetan jokatuko dira saioak:

  • Zaldibian, ekainaren 5ean, 16:00etan.
  • Altzon, ekainaren 13an, 11:30ean.
  • Basaburuan, uztailaren 3an, arratsaldez.

Sega ligaxkan helduek, gaztetxoek eta haurrek hartuko dute parte. Segalariek, dagokien kategorian, azalera jakin bateko belar saila ahalik eta azkarren eta txukunen moztu beharko dute. Epaileek egindako lanaren txukuntasuna aztertuko dute eta honen baitan denbora zigorrak erantsiko dira, guztira denbora gutxien behar izan duen segalariak lehen postua izango du. Hauek dira egin beharreko lanak:

  • Emakumezkoek: 7 x 5 m (35 m2 )
  • Gizonezkoek: 10 x 10 (100 m2)
  • Mutil gaztetxoek: 10 x 5 (50 m2) eta 4 x 5 (20 m2), adinaren arabera.
  • Neska gaztetxoek: 4 x 5 (20 m2)

Parte hartzaileei dagokienez, guztira 33 segalarik eman dute izena aurtengo hiru saioetan parte hartzeko.

  • Emakumezkoetan 11 segalari ariko dira, tartean Ainara Otamendi ibartarra eta Alaitz Imaz hernialdearra.
  • Gizonezkoetan ere 11 segalari ariko dira, tartean Mikel Lizartza tolosarra eta Joakin Garmendia anoetarra.
  • Mutil gaztetxoak 8 izango dira, tartean Amets Otegi gazteluarra, Arkaitz Gabirondo gazteluarra, Iñigo Etxabe belauntzarra eta Auritz Alkorta asteasuarra.
  • Neska gaztetxoak 3 izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!