Obrak hastear, Altzo Azpi Alegiako bidegorriarekin lotzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 26a, 20:00

Altzoko Udalak 731.012 euroko aurrekontua onartu du; hiru aste barru Altzo Azpin obrekin hasiko dira eta oinezkoentzat bidea egingo dute Alegiako bidegorriraino.

Altzoko Udalak proiektu asko ditu esku artean 2021 urteari begira. Proiektuak tarteko, 731.012 euroko aurrekontua onartu zuten, baina diru gehiago behar dutela azaldu du Txomin Rezola alkateak: «Altxortegitik 250.000 euroko kreditu aldaketa egin dugu, eta dagoeneko onartu dugu». Aldundiaren urteroko foru funtsetik 349.000 euro jasoko dituzte, eta iaz, 2020an jaitsiera «nabarmena» izan zela adierazi du, «ia 40.000 euro». Altzo moduko herri txikientzat «asko» dela dio.

Altzoko Udalak mugikortasunari begira badu kezka, eta Altzo Azpiri begira egina duten proiektuko lanekin hastear dira. Altzo Azpitik jende asko ibiltzen dela oinez kontatu du Rezolak, eta Alegiako bidegorriarekin loturarik ez dutela-eta, bidegurutze hori «arriskutsu» dagoela esan du. Oinezko bide baten bidez lotu egingo dituzte Altzo Azpi, eta Tolosa eta Alegia arteko bidegorria. «Altzo Azpitik abiatu, eta mendiari zati bat kenduko zaio oinezkoentzako bidea egiteko. Gero, gaur egun, Amezketara hartzeko dagoen bidegurutzean, zebrabidea jarriko dute semaforo batekin, eta horrekin gaur egungo bidegorrira lotura zuzena egingo da», argitu du Rezolak. Hiru edo lau hilabetez luzatuko diren lanak izango dira.

Altzoko Udalaren iniziatibaz egingo dira lanak, eta Altzoko Udalak egingo du obra. Hiru aste barru obrekin hastea aurreikusten dute, eta diru laguntzak lortu dituzte horretarako. Eusko Jaurlaritzatik eta foru aldundiko errepide sailetik lortu dituzte laguntzak. 80.000 euro jarriko ditu bakoitzak; «mugikortasun sailarekin ere ari gara uste dugulako beraiei ere badagokiela». 300.000 euro inguruko kostua izango du lan guztiak egiteak. Aldundiak egoki ikusi duela Altzoko Udalaren proiektua dio: «trafiko handia dago, eta abiadura murrizteko bide moduan ikusi dute».

Bidegorriarekin jarraituz, arazo bera dute beste aldean, Amategi auzoan: «Txarama aldera jende asko ibiltzen da oinez, eta ibilbide zirkularrak egiten dituzte askok, baina zati batean errepidera atera behar dute oinezkoek». Lizartza eta Leaburu-Txaramako udalekin batera proiektua eginda dute, eta aurkeztu zuten foru aldundian, baina «aldundiko mugikortasunekoak ez dira mugitzen», dio. «Ez dute aurreikusten bidegorri hori, baina guretzat garrantzitsua da. Amategitik Txaramara ehun metro dira».

Kezka agertu du bai Altzo Azpi eta Amategirekin. Biak Altzo dira, baina «utzi xamar» dituztela onartu du: «Guztia hemen dugu, baina dena ez da Altzo muino». Heldu behar diotela adierazi du Altzo Azpi birgaitzeari, baina osotasun batean landu nahi dute, eta ez zatika. Parkea, aparkalekuak, eliza eta erretore etxea aipatu ditu, besteak beste.

ETXEBIZITZAK ETA MEATEGIA

Etxebizitzak egiten ari dira, eta azarorako bukatzea aurreikusten dituzte lanak. Zortzi etxebizitza dira, sei tasatuak eta bi libreak. Guztiak salduta daude, eta lau dira herritarrek erosiak. Lur zati bat jarri du udalak. Urbanizazio lanak aurreratu samar dituzte, eta eskailera bidez Ostatura igotzeko aukera izango da behin obrak bukatutakoan. Honela, Ostatuko terraza handitzea ere lortu dute.

Gainerakoan, Altzo Azpiko meategiei begira lanak egin nahi dituzte. «Meategi bat izan zen, eta arazo pila bat ari da sortzen». Bere garaian, esaterako, bi baserri lurrak irentsi zituen, eta gaur egun ere, gune arriskutsua da. «Gune hori egonkortzen ari gara. Lehen fasea duela bi-hiru urte egin zen, eta orain, ondoan, beste eremu bat egonkortuko dugu, eta obra nahiko zaila da», azaldu du Rezolak. Eusko Jaurlaritzaren esku doaz lan horiek, eta udalari kostu gutxi sortzen dio.

Eremu zabala da. Guztira hamabi hektarea ditu, eta hektarea bat egokitu zen, eta beste hektarea batekin hasi nahi dute: «Inguru osoa eduki behar da kontuan. Belardiak dira, eta zuloak sortzen dira eta baita pitzadurak ere. Azpian galeriak daude, eta orain dagoen moduan arriskutsu dago». Luze doala adierazi du Rezolak: «Ikerketak eta azterketak egin behar dituzte».

«EGIN BEHARREKOAK»

Eskolan ere obra batzuk egin nahi dituzte, eta jolaslekua handitu eta egokitu nahi dute. Horrez gain, eskolaz gain baso eskola deitzen dioten gune bat dute herrian, eta haurrak bertan ibiltzen dira. Hor, hezegune bat kokatu nahi dute, hau da, putzu bat izango da anfibioentzat. Eta dagoeneko eguzki panelak jarriak dituzte eskolan.

Eskolatik gertu, duela ez asko, frontoiko gimnasioa handitu dute, eta makina berriak jarriak dituztela esan du. Bestalde, frontoiko zorua irristakorra zegoela eta, tratamendu bat eman diote.

Plazaren inguruan, Ostatuaren inguruan ere, jendeak autoak bertan aparkatzen dituela eta, trabagarri eta lorategi batzuk jartzekotan direla aurreratu du. «Gauza txikiak dira, baina egin beharrekoak», azpimarratu du alkateak.

Horiez gian, Altzoko Udala «jabego pribatua» dutenei lur sailak erosten ari da, eta baita landaketak egiten ere. «Gehienak pinudiak dira, eta hori bota eta bertako landareak jartzen ari gara bertako basoa sortzeko», dio.

Bestalde, iaz aurkeztu zuten, eta oroimen historikoa lantzen jarraitzen dute Aranzadirekin batera, eta lan horretan herritar batzuk ere inplikatuta dituzte.

KULTUR EKITALDIEI EUTSIZ

Kulturak garrantzia handia hartzen du Altzon, eta urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte osasun egoerara egokituta. Orain ere, aurrera begira eta herriko festei begira lanean ari da Kultura batzordea. Solstizio egunerako egitaraua prestatua dutela esan du Rezolak, eta San Inazio festetan ere ekitaldiak izango dituzte. Ez dute hutsik egingo bertso saioak, antzerkiak, dantzak eta musikak. «Festarik ez da izango, baina ekitaldiak izango dira», dio, eta udan zehar ere izango dela ekitaldirik nabarmendu du.

Bukatzeko, osasun egoerari begira, «argi pixka bat» ikusten dela aitortu du; «baina oraindik birusa gure artean dugu, pazientzia pixka bat behar dugu eta ahalegin txiki bat egin behar dugu», azaldu du. «Badakit gogorra dela, eta momentu txarrak pasa ditugula, baina gaindituko dugu egoera hau ere».

ZENBAKITAN

SARRERAK                                                EUROAK

Zuzeneko zergak                                                 219.800  
Zeharkako zergak                                                 20.000
Tasak eta beste sarrerak                                     59.120
Transferentzia arruntak                                    349.882
Ondare sarrerak                                                     2.210
Kapital transferentziak                                      80.000

GASTUAK                                                  EUROAK

Pertsonal gastuak                                            273.196
Gastu arrunt eta zerbitzuetan                       213.334
Finantza gastuak                                                       60
Transferentzia arruntak                                  92.800
Inbertsio errealak                                             151.622

GUZTIRA                                                   731.012

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!