Eskailerak igo ditu arrapaladan sukalderaino, eta bart buztinezko labean sartu zuen ogi zaharraren koxkorra, eta arratsaldeko kaferako berotzen zebilen esne epela eskatu dizkio amonari. Badu zeregina, bi puntu estrategiko omen dakizki katua beregana etor dadin.
Eta amona, nigana iristen denean, ile beltza laztandu ahalko diot eta begi hori eta grisaxka berriro ikusi, eske ez neukan sekula halakorik ikusita… eta esne pixka bat emango diot, gustatuko zaio, baietz amona?
Amonak baietz egin dio buruarekin halabeharrez. Amona Margari, bien bitartean Galapago irletako dortoken irudiak ikusten dabil sukaldeko telebistan. Beti txundiarazten du 200 urte bizitzera irits zitezkeela pentsatzeak. Ene, marka da gero! Galapago irlek aitonarekin egin zuen ezkonbidaiara eramaten badu ere amona, erne du beste begia, Josuneren hara eta honanzkoak kontrolatuz. Katuaren tankeran. Hara non ikusten duen artaburuen artean koooorrika, arineketan. Gazteak ez dira erraz nekatzen gero.
Amaren bisita sorpresaz hartu du amonak, beranduago espero zuen etxean, eta ez dakar aurpegi ona. Aitari egindako azken bisitak ez dio onik egin, inoiz baino pattalago ikusi du eta. Eskuak estu heldu eta zera galdetu dio amonak:
Josune aita zergatik gaixotu den galdezka dabil, kontatu al diozu aita jo egin zutela? Garrantzitsua da, badakizu gaixotasunarekin eragin zuzena duela...
Ez-ez ama, nola kontatuko diot ba... oso umea da! Klisk, ate hotsa, esku artean ito beharrean jaio berri diren bi txita dakarzki Josunek. Ahaztu zaio katu heterokromoa.
Zer esan behar zenidan ama, zerbait txarra da?
Goazen ganbarara bai, politta? Txoko preziatua da niretzat eta hortxe kontatuko dizut. Zeharka, pilan, bata bestearen gainean oker-oker eginda, eta ondo ordenatutako trilogiak osatzen dute ganbara. Aitak egindako koadroek are goxotasun gehiago ematen die aldenik alde egurra, eta usain berezia duen telapeari. Van Goghen Gau Izartuada tarte handien hartzen duena, zoragarri atera zitzaion, eta Picassoren Gernika zer esanik ez, gainera hori, atxilotu ostean pintatu zuela uste dut. Dio amak ahopeka.
Josune begira, inoiz ikusi duzu koadro hau? Zure lau 'ni'-ak dira, hasi nintzaion azaltzen. Aitak nirekin egin bezala. Isilik geratu zen, barrua mugitu izan balitzaio modura. Argiak, ilunak, dirdirak eta itzalak. Eta momentu hori aprobetxatu nuen Josuneri aitari gertatutakoa azaltzeko.
Josuneri, esku artean zuen liburua jaurtitzeko gogoa etorri zaio bat-batean. Hitzek ematen duten mina azaldu nahian. Eta ustekabean, zauririk ez duen minarekin izan duen lehen kontaktua izan du, tokatuko zaizkion beste askoren artean...