Salduz bizitza, sinatuz hitza

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2021ko ots. 15a, 10:58

Negar malkotan nabilen bitartean, alaba, igande arrats gehienen tankeran sutondoan eseri da gaur ere. Aitari begira-begira dirau. Eta esku artean kabitu ezinda dituen monopoliko koloredun fitxak estutuz, irribarre xume bat nahikoa izan da aitatxori elkarrekin jolas daitezen eskatzeko.

Eguraldi goibelak eta etxe aldetik egon beharraren aferak egin du familian nolabaiteko mahai giroa berreskuratzea. Gure alabak, izugarri gozatzen du kaleak erosi eta erosi dabilela ikusteak. Eta horrekin batera, kale bakoitzak bere gain hartzen dituen etxe guztiak kontatzen ditu bere azkazal luzedun hatz txikiekin. «Geroz eta etxe gehiago hobeto aitatxo, nik kale gehiago lortu ditut, irabazten ari natzaizu...».

Ni, bien bitartean, hara eta hona nabil, postontzian ura eta gasen faktura potoloez gain, etxera iristen diren hamar mila izen-abizen ezberdin dituztenen gutun-azalak antolatzen. Bat batean, egoerak, gaztetan margaritei petaloak kentzen nizkien momentuaren antzeko zerbait sorrarazi dit, beldurdun zirrara moduko bat, «Maite nau, ez nau maite» banatzen ditut hauek ere: «Nirea da, ez da nirea», esanez ahopeka. 

Arnasarik hartu ezin duen, eta zirrikiturik geratzen ez zaion postontziaz gain, gaur goizean «Ongi etorri» dioen etxeko alfonbra azpian aurreko auskalo ze urtetako Jose Joakin maizter ohiaren karta ximurrak aurkitu ditut. Berriz ere margaritaren jolasa. Zakar ontzira, to. Bazkal orduan, jabearen dei batek ustekabean harrapatu nau etxebizitzaren prezioaren gorakada iragarriz, ez dio axola beste hamar etxe alokairuan izateak. Orain prezioa halakoa omen da. To. Hasi da hilabete amaierara iristeko malabarismoa egin beharraren teknika, parlamentuan ere ez baita etxebizitzen prezioa mugatzeko dekretua aurrera atera. Gureak egin du.

Bazkal orduan, jabearen dei batek ustekabean harrapatu nau etxebizitzaren prezioaren gorakada iragarriz, ez dio axola beste hamar etxe alokairuan izateak

Kaxak etxe atarian errenkadan eta pilatuta irudikatu ditut berehala, balkoiko loreei zimel itxura hartu diet eta kontratuko klausula itsusienak arrapaladan etorri zaizkit burura: «Ez egin zulorik paretetan, ez izan maskotarik, dena zegoen moduan utzi...». Begira, bakarra falta zaio: «Ez zaitez zu zeu izan». Eta behin eta berriz beste baten lurzoruan bizi zarela baieztatzen duen ebidentzia baten agerpena. To, semaforo gorria.

Horrelakoetan etxeko txikienean pentsatzen dut, beste etxe aldaketa batean. Nire arima sosegatzeko beharko dudanean. Askatasunean. Eta gure kasua ez den arren, horrelako erabakiek herriz edota herrialdez aldatu beharra eragiten dietenengan. Eguna negar malko akutuz hasi dudan arren, zerbait hobea datorrenaren bihozkadak gain hartu nau oraingoan. Nire begi orlegi bustiek kutsu ezberdina dutela esan nezake. Izan ere, zoriona, begi bakarrarekin negar egitea baita...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!