Eskolatik Plazara ekimenaren hirugarren saioa Altzon egingo da

Ataria 2021eko otsailaren 9a

Hilaren 12an, ostiralean, izango da bertso saioa, 18:00etan, Altzoko kultur etxean; joan nahi duenak gonbidapena eskuratu beharko du.

Euskal Herriko Eskolartekoan aritzekoak ziren bertsolari gazteak eta plazetan ohikoak diren bertsolariak elkartzen dituen ekimena da Eskolatik Plazara, eta Altzokoa hirugarren saioa izango da.

Aner Peritz, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal ariko dira, ostiralean, Altzoko kultur etxean. Iaz Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolari gazteak dira Peritz, Aizpurua eta Idoate, eta Lujanbiorekin eta Ibarzabalekin elkartuko dituzte aste honetako saioan.

18:00etan hasiko da saioa, eta sarrera doakoa bada ere, gonbidapena eskuratu beharko du joateko asmoa duenak. Gonbidapenak Bertsozale elkartearen www.bertsozale.eus webgunean eskuratu daitezke.

Eskolartekoa antolatzen duten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute Eskolatik Plazara. Iaz, pandemiaren eraginez, Euskal Herriko Eskolartekoan aritu ezinik geratu ziren parte hartzaileak, egun, plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartzea du helburu.

Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da. Era berean, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen. Honela, bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!