Erruki ttanttak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2020ko aza. 22a, 19:58

Iratzargailuak jo zain begiak kliska eta kliska pasatu du gau erdia amak. Amonak ospitaleko ohean lo jarraitzen du, inoiz esnatuko ote den jakin ezinik. Izara zuridun, lau hormen artean bizi beharko duela pentsatzeak tristatzen du ama. Sekula ez da ohitu ospitaleko botika eta pure usainetara. Pentsatze hutsak gaixotzen duela esan ohi du. Gainera Jonek erredakzioan ez du etenik, pandemiak ez dio uzten amari lanean hasperenik hartzen. Gaur gauerako ere badu zer idatzia, irratian zer kontatua eta aurkitu ere egiten ez dituen post-itetan zer apuntatua.

Lanetik bueltan, Marenez oroitu da harrotasun puntu batez, hamasei urte izateko asko heldu dela iruditzen baitzaio amari. Nortasun handiko pertsona dela esan ohi du beti amak, interes eta jakin-min handikoa. Argia. Etxera iristean, beti hartzen du esku artean aldizkaria, atzekoz aurrera ireki eta amak idatzitako artikulua arretaz irakurtzeko ohitura hartu du. Badaki ama lanez gainezka dagoela eta amona gaixotzeak elkarrekin denbora gutxiago pasatzea dakarrenez, bere hitzak irakurtzeak amagandik gertuago sentitzera daramala. Ixo, hau dio aldizkarian amak: «COVID-19a dela-eta, eskolak ez dira kutsatze leku izan azken asteetan…».

Eskolan ez omen dira kutsatzeak gertatzen. Segundo batez leihora gerturatu den miru gorriari erreparatu dio Marenek, bisitan etxera sartzeko intentzioa zuela zirudien. Jaramon gutxi egin eta bere baitan marmarrean hasi da.

Ken iezaiezue nire gelakide askori eskola, eta, ekonomiak krak egingo du, bai; baina ikasleen duintasunak ere bai.


Espero dut honakoa prentsara iristeko, benetan ondo ikertutako datuetan oinarrituko direla nire amari informazioa eman dioten adituek. Eta ez diot eskolan gauzak ondo egiten ari ez garela uste dudalako: zoruan margotutako marren gainetik joan ohi gara gela batetik bestera, eskuak zakartuta ditut hainbeste gel erabiltzeaz, eta denbora da, gustuko; oso gustuko, dudan mutikoarengana hurbiltzen ez naizela. Arratsaldeak igarotzen ditut nire egunerokoan idatzi, eta maite nau, ez nau maite jolasean etxeko lorategiko margaritei petaloak kentzen. Sarritan lehen muxua lapurtu didatela idazten dut marraztutako bihotz artean nire axotan.

Badakizue, bada denbora haurrak eta ez hain haurrak eskolara joatea ekonomiak aurrera egitearen helburu baino ez dela entzuten dudala, gainera, Gizarte Zientzietan egokitu zitzaidan horren inguruko lan bat egitea. Benetan sinetsi ezazue. Sarritan pentsatu dut eta hau horrela da. Ken iezaiezue nire gelakide askori eskola, eta, ekonomiak krak egingo du, bai; baina ikasleen duintasunak ere bai. Bihotzez, ezin dut ukatu eskolara joatea salbazioa dela oraindik ere nire ikasgelako ikasle eta lagun askorentzat…

Bizinahiaren aldeko aldarrikapen mundial zein hunkigarrian bizi garen honetan, bazter guztiak zipriztindu, eta familia bat, bikote bat, lagun bat distantzian ere elkartzen duen edozerk balio digu. Erizainari emango diodan kantuak amona goxatzea espero dudan bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!