64 sagarrondo bota zituenekoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 13a, 07:59

Urriaren 21eko goizaldeko haize bolada indartsuek kalte larriak eragin zituzten eskualdeko zenbait landa-eremu eta basoetan. Alerta laranja ezarria bazegoen ere, ez zen espero hondamendi handirik. Altzoko sagasti batean, baina, zortzi hektarea suntsitu zituen denboraleak.

Hiru aste igaro dira haizete handi batek eskualdea zeharkatu zuenetik. Orendaingo kultur etxea izan zen denboralearen ondorio nabarmenena jasan zuena, baina ez zen kaltetutako eremu bakarra izan. Haizearen abiadurari erreparatuz gero, Larraitzen atzeman zen Gipuzkoako kopuru altuenetakoa: 154 kilometro orduko abiadura erregistratu zen bertan.

Dozenaka intzidentzia zenbatu zituzten larrialdi-zerbitzuek Tolosaldean; besteak beste, eroritako zuhaitzen edota haizeak mugitutako edukiontzien berri izan zuten. Trafikoari dagokionez, gorabehera ugari izan ziren bigarren mailako errepideetan. Horietako asko itxi behar izan zituzten, bertara eroritako zuhaitzek bidea oztopatzen zutelako.

Eskualdean, gainera, landa-eremua da nagusi; hortaz, mendiko bide nahiz errepide askotan arazoak izateaz gain, eragin handiak utzi zituen zenbait baso eta nekazaritza eremuetan. Baserrietan, oro har, teilatu pusketak erori direla aipatzen dute Ehnelur kooperatibatik. Orendaingo herriaz gain, Aldaba Txiki auzoan (Isastegi sagardotegi inguruan) nahiz Altzon ondorioak larriak izan ziren.

Asteotan, pagadi ezberdinetan haizeak eragindako kalteak neurtzen ari dira Gipuzkoako Baso Elkartean. Dei ugari jasotzen ari direla dio Javier Olaetxea bertako teknikariak. «Zuhaitzak hautsita daude zenbait lekutan, eta batzuen sustraiak lurpetik kanpo». Kalteak neurtu eta laguntza ematea izaten da euren egitekoa. «Gipuzkoako basoen egoeraren inguruan txosten tekniko bat egiteko eskatu digu Gipuzkoako Foru Aldundiak, hobekuntzak egin eta laguntzak jaso ahal izateko».

Altzon handia bai, baina izandako galera

Orendaindik gertu, kilometro gutxira aurkitzen da Altzoko Zuaznabar Barrena baserria. Felix San Sebastian da bertako jabea. «Sagardoa egiteko sagarra ekoiztetik bizi naiz», dio, sagarrondoz betetako hamabi hektarea baititu. Bada, azken asteotan erdia baino gehiago berreskuratu nahian dabil. Izan ere, zortzi hektarea suntsitu zizkion haizeteak, sagastiaren bi heren. Guztira, 64 sagarrondo erori ziren.

Bi hamarkada daramatza sagarrondoekin lanean, eta orain bost urte ere antzeko ondorioa pairatu zuen. Harri bolada batek, 30.000 kilo sagar bota zizkion lurrera. «Orain, galera momentukoa bada ere, kaltea dezentekoa da. Gutxi gorabehera, 12, 15 edo 20 urteko atzerapena sortuko dit. Sagarrondo bakoitzak 300-400 bat sagar ematen ditu, eta beraz, berez izango lukeen ekoizpena galdu du. Hau ezin da sei-zortzi euro balio dituen landare batengatik aldatu».

Gainerako lau hektareak bere horretan mantendu direla azaltzen du, alanbrezko estrukturarekin osatutako sistema berri baten bitartez kokatuta daudelako. «Oso gazteak dira eta haizeari dioten erresistentzia oso txikia da, baina babestuta zeuden, estrukturari lotuta. Zuhaitz sendoak, ordea, etzan egin ditu».


Une honetan, lurrean daude zuhaitz gehienak, zainak etenda. «Zuhaitz hauen sistema zirkularra da, eta beraz, alde batera eroriz gero, alde horretako zainen funtzionamendua galtzen da. Argiago esanda, zuhaitzak bizitzeko bere gaitasunaren %50a galtzen du». Zenbait sagarrondo, ordea, bizirik daudela dio, euren zainen erdiak lurpean dituztelako.

Zuhaitzen larritasun egoera, gizakiokin alderatzen du San Sebastianek. «Zuhaitza zutitu edo altxaz gero, guri alde bereko besoa eta hanka kentzea bezalakoa litzake. Birikari esker bizia mantentzen dugu, baina sagarrondoen kasuan, ez dute sagarrak emango dituzten bermatzen».

Nekazarien arriskuaren parte

Indusketa lanean erabat murgilduta dago altzotarra. «Zutoin handi bat lurrean sartuta, zuhaitza bertan lotu eta zutitzeko ahaleginetan nabil. Izugarrizko lana da, metodo kirurgiko baten parekoa, adarretatik zati handi bat kendu eta zainak ondo kokatu behar direlako».

Kontuan izan behar da zuhaitz horiek, gutxienez, tona bateko pisua dutela. Hortaz, makinaren laguntzaz egin beharreko lana da. «Ikusi beharko da ea zenbat berreskuratzen dudan, 64 sagarrondoetatik zenbat salbatu ahal ditudan. Argi dago naturarekiko dugun loturarekin batera, arriskua ere badugula nekazariok».

Jasandakoa katastrofe bat bezala deklaratuko balitz, erakundeen aldetik laguntzak jasotzeko aukera gehiago izango lituzke San Sebastianek, ondorioei aurre egin, eta behintzat, galdutakoaren zati bat berreskuratzeko. «Jakitun dira gertatutakoaz, baina gurea ez dute sekulako hondamenditzat edo kaltetutako gunetzat hartzen». Orain, itxarotea besterik ez zaio geratzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!