Hasi dira Olentzerotan Jakinminez programa prestatzen

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 12a, 07:57

Altzon abenduan egin ohi dituzte ekitaldiak eta aurten hasiera dira jada, hitzorduak prestatzen; kokedamak egiten prestatzeko ikastaroa antolatu nahi dute abenduaren 13an.

Altzoko Udalean herritarrei zabaldutako ekitaldiak antolatzen jarraitzeko asmoa dute eta jada hainbat hitzordu finkatu dituzte. Abenduan gainera, Olentzerotan Jakinminez egin ohi dute, eta hori prestatzen hasiak dira. Ekitaldietako bat kokedamak egiten ikasteko tailerra izango da, eta abenduaren 13an egin nahi dute. Baina antolatzeko aurrez zenbat pertsonek parte hartuko duten jakin nahi dute. Tailerra egiteko gutxienez 6 pertsona behar dituzte eta izena azaroaren 16a bitarte eman ahal da, udaletxean. Abenduaren 13an izango litzateke tailerra, 10:00etan hasita, eta 50 euro ordaindu behar dira, nahi zeta udalak %30a ordainduko duen. Kokedamak landare apaingarriak egiteko teknika japoniar bat da, landareak buztin eta goroldiozko bola batean hazten direlarik. Tailerrean parte hartzen dutenek bi kokedama eramango dituzte etxera.

Olentzerotan Jakinminez programaz gain, datozen asteetan ere izango dituzte ekitaldiak Altzon. Batetik, Euskaraldiari lotutako formazio tailerra egingo dute. Azaroaren 12an egingo dute, 18:30ean, Batzarremuñon eta bertan ahobizi eta belarriprest rolen inguruko zalantzak argituko dituzte. 

Bestetik, Tolosaldea Garatzenek eskualdeko mugikortasunari buruz osatutako erakusketa egongo da ikusgai plazan, azaroaren 15a bitarte. Erakusketarekin eskualdeko mugikortasunari lotutako erronka nagusiak azaltzeaz gain, mugikortasun jasangarri bat sustatzen duten esperientziak eta praktika onak ezagutarazi nahi dituzte. 
Ekitaldi horiekin batera Altzoko Udalak jakinarazi du jubilatuen egunik ez dutela ospatuko aurten, COVID-19a dela eta. Eta memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean 36ko gerra eta Frankismoaren lehen aroa ikertu eta aztertu nahi dutela Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Hori dela eta, proiektua garatzeko lantalde bat osatu nahi dute «sortuko diren zereginei behar den bezala erantzuteko eta herritarrengana iristeko». Lantaldearen zereginetako bat izango litzateke, beraz, testigantza, argazki edota dokumentuak jasotzea. Lantaldeko partaide izan nahi dutenek udaletxean bertan eman dezakete horren berri. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!