«Ez dakit datorren urtean zerbait egongo den eta noiz hasiko diren»

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 10a, 11:59

Sei probatan parte hartu du Iñaki Olano mendi lasterkari altzotarrak aurten, hiru konfinamendu aurretik eta beste hirutan ondoren; azken hiruei dagokionez, gustura dago Canfranc-eko mendi maratoian lortu eta bizitakoaz

Martxoaren erdialdean konfinamendua iritsi aurretik, parte hartu zuen hiru mendi lasterketak irabazi zituen Iñaki Olanok (Altzo, 1988). Ondoren, ez du izan egutegi zabal bat, beste hiru probatan parte hartuz: Canfranc-eko mendi maratoian, Atsondoko Sorginen Lasterketan eta Ordiziako Mendi Maratoi Erdian.

Ez duzu aukerarik izan proba askotan parte hartzeko.

Konfinamendua eta gero hiru probatan parte hartu dut, eta aurtengoz gehiagotan ez dut parte hartuko, ez baitago aukera handirik egiteko, eta horrekin konformatu beharko gara. Urtea ilusioarekin hasi genuen, egutegi batekin, eta Espainia mailan hainbat probatan parte hartzeko asmoz. Konfinamendua etorri zen, eta gero egutegi guztia berrantolatu behar izan genuen. Ez zegoen ezer garbi, probak pixkana bertan behera geratzen zihoazen, eta pixka bat noraezean genbiltzan. Udan pixka bat lasaitu zen, edo hori saldu ziguten behintzat, eta irailean bi lasterketa nituen, bat Skyrun-ekoa Azkainen eta bestea Canfranc-en, maratoia egiteko. Beti izan dut gogoa maratoi hori egiteko, nahiko alpinoa da. Bata edo bestea egiteko zalantzan nengoen, baina azkenean Azkainekoa bertan behera geratu zen, eta orduan Canfranc-eko dortsala eskatu nuen. Ondoren Atsondoko Sorginen Lasterketa egin nuen, eta azkenik Ordiziako Mendi Maratoi Erdia.

Nola joan zen Canfranc-eko maratoia?

Zazpigarren postuan amaitu nuen, irabazlearengandik ordu erdi ingurura. Aurten maila handia zegoen, ez delako horrelako lasterketarik egin Espainia mailan. Jendea gogo handiarekin joan zen bertara. Ni konforme geratuko nintzen lehen hogei postuetan sartuta ere, beraz, zazpigarren egitea oso emaitza ona izan zen. Maratoiak egin ditut, Zegamakoa eta T3Tkoa, esaterako, baina aurrez ez nuen horrelako lasterketa gogorrik egin. Ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen, eta oso gustura geratu nintzen. Ez nuen nire buruarekin hainbeste konfiantza, eta hasieran lasaiago hartu nuen eta atzetik aurrerako lasterketa egin nuen. Gainera paraje zoragarriak, Pirinioetan, eta txoratzen geratu nintzen. Urte gogor honetan zerbait positiboa atera dugunean kirol arloan, oso gustura horrekin.

Eta ondoren erabaki zenuen Atsondoko Sorginen Lasterketara joatea.

Batere pretentsiorik gabe joan nintzen. Bezperan erabaki nuen joatea. Maratoi batek txinparta kentzen dizu, eta lasterketa hau guztiz kontrakoa zen, lasterketa azkarra baitzen. Selekziokideek animatu ninduten eta azkenean joan egin nintzen. Jendearekin egoteko joan nintzen, aurten ez dugu eta aukera handirik izan horretarako. Lasai hartu nuen, erritmoa hartzea kostatu zitzaidan, eta atzetik aurrerako lasterka izan zen. Bukaera aldera gehiago animatu nintzen, eta oso gustura amaitu nuen, zazpigarren eginez.

Azkenekoa Ordiziako Mendi Maratoi Erdia izan zen. Hor bigarren egin zenuen, baina erlojuaren kontra egindakoa izan zen, ezta?

Berez 30eko taldeetan atera ginen. Antolatzaileentzat aurreko postuetan izateko hautagai ginenak batera atera ginen, eta hortik bi minutura beste talde bat, eta horrela denak atera arte. Ni aurreneko taldean atera nintzen, baina gerora irabazi zuen Martien Diez segurarra beste talde batean. Ni lehena iritsi nintzen helmugara, Larraitzera, baina erlojuaren kontra ere bazenez, aukera zegoen beste talde bateko norbaitek denbora egitea. Azkenean nik baino zazpi segundo gutxiagotan egin zuen ibilbidea.

Mendi lasterketako euskal selekzioarekin aurten estreinatu zara. Pena ere izango duzu, justu urte berezi honetan izatea, eta kamiseta nahi baino gutxiagotan janztea.

Egutegi betea genuen, eta denak bertan behera geratzen joan dira. Baina, azkenean konfinamendu aurretik hiru lasterketa egin ditut, ondoren beste hiru, eta gustura egoteko moduan nago. Jendeari niri baino ondorio gogorragoak ekarri dizkio birus honek, eta ez gaude kexatzeko. Pena ere hor dago, selekzioan sartu garen urtea tokatu delako, baina kontziente izan behar dugu gurea afizioa dela eta egin ahal izan duguna hor dago.

Aurten ez duzue beste lasterketarik izango. Datorren urtea nola aurreikusten duzu?

Zalantza asko daude. Ez dakit zerbait egongo den eta noiz hasiko diren. Espainiako Federazioak orain gutxi publikatu du Koparen egutegia, apirilean hastekoa dena. Baina orain federazioaren hauteskundeak datoz eta izan daiteke horri begira egindako zerbait izatea; une honetan oso zaila da apirilean lasterketa bat egingo den ala ez jakitea, bai guk eta baita antolatzaileek ere. Goierritik antolatzen duten Ehunmilak proba garrantzitsua ez da datorren urtean ere egingo, eta ikusi egin beharko da Zegamako maratoiarekin eta Tolosan antolatzen diren T3T eta T2T probekin zer gertatuko den. Bestela, jarraituko dugu mendian korrika egiten, osasuna pixka bat mantentzeko eta gustatzen zaigulako.

Erlazionatuak

"Aurtengo denboraldia amaitutzat eman dut"

Tolosaldeko Ataria 2020 aza 20 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!