Herritarrek osatutako horma irudia

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko azaroaren 10a

Elkarbizitzarako horma irudia margotu dute Altzon, udalak sustatuta. Txitxi Orbegozo artista izan zen bultzatzailea edota udalari proposamena luzatu ziona. Ideia gustatu eta adin ezberdinetako herritarrak elkartzeko baliatu dute.

Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen ditu, eta hori baliatu dute frontoiko horma margotzeko. Altzoko herritarrek aukeratu dute bai horma, eta baita zer irudikatu ere.

Udaz geroztik eginiko hiru bileretan erabaki zuten zer nolako Altzo nahi duten, eta hori irudikatu nahi izan dute horman: feminista, aiton-amonak kontuan hartzen dituena, ingurugiroa zaintzen duena, askea, alaia, musika eta dantza falta ez dituena, bizia, anitza, integratzailea, euskalduna... Txitxi Orbegozoz gain, Eider Epelde herritarra ere aritu da lanean herritarren ideia eta irudiekin bozetoa osatuz.

Ikertze Kultur elkartearekin egin dute, Orbegozo bertako kidea delako, eta Ikertzeko teknikaria izan da herritarrekin eginiko bilera horiek gidatu dituena.

Urriaren 16tik 18ra bitartean margotu zuten herritarrek, artisten gidaritzapean. 40 bat herritarrek parte hartu zuten, margotzen edota bileretan parte hartuz. Herritarrek pintatu dute, eta pintura klase sakonak jaso dituztela aitortu dute udaletik, eta asko ikasi dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!