1936tik 1945era Altzon gertatu zena ikertuko du Aranzadik

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 29a, 14:59

36ko gerraren eta lehen frankismoaren «erradiografia» egingo du elkarteak eta Manu Olano eta Antton Iztueta herritarrek lagunduko dute ikerketan

Altzoko Udalak egia, justizia eta erreparazioa printzipioekin konpromiso irmoa du, eta beraz, Espainiako gerran eta lehen frankismoan, 1936tik 1945era, herrian gertatutakoen inguruan ikerketa sakon bat egiteko proiektua jarri du martxan.

Karmen Murua zinegotziak aipatu duenez, «oroimenaren erradiografia zabala» egingo dute. «Puzzlearen zati bakoitza, handia nahiz txikia, bere tokian jarri behar dugu». Udalaren ustez, herritarrek zer gertatu zen jakiteko eskubidea dute, errepresioa nola gauzatu zen, nork eta zergatik jasan zuten jakiteko eskubidea. «Euskaltzale izateagatik? Beste pentsamolde batekoa izateagatik? Galdera hauen erantzunak argitu nahi dira. Urte horietan hemengo bizimodua, frankismoa zer zen argi eta garbi azalduz, eskubide urraketa horiek jasan zituztenei egia aitortuz, justizia eginez, sufritutako minaren ordaina emanez», esan du Muruak.

Altzoko Udalari ikerketa hau egiteko proposamena, 2018ko urtekarian Manu Olano herritarrak idatzitako Ordeno y mando artikulutik tiraka etorri zitzaion. Aranzadi zientzia elkartera jo zuen Olanok informazio bila lana osatzeko. Bestalde, iazko udazkenean udalak Nafarroako Lizarraldera txangoa antolatu zuen, eta besteak beste, Sartaguda herria bisitatu zuten. Bertan, herriko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den elkarteko hainbat kideren eskutik, gerra hasi eta han bizi izan zituzten errepresio ekintzen berri izan zuten. «Gure herrian Sartagudan bezainbesteko bortizkeriarik izan ez bazen ere, seguruenik momentu latz eta ilunak bizi izango ziren. Sartagudan ikusi genuen zein inportantea den gertakizunen benetako errelatoa egitea».

Aranzadi zientzia elkartera jo dute lan hau burutzeko laguntza eske. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, herri handi eta txikietan aritzen dira antzeko ikerketak egiten. Javi Buces Aranzadiko kideak Altzoko udalari eskerrak eman dizkio, zientzia elkartean jarritako «konfiantzagatik».

Ikerlariak nabarmendu du Aranzadiren egitekoa egia ikertzea izango dela, «egia jakin gabe, beste printzipioak, justizia eta erreparazioa, ezin baitira bete». Altzon errepresioa zeinek sufritu zuen jakitea eta giza eskubideen urraketa nagusiak ikertzea izango da Aranzadiren lana Bucesen esanetan: «Handik aurrera, behin datu guztiak bilduta, justizia eskatzea eta erreparazio ekitaldiak antolatzea, udalaren edo herritarren ardura izango da».

Herritarren ekarpena

Aranzadi zientzia elkarteak ikerketa lana burutzeko hainbat artxibo kontsultatuko ditu: tokikoak, Euskal Herri mailakoak eta baita estatukoak ere. «36ko gerra nola gauzatu zen, gutxi asko, ezaguna da, badakigu nondik sartu ziren frankistak eta non izan ziren borroka nagusiak. Aspalditik ezagutzen dugu hori. Orain zeinek sufritu zuen jakitea dagokigu, izen abizenekin», esan du Bucesek.

Baina dena ez dago artxiboetan. Argazki osatua egin ahal izateko, herriz herri testigantzak jaso eta dokumentazio bilketa egiten dute Aranzadikoek. Manu Olano eta Antton Iztueta herritarren laguntza izango dute horretarako. Udalak bereziki eskertu nahi izan die bi lagun hauei herriko historia hobeto ezagutzeko egingo duten ekarpena eta horretarako hartu duten konpromisoa.

«Berandu gabiltza, dagoeneko urte asko pasatu direlako eta orduko testigantzak eman ditzaketen asko jadanik joan zaizkigulako», esan du Muruak. Laster Oroimen bulegoa zabalduko du udalak, herritarrek bertan informazio eman eta jaso ahal izan dezaten. Bitartean honako helbidea eman du Bucesek interesa duten herritarrentzat: memoria@aranzadi.eus helbidea. Muruak, bukatzeko, altzotarrei lankidetza eskatu die: «Herritarren laguntza ezinbestekoa da, gure iraganaz, gure herriaz, gure jendeaz ari gara. Hainbeste zor diegu».   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!