HITZEZ HITZ

Hizkuntza eta pentsamendua

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Manuel Odriozola 2020ko eka. 26a, 19:58

Ez dakit irakurleak inoiz era honetako solasaldirik izan duen inorekin: Nola pentsatzen dugu?, Hizkuntzari esker?, Hizkuntzarik gabe? Eta galdera hauen inguruan izandako iritzi-trukean jendearen erantzunak harridurarik sortu dizuen. Nire esperientziak esaten dit ez dela batere ohikoa gai hau hizpide hartzea, eta erantzunetan buru hainbat aburu agertzen direla. Ez da hori Steven Pinker-en iritzia: «Jendeak hizkuntzarekiko sentitzen duena jakin-mina baino gehiago da; benetako pasioa». Hizkuntza-sena liburuaren egileak jendearen jakin-mina gisa honetan azaltzen du: «Jendeak hizkuntzari buruz ikasi nahi du, ezagutza horrek gizatasunaz argibideak emango dizkion itxaropena daukalako».

Jende askoren ustea da badela hizkuntzarik gabeko pentsamendurik. Animalien komunikazio gaitasuna aipatuko dizute, edo hizkuntza ikasi aurreko umearen zezelkako jarduna, edo zenbait sentimendu eta arte plastikoen adierazpide mutua. Koldo Mitxelenaren ustez, ordea, nekez pentsa dezakegu hitzik gabe: «Ez dago esaterik hizkuntza pentsamenduaren adierazpidea denik, edota hizkuntza pentsamenduaren zerbitzurako denik, besterik gabe, hizkuntza eta pentsamendua ezin askaturik baitaude lotuak; eta horrexegatik beragatik ere ezin esan daiteke hizkuntza gabe giza pentsamendurik dagokeenik».

Jende askoren ustea da badela hizkuntzarik gabeko pentsamendurik


Norberaren inkesta pertsonalekin jarraituz, jendeari zein hizkuntzatan pentsatzen duen galdetuz gero, aurrez adierazi duen iritziaren kontrako zerbait erantzun diezazuke. Alegia, hizkuntzarik gabe pentsa dezakegula esan dizun horrek berorrek inolako zalantzarik gabe erantzun hau eman dezake: «Nik euskaraz pentsatzen dut», edo «Nik erdaraz pentsatzen dut», elebidun izatearen oreka-desoreka kontuak direla-eta. Badirudi bigarren galdera honetan ez duela zalantzan jarri hizkuntzaren ezinbestekotasuna pentsamenduaren sorkuntzan eta adierazpidean. Erraz jabetzen da bere pentsamenduaren iturri nagusia zein hizkuntza den, balizko elebidun orekatuen kasuan izan ezik.

Baina, pentsatu, hizkuntza jakin batean pentsatzen ote dugu? Berriz ere Pinker-en iritzi bila noa: «Jendeak ez du ingelesez, euskaraz, txineraz edo apatxez pentsatzen; pentsamenduaren hizkuntza batez pentsatzen du». Zer ote da pentsamenduaren hizkuntza mental hori, hizkuntza zehatz eta jakin bat ez baldin bada? Hara: «Hizkuntza, lehenago esan dudan bezala, unibertsala da giza elkarteetan, eta, dakigunez, hala izan da gure espeziaren historia osoan. Hizkuntzak elkarren artean ulertezinak izan arren, azaleko aldagarritasun horren azpian Gramatika Unibertsalaren diseinu konputazional bakarra dago, bere izen eta aditzekin, sintagma-egitura eta hitz-egiturekin, kasu eta aditz laguntzaile eta abarrekin».

Hiztunaren eraikuntza soziolinguistikoa hizkuntza zehatz eta konkretu batean mamitzen den sozializazioari zor diogu


Zertan gabiltza gu euskaren aldeko borroka galdu hauetan, azken beltzean, gure pentsamenduaren errota hizkuntza unibertsal abstraktu bat baldin bada? Euskararen garrantzia aipatzerakoan, besteak beste, euskaraz jarduteak sortzen duen nortasun, identitate eta kultura nabarmentzen ditugu euskaltzaleok. Baina euskaraz pentsatzen ez badugu, zertan gabiltza? Nire erantzuna jakin nahi baduzue, honatx: Pinker oker dagoela esango nuke, eta hiztunaren (euskaldunaren, espainiarraren, frantziarraren…) eraikuntza soziolinguistikoa hizkuntza zehatz eta konkretu batean mamitzen den sozializazioari zor diogula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!