Egoerari aurre eginez, Altzon kultur ekitaldiak egingo dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 25a, 19:58

Altzoko festak bertan behera geratu diren arren, Altzoko Udaleko Festa eta Kultura batzordeak, Talde Feministarekin batera, Uda Giro egitaraua antolatu du.

Altzoko herriak ez ditu San Inazio jaiak beste urteetan bezala ospatuko, baina ekitaldi ugari antolatu dituzte uztaila eta abuzturako. Altzoko Udaleko Festa eta Kultura batzordeak eta Altzoko Talde Feministak elkarlanean osatu dute egitaraua, Uda Giro izenpean. San Joan bezperako bertso saioa, sua eta dantzarekin eman zioten hasiera egitarauari, eta antzerki, bertso saio, mendi irteera edota dantza ikuskizunak izango dituzte.

Igandean emango diete jarraipena ekitaldiei Esnatu naiz antzezlanarekin. Antolatzaileek aldez aurretik jakinarazi dute, sarrera mugatua izango den ekitaldietarako sarrerak erosi beharko direla, eta jakinaraziko dute non eta noiz erosi beharko diren. Horrez gain, mezu garbia utzi dute: «Ekitaldi guztietara maskara ekarri beharko da, eta unean uneko segurtasun neurriak bete beharko dira».

Festetako gosea asetzeko, hiru egunetan banatu dituzte ekitaldiak, eta musika, dantza eta bertsoak izango dituzte altzotarrek. Horrez gain, abuztuko azken astean, herritar bakoitzak bere erretratua ateratzeko aukera izango du Nomada Studioko kideen eskutik. Eta ikasturte hasieran, irailaren 18a markatu dute kolore gorriz. Amak taldeak bere ikuskizuna eskainiko du Altzon. Maixa Lizarribar herritarra da taldeko kideetako bat. Hori bai, kontzertuaren tokia eta ordua zehaztu gabe dituzte. 

UDAGIRO

Ekainak 28, igandea

18:00. Esnatu naiz antzerki emanaldia, Batzarremuñon. LGTBIQ+ eguna, Altzoko talde feministak eta udaleko Berdintasun Sailak antolatuta.

Uztailak 3, ostirala

19:00. Urtekariaren aurkezpena, Batzarremuñon.

Uztailak 7, asteartea

San Fermin eguna izanik, Azkaratera irteera egingo dute.

Uztailak 11, larunbata

17:00. Irene Caminosen eskutik trial bizikletarekin erakustaldia izango da.

Ondoren. Kirolariak berak eramango dituen bizikletekin ume eta nerabeentzako jolasak.

Uztailak 30, osteguna

12:00. Loatzoko trikitilariak herrian zehar ibiliko dira.

19:00. Errimak bi oinetan dantza ikuskizuna, Haatik Dantza Konpainiaren eskutik .

Uztailak 31, ostirala

San Inazio eguna

Goiz eresia herriko txistulariekin.

19:00. Bertso jaialdia. Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Eli Pagola. Gai jartzailea: Manu Olano.

Abuztuak 1, larunbata

12:30. Artea dantza taldearen ikuskizuna.

Abuztuak 25-31

17:00. Nomada Studio, Erretratu Nomada. Nomada Studioko Eli eta Carlos argazkilariek bisita egingo diote Altzori autokarabanan, herritar bakoitzari erretratu bana egiteko asmoz. Parte hartzaile bakoitzari erretratu profesional bat oparituko zaio.

Irailak 18, ostirala

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solanoren Amak taldearen kontzertua izango da. Ordua eta lekua momentuz zehazteke daude.

Oharra: Ikuskizunetako sarrerak mugatuak izango dira, eta aldez aurretik jakinaraziko da sarrerak non eta nola eskuratu daitezkeen. Ekitaldi guztietara maskara eraman beharko da eta unean uneko baldintzek eskatzen dituzten segurtasun neurriak bete beharko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!