"Oinarrian sukaldaritza guztiz tradizionala izango du"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 4a, 13:00

Altzoko Ostatuko arduradun berria da Jokin Zabala sukaldaria. Koronabirusa  jatetxea ireki eta lehen astean iritsi zen, eta itxi egin behar izan zuen, baina berriz ekin dio lanari. 

Altzoko Ostatuaren ardura hartu du Alegian bizi den, eta billabonatarra den Jokin Zabalak. Ibilbide oparoa du egina sukaldaritzan, eta ilusioz hasi du Altzoko proiektua. Hasieratik herritarrek erantzun «oso ona» eman diotela aitortu du. Orain, joan nahi izatera, erreserba egitea komeni da.

Martxo hasieran hartu zenuen ostatuaren ardura, baina koronabirusak behar bezalako hasiera oztopatu dizu.

Horrela izan zen. Inaugurazioa egin eta martxoaren 7an jarri genuen martxan, eta 14an utzi egin behar izan genuen.

Nola eragin dizue?

Astebete bakarrik egin genuen, baina oso ondo hasi ginen. Lana ondo zihoan, eta oraingo hasiera guztiz ezberdina izan da. Mugak ditugu zerbitzua eskaintzeko, baina zortea dugu altzotarrekin eta inguruko herrietako jendearekin. Oso ondo ari dira portatzen gurekin. Pixkana hasi gara lanean.

Nolakoa izan da berriz martxan jartzea?

Pixkanaka joan gara. Lehendabizi terrazarekin bakarrik hasi ginen, eta orain jada jatetxearekin ere hasita gaude.

Hamar urterako kontratua egin duzu Altzoko Udalarekin. Gogotsu zaude?

Bai. Bi urte izango dira proiektu honen zain nengoela. Ilusio handiarekin eta gogoarekin. Lekua zoragarria da, eta aukera asko ditu.

Ezagutzen zenuen aldez aurretik?

Bai. Gaur egun Alegian bizi naiz, eta horregatik ilusio bikoitza nuen.

Zer eskaini nahiko zenuke?

Altzoko Ostatuak hiru zutabe dituela esan beharra dago. Bat da taberna eta jatetxea, eta gero bertako produktuen salmenta eta informazio turistikoaren puntua daude. Oraingoz, poliki bada ere, terraza eta jatetxearekin hasi gara. Ea laster hasteko moduan garen bertako produktuak diren esneki eta baratzeko produktuekin. Puntu turistikoarena murriztuta dago, oraingoz. Guk bultzada bat eman nahi diogu, probintziako jendeak eta baita kanpotik datozenek ere Altzo ezagutu dezaten.

Eta zein aukera izango dituzue?

Astean zehar eguneko menua eskainiko dugu, eta asteburuetan menuaz gain karta ere izango da. Karta oraingoz ez dugu, %50arekin baino ezin dugu lan egin, eta pixkana goaz. Tabernan, terrazan eta jangelan plater konbinatuak, anoak eta ogitartekoak jateko aukera dago. Zabala da eskaintza, baina poliki joan nahi dugu zabaltzen.

Eta zein motatako sukaldaritza dastatu ahalko da?

Nahasketa bat izango da, baina oinarrian sukaldaritza guztiz tradizionala du. Platerean aurkezterakoan osagai batzuk originalak eta landutakoak izango dira.

Orain erdiarekin ari zarete. Jangelak zenbatentzako lekua eskaintzen du?

50 pertsonentzako tokia du, eta orain erdiari bakarrik eman ahal diogu zerbitzu. Tabernan ere bada aukera, berez bost mahai ditu, baina orain bi.

Eginak dituzu sukaldaritza ikasketak.

Bai, hori da nire alorra. Bertako produktuekin lan egin nahi dut, eta azken finean, ahalik eta ondoen kozinatu.

Ibilbidea egina duen sukaldaria zara, gainera.

Bai, duela 30 urte hasi nintzen. Donostiako eskolan ikasi nuen, eta zortea izan dut. Leku askotan aritu naiz lanean, eta esperientzia handituz joan naiz. Betidanik gustatu izan zait sukaldaritza, pasioz bizi dut. Bidea samurra izan da, eta disfrutatuz egin dut.

Nolatan heldu zenion sukaldaritzari?

Donostian Ekonomia eta Enpresa ikasketak egiten ari nintzen, eta sentitzen nuen ez zela guztiz nik nahi nuena. Halako batean sukaldaritzako eskolara inguratu nintzen, eta aukerak nituela ikusi nuen eta eginiko ikasgai askok balio zidatela. Interesgarria iruditu zitzaidan eta aldatu egin nuen ikasketez, eta hortxe piztu zitzaidan harra.

Gero praktikak egin beharko zenituen...

Bai, eta zorte izugarria izan dut. Lehenengo praktikak egitera Zuberoa jatetxera joan nintzen, eta bertan Hilario, Joxe Mari eta Eusebio Arbelaitz anaiekin egon nintzen urte luze batez. Oso-oso gustura. Bertan ikusi nuen Hilario Arbelaitzek zein tratamendu ematen dien bai jakiei eta baita profesioari ere. Liluratuta geratu nintzen. Hortik aurrera ikasten jarraitzea izan zen nire asmoa.

Eta nondik ibili zara?

Zuberoatik Arzak jatetxera joan nintzen, eta jarraian Guardian aritu nintzen. Gero Frantziara egin nuen salto, Marsella eta Kosta Urdina ingurura, eta hiru urtez Parisen ere aritu nintzen. Iruñera bueltatu nintzen ondoren, hiru bat urterako, eta gero Madrilen aritu nintzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!