Guztiok dakigu neurri honek kontsumoa baino ez duela helburu, baina, argudioak argudio; niri nire aulkia eta nire zerbeza ez diezazkidatela kendu. Tira, horrela behintzat, gazte giroan egoteko aukera zabaltzen da. 33 urte, eta bi hilabete gurasoen etxean egoteak ez du bat bereziki oso ondo sentiarazten.
Karrera amaitu baino lehen esaten zidaten nik amaitzerako askok hartuko zutela erretiroa, ikasteko hizkuntzak, joateko atzerrira, egiteko masterra, lanerako prestu agertzeko, beharrezkoa bazen, ikasten nenbilen bitartean xoxa batzuk ateratzen lagunduko zidan lanen bat aurkitzeko, eta aizu, gutxi ateratzen banuen oraindik titulurik ez nuelako zela; edo esperientzia gabea, edo gaztea, edo emakumea...
Sekula ez zidaten esan hamarkada exkax batean bi krisialdi biziko nituela, formatuta, oso formatuta eta ondo formatuta egoteak ez zuela prexixo lan duin bat ziurtatuko, batzuetan lanik gabe eta besteetan lanez gainezka aurkitzea ohikoa zela, nire lagunetako edonork etxebizitza propio bat izateko eskubidea hain urrun ikusiko zutela, eta abar luze bat.
Hala ere, udaberriko loreei ohi baino dirdira bereziagoa ikusten diet, tximeleten koloreek bereziki liluratzen naute eta oraindik ikusi ezin izan ditudan lagun eta familiakoak ikusteko irrikak bular artean daukadan korapiloa zertxobait askatzen laguntzen dit.
Baina, geldi. Jada ez naiz soilik udaberriak duen liluraz konformatuko. Ez naiz gazteak ederki bizi garela esaten duten hitzen aurrean irribarretsu azalduko
Baina, geldi. Jada ez naiz soilik udaberriak duen liluraz konformatuko. Ez naiz gazteak ederki bizi garela esaten duten hitzen aurrean irribarretsu azalduko. Bietako bat: edo besoak gurutzatuta gaude, edo tarteka auskalo zenbat trikimailuren bidez bidea hesi batekin itxi digutela iruditzen zait. Eta ez dut uste soilik Covid19-a denik honen errudun. Agian honen aurretik ere merezi genituen gauza asko lapurtu zizkiguten. Hori bai, oraingo bideak zirrikitu txikiagoa eta kolore ilunagoa duela jada jabetu naiz. Gazteak: atzera goaz, aurrera ez bagoaz…