Altzon etxebizitza tasatuak egingo dituzte, eta izena eman behar da

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko martxoaren 4a

Martxoaren 18a baino lehen Altzoko udaletxean eman behar dute izena etxebizitzan interesa dutenek; obrak udan hastea aurreikusten dute, eta 2021eko udarako amaitzea.

Altzoko Udalak Altzo Muñon egingo diren sei etxebizitza tasatuetan interesa dutenei izena emateko epea zabaldu die. Dagoeneko martxan jarria dute bigarren promozioa, eta obrak udan hastea aurreikusten dute.

Udalak sei etxebizitza tasaturen adjudikazioa egin dezan nahitaezkoa da izena ematea. Martxoaren 18an, 14:00etan, bukatuko da apuntatzeko epea. Altzotarrez gain, edozein herritarrek eman dezake izena. Izena ematerakoan ondorengo agiriak aurkeztu beharko dira: eskaera egin beharko da; zinpeko aitorpena onartu beharko da ordenantza ezagutzen dela, ontzat ematen dela, eta bertako baldintzak betetzen direla eta beteko direla aitortuz; eta errolda historikoa eta 2018. urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko dira.

LEHENTASUNA, ALTZOTARREK

Altzo Muñon egin zen azken etxebizitzaren antzeko ezaugarriak izango ditu orain eraikiko denak, eta Altzoko udal etxebizitza tasatuak arautzeko udal ordenantzan jasota daude. 2012-03-30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta baldintza guztiak bertan agertzen dira.

Herri mailan, tarteka, herritarrei galdetzeko ohitura duela adierazi du udalak etxebizitzetan interesaturik ba ote den jakiteko. Udazkenean lau interesatu egon litezkeela ikusi zuten, eta martxan jarri dute proiektua. Lehentasuna izango dute herritarrek eta zozketa bidez banatuko dira. Baina, altzotarrekin guztiak osatuko ez balira, lehentasunen hurrenkera hau jarraituko lukete zozketarako: Altzon erroldatuak azken bi urteetan, Altzon erroldatuak, Tolosaldean erroldatuak eta bestelako pertsona fisikoak.

Lehen izen emate honetan etxebizitza guztiak ez balira beteko, etxebizitza eskatzeko epea beti irekita egongo litzateke udaletxean. Obrak 2021eko udarako bukatzea espero dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!