Altzoko eskolak 350 euro lortu ditu Tolosaldea Sahararekin elkartearentzat

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abenduaren 20a

Altzoko eskolak hilabete hasieran azokan postua jarri zuen, eta 350 euro bildu zituen Tolosaldea Sahararekin elkarteari emateko.

Gaur, Altzoko haurrek lehenik eta behin Olentzeroren bisita jaso dute, eta gero egin dute ekitalditxoa. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea den Gregorio Eizagirre joan da eskolara bertara, ikasleen eskutik, dirua jasotzeko.

Eskerrak eman dizkie guztiei, eta diru horri esker, Saharako haur baten bidaiaren erdia ordaindu ahal izango dutela adierazi die ikasle eta irakasleei. Eizagirrek, Saharatik ekarri berria den Saharako bandera oparitu die Altzoko eskolako kideei, eta gauza bat eskatu die: "Otsailaren 27an da Saharako aberriaren eguna, eta sarreran edo ea jartzen duzuen gogoratzeko Sahararen aberriaren eguna dela".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!